CONTENIDO PATROCINADO

Euskal jaiak iritsi dira Zarautz, Donostia eta Ordiziara

Irailaren hasierarekin batera iritsi dira Zarautz, Donostia eta Ordiziako euskal jaiak. Asteburu honetan hiru herriak bete-betean murgilduko dira jai ekitaldietan. Zarautzen, astelehenean emango diote amaiera mendeurreneko ospakizun borobilari eta Ordizian asteazkenean egingo dute aparteko azoka.

Euskal jaien ehungarren urteurrena ardatz izan zuen ostegun iluntzeko antzerki emanaldiak.
Euskal jaien ehungarren urteurrena ardatz izan zuen ostegun iluntzeko antzerki emanaldiak. (Jon URBE | FOKU)

Zarautzen modu berezian ari dira ospatzen aurtengo euskal astea. Izan ere, ehun urte bete dira Mauricio Flores Kaperotxipi zarauztar pintoreari euskal festa ospatzea bururatu zitzaionetik. Euskal usadio eta ohituretan oinarrituta zegoen jaiari berehala batu zitzaizkion Jose Zinkunegi medikua, Nikolas Mujika pintorea eta Bonifacio Echegaray idazlea.

Ehun urte igaro badira ere, gaur egungo egitarauak lehen edizio hartakoan oinarrituta jarraitzen du: goizean dantzak, txistulariak, trikitilariak eta gurdiak herriko kaleetan; arratsaldean kalejira Iñurritzara eta bertan erromeria, bertsolariak, dantza sariketa, Salbea eta Anjelusa San Pelaioko ermitan eta, amaitzeko, kalejira herrira, afaria eta erromeria txistu eta danbolin soinuaz.

Emakumezkoak eta gizonezkoak elkarrekin dantzan, Iñurritzara erromerian, orain dela mende bateko argazkian.

50eko hamarkadan, kaleko estanpak, jantzi eta karroza lehiaketak eta otxoteen kantuak gehitu zitzaizkion egitarauari eta, 60ko hamarkadako garai zailetan, Haurren Euskal Jai Eguna eta Euskal Astea sortu zituzten, Euskaltzaleak mugimenduak eta Oleskariak otxotearen ekimenez, Manolo Urbieta bera buru zutela.

Gaur egun guztiz errotuta dagoen euskal astea pasa den igandean abiatu zen Haurren Euskal Jai Egunarekin, eta astean zehar fandango eta arin-arin ikastaroak izan dira egunero, baita ohiko helduen eta gazteen dantza txapelketak ere. Asteazkeneko trikitilari gazteen lehiaketa, ordea, ezin izan da antolatu, ez delako nahikoa parte hartzaile animatu, nahiz eta aurten sari handiagoak izan. Beraz, aurten bertan behera geratu da XLIV. edizioa izan behar zuena.

Ostegunean ohiko beste ekitaldi bat ospatu da, alegia, herriko taldeek eskaintzen duten antzerkia, oraingo honetan, ezinbestez, "Euskal Jaiak ehun urtez herria ehuntzen" izenburupean.

Ostiral honetan (irailak 6) beste ohiko txapelketa bat ospatuko da, bertsolari gazteen XLVIII. Lizardi Sariaren finala, eta larunbatean (irailak 7) aurresku txapelketa eta euskararen aldeko ohiko ekitaldiak izango dira, tartean AEK-ren euskararen aldeko lasterketa eta EHEren bazkari herrikoia.

Igandean, (irailak 8), "Mendeurrenaren brindisa" izeneko ekitaldia estreinatuko da, parrilla herrikoia, sagardo eta txakolin dastaketarekin. Ondoren, plaza dantzak, nerabeentzako tailerrak, salbea eta erromeria izango dira, eta astelehenean mendeurreneko Euskal Jai Egun handiari ekingo diote.

Asteburu honetan, baita ere, euskal jantzi tradizionalen erakusketa ikusteko azken aukera izango da herriko dendetako erakusleihoetan, eta irailaren 22ra bitartean, argazki zaharrak eta Zuazobiden karrozen maketak egongo dira ikusgai Merkatu plazan.

Zarauzko euskal jaietako establezimendu laguntzaileak: Labegoxo, Zarauzko Arranoa, Pasquin señalizaciones, Euskalduna Taberna, Eguzki Taberna, Etxaiz jatetxea.

Donostian, Sagardo Eguna eta estropadak

Donostian ere aste osoko ekitaldien ondoren iritsiko da euskal jaietako astebururik garrantzitsuena. Ostiral honetan (irailak 6) toka eta marmitako txapelketak daude iragarrita eta, iluntzean, Tio Teronen Semeak taldearen "Haurreskolari" emanaldia eta Iratzar taldearekin erromeria.

Larunbata (irailak 7), jai ospakizunez betetako eguna izango da, guztira 16 ekitaldi baitaude antolatuta, tartean Gaztelu Egunaren inguruan antolatutakoak eta Sagardo Egunaren ingurukoak. Azken hau goizeko 11etan hasiko da Konstituzio plazan eta bertan 39 sagardogile elkartuko dira. Horrekin batera, Nekazaritza Ekologikoko azoka ere egingo da Bulebarrean.

Egun guztian zehar, kirola, gastronomia, musika eta dantza emanaldiak izango dira eta, eguna amaitzeko, bertso saioa izango da gaueko 22.00etan hasita Trinitate plazan, honako bertsolariekin: Miren Amuriza, Amets Arzalluz, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Jone Uria.

Igandean, irailak 8, Kontxako estropaden finala jokatuko da eta jai girorik ez da faltako alde zaharreko kaleetan. Goizean goiz udal txistulariak abiatuko dira, ondoren Joselontxos txaranga, eta estropadak amaitu ondoren, trikitilariek alaitutako sardin jatearekin emango diete amaiera Sarriegi plazan aurtengo euskal jaiei.

Piriniar arrazako ganadu lehiaketa Ordizian, iazko irudian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ordiziako azoka berezia, irailaren 11n

Ordizian larunbata honetan (irailak 7) hasiko dira aurtengo euskal jaiak eta egitaraua aste osoz luzatuko da, tartean asteazkeneko azoka bereziarekin. Hasteko, larunbatean "Emaneurre euskarari!" eguna ospatuko dute kuadrillen arteko herri kirolak, bertsolariak, kantu bazkaria, bertso saioa, elektrotxaranga eta erromeriarekin.

Igandean (irailak 8) jubilatuei eskainitako eguna izango da eta asteazkenean (irailak 11), euskal jaietako aparteko azoka ospatuko da. Horren baitan, ohiko gazta lehiaketa (aurten 51. edizioa), baita ganadu, euskal oilo, fruta eta barazkien lehiaketak ere. Eguerdian sari banaketak eta gaztaren enkantea egingo dira, baina jaia ez da hor amaituko. Arratsaldean, profesionalen arteko erremonte partidak, herri kirol jaialdia eta erromeria izango dira.

Egitarauak jarraipena izango du hurrengo egunetan eta datorren larunbaterako (irailak 14) pilota partidu profesionalak, hamazazpi sagardogile elkartuko dituen sagardo dastaketa eta Janus Lester taldearen kontzertua daude iragarrita.

Aurtengo euskal jaiak irailaren 15ean amaituko dira (igandea) Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketaren sari banaketa eta Oihulari Klown ikuskizunarekin.

Ordiziako euskal jaietako establezimendu laguntzaileak: Mujika liburudenda, Goierriko Baratza.