NAIZ
Lekeitio

Ehundik gora potinek parte hartu dute Lekeitioko Antzar Egunean

San Antolin jaietan murgilduta daude Lekeition eta irailaren 5arekin, urtero legez, Antzar Eguna ospatu dute. Ehundik gora potinek parte hartu dute 300 urteko aintzinatasuna dituen lehiaketa honetan.

Giro ederrean ospatu da aurten ere Antzar Eguna Lekeition. Eguraldiak lagundu ez badu ere –tarteka euria ere egin du–, inor ez da kikildu eta iazko parte-hartzea gainditu dute kuadrillek. Hala, guztira 104 potinek parte hartu dute San Antolin jaietako egun handian. Horietatik 84 herriko eta eskualdeko beste udalerri batzuetako kuadrillenak ziren, eta gainerakoak beste toki batzuetakoak.

Urtero bezala, parte-hartzaileak txandatu egin dira gomazko antzara zintzilik duen sokara hurbiltzeko. Aurretik, eguerdian, zozketa egin dute, eta ‘Trabolak’ potinari egokitu zaio aurrenekoa izatea. Azkena, berriz, iaz zigorra jaso zuen ‘Uso Pase’ potina izan da.

Aurtengo berrikuntza gisa, gomazko antzarari aldaketa batzuk egin dizkiote, pisu gehiago eta lepo gutxiago izan dezan.

16.00etatik aurrera, hiru ordu inguru iraun duen lehiaketan, ontzitik uretara salto eginez sokatik zintzilik dagoen antzararen lepoari helduta ahalik eta denbora gehien eusten saiatu dira parte-hartzaileak, baita kokota kentzen ere. Ander Aldazabal alkatea bera ere saiatu da, baina jasoaldi bakarra egitea lortu du.

Azkenean, ‘Ezetz jarri’ potineko Iñigo Barainkak izan da irabazlea, berak egin baititu jasoera gehien (7) eta kokota edo burua ere eraman du. Dotoretasunaren saria ere potin horrek jaso du.

Lekeitio jendez gainezka zegoen goizetik eta horregatik Udalak goizean goizetik herrigunea autoei ixtea erabaki du. Izan ere, Antzar Egunak kanpotar ugari erakartzen du kostako herri horretara. Aurten ere tradizioa bete da.