Iruñeko sanferminetako kopuruetara iritsi gabe, baina asko dira baita ere Lesakako jaietaz gozatzera Bortzirietako herri honetara hurbiltzen direnak. Horregatik, besta batzordeak hainbat ohar kaleratu ditu herritarrei zein kanpotarrei jai ekitaldietan parte hartzera animatzeko. Hori bai, elkarren arteko errespetua eta herria zaintzeko deia ere egin du eta, bereziki, aniztasuna errespetatzen dituen jaien aldeko aldarria egin du, «inolako diskriminazio eta erasorik gabeko bestak» izan daitezen. Zentzu horretan, informazioa eta arreta eskaintzeko puntu moreak zabalduko dira ostiralean eta larunbatean Albistur kaleko Eskol Ttikin, eta telefono bidezko arreta zerbitzua ere eskainiko da 722 467 197 zenbakian.
Bestalde, herriguneko lorategi eta berdeguneetan akanpatzea debekatuta egonen dela gogorarazi du besta batzordeak, eta baso erabilgarriak erabiltzeko deia ere egin du, baita pirotekina saihesteko deia ere. Azkenik, jaietan xuri gorriz janztera animatu ditu herritarrak eta Lesaka euskaraz bizi den herria dela ere gogorarazi du.
Egitarauari dagokionez, jai hasierako txupinazoa larunbata eguerdiko 12.00etan botako dute (uztailak 6) eta jarraian txistulariak, soinulariak, trikitilariak, txaranga eta haur ttikien danborrada irtengo dira. Iluntzeko 20.00etan, aldiz, danborrada nagusia abiatuko da erraldoi eta buruhaundien konpartsa, danbor-jole eta herriko bandak lagunduta, eta eguna amaitzeko Trikidantz eta Endara DJaren emanaldiak izango dira plaza zaharrean.
Igandean (uztailak 7) Fermin Donearen egun handia ospatuko dute goizeko meza eta prozesioarekin. Ondoren, ohikoa den moduan, Onin errekaren bi aldeetan Zubigainekoa izeneko dantza ezaguna eskainiko dute herriko dantzariek eta, jarraian, Bandera-arbola doinuari dagokion ikurrin-agurra egingo dute zubi gainean. Arratsaldean, bezperak, dantzariak, bertsolariak, larrain dantza eta Eztitan taldearekin dantzaldia izango dira.
Astelehenean (uztailak 8) peñen eguna ospatuko dute, asteartean (uztailak 9) haurren eguna eta asteazkenean (uztailak 10) herritarren eguna. Azken egun honetan, ez dira faltako betizuak, herri bazkaria edota Bankako Menditarrak zein Puro Relajo taldeen emanaldiak.
Lesakako jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Lesakako Jai Batzordea, Arrano Ostatua.