Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Euskal taldeentzat justiziarik ez BBK Liven bigarren egunean

Euria protagonista izan da ostiral goizean Bilbo eta inguruetan eta erlojuaren aurka aritu dira elektrikariak Kobetamendiko eremua zabaldu aurretik BBK Liven bigarren egunean. Lortu dute dena txukun jartzea, ur putzuak ez zirelako gutxi Bilboko mendian. Askori igotzeko nagia eragin dio zeru grisak.

Silitia bikoaren estetika zoragarri eta ausartak alaitu ditu lehen orduak BBK Liven.
Silitia bikoaren estetika zoragarri eta ausartak alaitu ditu lehen orduak BBK Liven. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

EZEZEZ eta Silitia izan dira ostiralekoan jaialdiari hasiera eman behar zieten bi taldeak. Batzuk estreinako aldia zuten eta, besteek, bigarrena, aurretik Gaztea maketa lehiaketa irabazi izanagatik bertan jotzeko saria eskuratu zutelako duela urte batzuk. Gaurkoan, beren azken diskoa aurkezteko aukera izan dute Xabier Barrutia eta Ibai Silicatok. Askotan diogu merezi ez duten orduetan aritzea egokitzen zaiela batzuei eta hau da bizkaitarren kasua. Eguraldi zalantzatiak publikoa beranduago erakarri du Kobetamendira eta ikusle askorik gabe hasi dira beren emanaldiarekin. Etxeko eta lagunak tartean.

Introa eta bisualak barrura. Deseroso sentiarazten zuen soinu eta erritmoz betetako intro bat, beren estetika bereziarekin. Mexikar trabestituak ziruditen eta abesterakoan Silicatok jota abeslari baten postura hartu du lehen abestian. Barrutiak baxua hartu eta programazioek egin dute gainerakoa. Proposamen arriskatu bezain dibertigarria da berena, festa hasiera borobila izan da Beefeater karpan. Martin de Marteko kideak ere gerturatu dira babesa ematera, haietako bat Bengoetxea VI.ez jantzita, gainera. Akaso hark ere gozatuko zuen Kobetamendiko negutegiko raveaz. Diskoan bezain fidela da soinua Silitiaren zuzenekoan, ‘disfrutoi’ izango litzateke gehien egokitzen zaien adjektiboa. Publikoan ere aniztasuna nagusi, izpiritu punkeko jendea, LGTBIQ+ komunitatekoak, helduagoak, gazteagoak... Kartelen bat ere atera du zaleren batek.

Erritmo frenetikoa, BPM altuak, bonboa topera eta gorputza dardara batean eduki dugu kontzertu guztian. Iaz esaten genuen ‘Hiru ate’ urteko euskarazko abestia zela MusikHaria saioan, eta zuzenean baieztatu egin dute hori gaurkoan. Atzetik disko berria izango denaren abesti bat aurkeztu dute, bortitz entzuten zena urrunera, bagindoazelako dagoneko. Ikasturte berriarekin etorriko da lana gero baieztatu digutenez.

Baina besteak ere entzun nahi genituen eta lohizunean barna San Miguel oholtzara mugitu gara. EZEZEZ taldekoek ere disko berria aurkezten baitzuten. Musika dantzagarria egiten dute, freskoa. ‘Dutxita’ hartzeko beldurrik bazen, baina euriak guztia errespetatu du San Miguel oholtzan.

Amoranteren tronpeta soinuak ziruditenak entzunaz iritsi gara, pantaila handian Unai Madariaga aurpegia margotuta eta ‘Txakurtxo’ izan zitekeena zeraman kamiseta bat soinean zuela. ‘Eskerrik asko etortzeko’ jartzen zuen aurrealdean eta ‘Irailak 19 Kafe Antzokia’ atzeko aldean. Promo ibiltaria. Aipatu ‘Dutxita’ izan da entzun genuen lehen abestia, surf ukitua duena, NAIZ Irratiko uhinetan estreinatu zutena. Hauen kasuan ere publiko gutxiegi zegoen ordea oholtzaren bueltan, pena. Euskal taldeentzat justiziarik ez gaurkoan. Hala ere Unai pozik zen, konforme, «zenbat jende ikusten den» esan baitu. Horrek balio du, artista pozik egotea da halakoetan garrantzitsuena.

Gure eszenan dugun proposamen freskoenetako bat da ezbairik gabe. Cher abeslariaren ‘Believe’ balada bihurtu eta aurkeztu dute beren abestien artean, proposamen ausarta eta berezia. Hori bai, minutu bateko moldaketan, EZEZEZ estiloan. Bi diskoetako kantuak jo dituzte eta pogo txikiren bat ere sortu da uneren batean. ‘Marmitako’ kantu dantzagarria izan da entzun dugun azkena, publikoak ongi abestu duena. Beste talde bat zuzenekoan diskoa bikain defendatzen. Ezin hobeto hasi dugu ostirala!

STR taldearen apustua

Firestone oholtzara joan gara segidan, STR ere hasia baitzen beren emanaldiarekin. Musika urbanoa, funkya... Beste kontu bat. Sarreran egoteak laguntzen du beti ere jendetxo bat elkartzen, baina esan dugun moduan, eguraldiak zalantzatien etorrera berandutu du.

Bederatzikotea oholtzan, haize sekzioan saxo baritonoa, tenorea, tronpeta eta tronboia. Bateria, sinteak, gutarra, baxua, eta beste bi abeslari. Apustu serioa inondik ere bizkaitarrena. Okasio berezia izan da eta horregatik ekarri dute haize sekzioa Kobetamendira. Taldekide izandako Aritz Mendiola publikoan zen kantu denak abesten, 92ko Tourreko zira soinean zuela Synthetika Kolektiboko lagunekin.

Instrumentu aldaketak, abeslari aldaketak, estilo aldaketak, oso dinamikoa izan da emanaldia. ‘Maitasunaren mina’ eta ‘Galdu ez baduzu’ azken bi kantuak. Danae Riañok azken abestian egin duen lana nabarmentzekoa, baxua gisa horretan jo, abestu eta dantzatu, dena egiten baitu. Kantu hau hit bat da ezbairik gabe. Baina azken sorpresa bat zuten gordeta, ‘Zai’ kantua falta zen, eta Mendiola oholtzara igo da. STRk abesti honen bueltan egin zuen lan osoa sekulakoa izan zen garaian: bideoklipa, webgunea, euskal artisten kolaborazioa… Zuzenean beste estilo bat hartu du gaur abestiak, urbanoa zuzenekoetara eta bateriaz janztean gertatzen diren kontuak.

Melenas ere bikain

Nagusia oholtzan eguneko lehen taldea ere Euskal Herritarra izan da, Melenas emakume talde iruindarra. Sanferminetako ajerik ez itxuraz, nahiz eta hilaren bederatzian zer ospaturik izango zuten ziur. Elkarrengandik gertu agertu dira oholtzaren erdi-erdian, argi diseinu handiegirik gabe, musikak hitz egin dezala beren emanaldiaz. ‘Ahora’ diskoa aurkezten izan dira BBK Liven, iaz urtea bukatzerako atera zutena. Euria eta guzti bertaratu direnei eskerrak eman dizkie Oihana Herrerok. Pozik zen kontzertuaren ostean ere. Mushroom Pillow zigiluarekin dabiltza eta disko honekin ere Europa zeharkatu dute dagoeneko. Baina gaur Bilboko lagunen aurrean ari ziren eta hori beti da berezia.

‘Flor de la frontera’ kantu tribalak euri dantza bat zirudien, eskerrak ez duela efektu hori lortu, jende dezente baitzuten aurrean. Sinteak, pedalak, efektuak, teknikariaren lanak ere fina behar du izan kantuak diskoan diren antzera entzuteko, eta lortu dute, beti ere erraza ez den jaialdi bateko eremu nagusian. ‘Bang’ hipnotikoa izan da horren adibide garbienetako bat. Udazkenean berriz ere mundutik bueltaka ibiliko dira iruindarrak, nahiz eta, esan digutenez, uztailaren 9ko Iruñeko Gaztelu plazako emanaldia ez duten berehalakoan ahaztuko.

Irratirako elkarrizketen tartea bete dugu horren ostean eta Khruangbin taldearen emanaldira iritsi gara egunkarirako azken lerroak idazteko. Gustu handiko musika, jazza, funkya, reggaea, afrobeata... Baxuaren sakontasuna, gitarraren chorusa eta bateriaren groovea, abeslari gozoek koloreztatuta. Halako doinuen nahasketa itzelarekin iritsi da iluntzera BBK Live, jendez pixkanaka betetzen zihoan heinean.

Parcels eta Pla

Parcelsek txiki utzi du San Miguel gunea. Badakigu nora zihoan gurutzatu dugun jende andana hori guztia. Piano eta gitarra soinuekin ekin diote emanaldiari, dantzagarria den zerbaiten aurrean ginen argi eta garbi. Argitsua, alaia, bibrazio onak. Atzetik baxu lodi lodia eta funkya nagusi. Jendea lasterka haiek ikustera. Eguneko betekadarik handiena jendez, ezbairik gabe.

Halakoetan korrontearen kontrara joatea atsegin dugunez, Albert Plaren emanaldira zuzendu ditugu oinak. Publiko beteranoagoa zen negutegian, eta «Sálvese quien pueda» abestuz hartu gaitu Plak, Antonia Font kantuarekin. Publikoarekin segituan egin du konexioa. Bera bakarrik agertu den arren, Judith Farres aurkeztu du segidan eta kontua aldatuz hasi da. Ana Brenes aurkeztu du gero eta Cristina Lopez ere bai, koristak, eta baita Belen Marti dantzaria ere. Azkena Diego Montes gitarra-jotzailea izan da oholtzara igotzen. Taldekideak banaka sartu baitira eta segituan a zer nolako festa antolatu duten.

Antzerkia, rumba, umorea eta elektronika. ‘Marcelino Arroyo del Charco’ horren adibide nahikoa nabarmena izan da. Berriz ere atzeko irudiak zeinen ongi erabilita egon diren emanaldi honetarako ere. Aurten maila altuagoa ari dira izaten oholtzen atzeko aldean ikusten ari garen ikus entzunezkoek. Enrique Iglesiasen ‘Experiencia religiosa’ jotzean lehenengoz goia jo du kontzertuak. Teknikoki arazotxoren bat izan dute hasiera horretan, akople desatseginak, baina konpondu dituzte. Lou Reeden ‘Walking the wild side’ kantu mitikoaren bertsioa, letra moldatuta, etorri da gero eta karpa osoa kantari jarri dute Plak eta konpainiak. Segidan, hirugarren bertsio bat, Extremoduroren Pepe Botika. Bere unibertsora eraman dituen abestiak dira guztiak ere, ereserki bilakatuta. Jeanetten ‘Soy rebelde’ ere etorri da, nola ez. Denak abesten jarri ditu beste behin taldeak, bertsioa oso 60etara bideratutakoa izan da oraingoan, bukaera rumberoarekin. Zuri beltzeko irudiz lagunduta, La2eko logoa ere agertu da pantailan, keinua kultura zaintzen duen medioari. 

Diego Cortesen gitarraz gozatzeko tartea zabaldu da ondoren, flamenko abestien nahasketa maisuki jo baitu. Zoragarria izan da zortzi bat minutu iraun duen momentua, eta ez du hutsik egin Paco de Luciaren ‘Entre dos aguas’-ek jotako abestien artean.

Bere abesti propioak askoz ere performatiboagoak direla konturatu gara eta, konturatzerako, etorri da ‘Veintegenarios’, garaian Fermin Muguruza eta Joseba Tapiarekin ere jo zuena, orain rumba elektronikoa dena. Publikokeok saltoka eta abesten bukatu dute kontzertua. Baita oholtzan ere, zeinen ondo pasarazi diguten eta zenbat disfrutatu duten haiek ere.

Gauari segida Grace Jonesek

Festa egiteko bi modu zeharo desberdin izan ditugu afalorduan, baina Kobetamendi dantzan izan da ordu eta erdiz Grace Jones iritsi bitartean. Berandu hasi da Jones, oso berandu. Orduerdiko atzerapena izan du. Studio 54ko kide entzutetsua teloi beltza askatu orduko ikusi dugu, intro oso luze baten ostean. Iggy Popen ‘Nightclubbing’ abesten hasi da; beltzez jantzita, body bat, saretutako galtzerdi luzeak, belaunetarainoko botak, kapa luze bat, eskularruak eta Askatasunaren Estatuaren kaskezurra zirudien maskara batekin plataforma baten gainean. Konplexurik ez 76 urteko jamaikarrak, horrek ere bihurtzen du bat mito.

Gakoa funkya dela dion ‘The Key’ abestiak eman dio segida. A zer banda puska duen ondoan Jonesek. Arropa aldaketak ere egin ditu oholtza gainean eta, lehenengoaren ostean, Pretenders taldearen ‘Private Life’ etorri da segidan. Aurten Miribillan izan da BBK Music Legendsen Pretenders taldea.

Beste erropa aldaketa bat, Madonnaren 80etako janzkera zirudienarekin oraingoan, The Police taldearen cover bat egiteko, ‘Demolition Man’ abestiarena. Aktore eta modelo lanak egin dituela agerikoa da. Aukeran cover asko emanaldi labur batetarako, 11 abesti izan baitira guztira. Geldiuneak ere luzeegiak aukeran. Jamaikako soinu eta koloreekin agurtu dugu gaurko eguna, ‘My Jamaican Guy’ kantuarekin. Prentsa gunera etorri eta Ezra Collectiven festaren doinuekin idatzi ditugu azken lerroak.

Meute, Ralphie Choo, Underworld, Overmono edota Derby Motoreta's Burrito Cachimbaren emanaldiek gau luzea zetorrela aurreikusarazten dute. Bihar azken errematea.