CONTENIDO PATROCINADO

Sanbartolomeak, abuztuko azken festak Gipuzkoan

Jaiez betetako hilabete honen ia amaieran heldu zaie beraien txanda Elgoibar eta Ibarrari. San Bartolome egunaren bueltan, hilak 24, antolatu dituzte egitarauak eta abuztuarekin batera amaituko dira ekimenak. Ibarran ospakizunak abian badira, Elgoibarren, ordu gutxi barru ekingo diete.

Festa giroan blaituko dira elgoibartarrak datozen egunetan
Festa giroan blaituko dira elgoibartarrak datozen egunetan (Andoni Canellada | Foku)

Heldu dira Elgoibarko sanbartolomeak eta 70 ekitalditik gora dakartzate. Bi zatitan banatuko dituzte, bata, ostiraletik astelehenera, hilak 23tik 26ra, eta bestea, hilaren azken bi egunetan. Ohi bezala, jaien hasiera ofiziala txupinazoak ekarriko du, 125. urteurrena ospatzen ari den Lanbide Heziketako Zentroko ordezkariek jaurtiko duten suziriak. Maialen Gurrutxaga alkatearen esanetan, ardura hori eskertza keinua da Elgoibarrek Lanbide Heziketatik "asko jaso" baitu eta egin duten ibilbidea "harro egoteko modukoa" baita.

Berritasunen artean, jubilatuen egunean, hilak 25, zenbait ekimen gehitu dituzte: goiza txaranga batek girotuko du, erretiratuen afaria eta gaueko erromeria antolatu dituzte, erretiratuen bazkariaren ondoren taxi zerbitzua egongo da, eta belaunaldi arteko lankidetza sustatzeko, haurrek eta erretiratuek hamaiketakoa partekatuko dute. Halaber, Nerabe eta gazte egunean, hilak 30, estreinakoz nerabeen bazkaria egingo dute eta bertan bi musika talde ariko dira.

Horrez gain, guztiek jaiez erabat gozatzeko aukera izan dezaten, hainbat jardueratan lehen lerroa gordeko dute gurpil-aulkia erabiltzen dutenentzat, eta entzumen hipersentikortasuna dutenak kontuan hartuta, barraketan ez da musikarik jarriko 18:00etatik 20:00etara bitartean. Ildo beretik, Lekueder parkea buruhandirik gabeko gunea izango da, eta Txiki Egunean, Bolatoki parkea eta Mintxetako igerilekua ardo-zipriztinik gabekoak. Gainera, Beldur Barik gune bat izango da hilaren 24an, 30ean eta 31n, substantziei buruzko informazio eta testing gune bat hilaren 23an eta 31n, eta alkoholimetria gune bat hilaren 23an eta 31n.

Nobedade horiek ohiko osagaiei gehitu dizkiete, eta falta ezin dutenetako bat beti da musika. Inoiz baino bertako musikari eta artista gehiagok joko dute –Kitziki, DJ Agote, Ellie Jensen eta Brillet– eta horiekin batera, Nogen, Herenegun, Artistas del Gremio, Deabru Beltzak, Akerbeltz eta Puro Relajo taldeen kontzertuak aukeran dituzte festazaleek, Kalegoen plazan eta Maalako parkean. 

Maalako Jai Batzordeak ere jarduerak prestatu ditu egunotarako, bereziki, musikari lotuak. Erromeria, bertsoak, DJa, elektrotxaranga... askotariko erritmora biziko dute festa Gune Askean. Era berean, presoen eskubideen aldeko herri bazkaria edota jolasak ere egingo dituzte.

Elgoibarko jaietako erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Bacalaos Alkorta, Lanbroa Taberna, Milar Bire

Piparra erre arteko festa

Jaiei izena ematen dien santuaren egunaren aurretik ekin diete jaiei Ibarran. Asteazkenean, hilak 21, Bartola eta Bartolo agurtu, eta suziria jaurti zuen Danborrada taldeak, urtean zehar egiten duen lan boluntarioari aitortza moduan. Bost eguneko festa izango da, igandera arte, hilak 25, nahiz eta abuztuaren hondarrean, hilak 31, gazteentzako XLII San Bartolome Saria txirrindularitza proba jokatuko duten.

Festa lehertu ondoren, Ibarra, Pasaia eta Villabonako erraldoi eta buruhandien konpartsekin batera, Gironako Fal·era Gironina ibili zen herrian barrena; eta helduen danborrada ere egin dute, beste ekimen batzuen artean. Jaien ekuatorera iritsita, ordea, bada oraindik ere zer egina.

San Bartolome bezperan, ostirala 23, denboran atzera egingo dute Hauspoa kultur elkartearen Alkatea preso kale antzerkiarekin. Lau ataletan aletutako obrak Ibarrako alkatearen atxilotzea kontatzen du, 1691n Izaskunen gertatutakoa, Tolosako alkatearen aginduz. San Bartolome egunean, larunbata 24, berriz, haur danborrada burutu eta, lau hamarkada baino gehiagoko ohiturari eutsiz, tomate eta piper platerkadak banatuko dituzte. Gauean, aldiz, herriko Alurr dantza taldearen emanaldiaz gozatzeko parada izango dute.

Parte hartze handia izan ohi duten ekitaldi batzuek ere ez dute hutsik egingo, adibidez, toka eta bola txapelketak edota igandean, hilak 25, ospatuko duten kuadrillen egunak. Hasteko, Etzeok besteik kuadrilla berriari ongietorria, txupinazoa eta brindisa egingo dituzte; eta ondoren, Bonberenea txarangarekin eta Giroarte dultzaina taldearekin kalejiran irtengo dira. Eguerdian, kuadrillen bazkarian 630 lagun elkartuko dira, eta sabela bete ostean, kalez kale ibiliko dira Matraka elektrotxarangarekin.

Gainera, gauero zezensuzkoa eta musika emanaldi bat prestatu dute. Joko dutenak DJ Andoni, Zo-Zongó!!, Olgetan, Iratza eta Muxutruk dira. Festa amaierako gauerdian Zuzenik ez kuadrillak piparra osasun etxetik San Bartolome plazaraino eraman eta han erreko du, dantzaldiarekin jarraitu aurretik.

Ibarrako Gazte Asanbladak ere, besteak beste, musika saioak antolatu ditu: DJ Mali, Rekiem, DJ Yakintza, La Tokokera eta DJ Atenenas-ena, hain zuzen ere.