CONTENIDO PATROCINADO

Urretxuko txupinazoa, ostiral iluntzean eta Euskal Jai Eguna, igandean

Iritsi dira Urretxuko jaiak eta ostiral arratsaldeko txupinazoaren ondoren, herriko bizilagunak jai giroan murgilduko dira astelehenera arte. Txoznetan ere lau eguneko egitaraua prestatu dute. Ohikoa den bezala, Euskal Jai Eguna igandean izango da, baina aurten desfilea eguerdian egingo dute.

Aurtengo karroza desfilea ez da igande arratsaldean izango, eguerdian baizik.
Aurtengo karroza desfilea ez da igande arratsaldean izango, eguerdian baizik. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Urretxuko jai egitaraua pasa den asteburuan abiatu zen 35. edizioa bete duen Herri Arteko Folklore Jaialdiarekin. Hasiera ofiziala, ordea, ostiral honetan izango da (irailak 20), arratsaldeko 20.30ean botako duten txupinazoarekin. Aurtengo pregoilariak San Martin auzoko bizilagunak izango dira, urtetan San Martin eguna antolatzen isilean eta musutruk egindako lana eskertzeko. Arratsaldean zehar buruhaundi eta erraldoiak ibiliko dira kalez kale, musika eskolako trikitilari eta dultzaineroekin. Musika gehiago ere izango da Deiadar txaranga, Iparragirre-Balerdi musika banda eta Lizarriturri txistulariekin, eta gauean hip-hop jaialdia izango da Madril, Sevilla eta Iruñeko raperoekin.

Larunbatean (irailak 21) ez da aspertzeko denborarik izango, goizetik gaueraino ikuskizun ugari izango baita. Horrela, goiz guztian zehar abelgorrien erakusketa eta azoka berezia izango dira, ohiko bertso saio, «Asmatu txekorraren pisua» lehiaketa eta idi proba txapelketarekin. Arratsaldean xake txapelketa, gastronomi lehiaketa eta txistularien alardearen txanda izango da eta, afariaren ondoren, Bulego taldearen emanaldia. Aurretik, Zatekeen taldeak joko du.

Igandean, esan bezala, Euskal Jai Eguna ospatuko da, goizeko diana eta artisau azokarekin hasita. Aurten, karrozen desfilea ez da arratsaldean egingo, eguerdian baizik, eguna indartu eta bere biziraupena bermatzeko, udal ordezkariek jakinarazi dutenez. Era berean, goizetik gaueraino baserritarrez janzteko deia egin du Udalak.

Aurten hamabi kuadrila izango dira desfilean parte hartuko dutenak, azken urteetan izan den kopururik handiena. Eta beraiekin batera, hamarnaka dantzari, musikari eta laguntzaile ibiliko da kalez kale, baita hamabi idi-pare ere. Desfilearen ondoren, bazkari herrikoia egingo dute eta arratsaldean karrozen sari banaketa, Iratzar taldearekin erromeria, kantupoteoa, euskararen aldeko kandela piztea eta Puro Relajo taldearekin dantzaldia izango dira.

Jaietako azken eguna asteleheneko kuadrilla eguna izango da (irailak 23). Haurrentzako ikuskizunez gain, herri bazkaria eta kuadrillen arteko ohiko sokatira txapelketa izango dira. Arratsaldean zehar ez dira musika taldeak faltako, hala nola Iraunkorak txaranga, Artistas del Gremio taldea eta Iparragirre-Balerdi musika tailerra. Eguna amaitzeko, aurten 30 urte beteko dituen kantu afaria ospatuko da.

Txozna batzordea osatzen duten taldeek ere egitarau zabala prestatu dute lau egunetarako. Eskaintza nagusia musikala izango da eta egunero kontzertuak izango dira gaueko 23.30ean hasita: Harrikada, Kaparrak eta DJ Maikiño (ostirala 20); Yogurinha Borovha Drag Show (20.00etan), Mikosis, Alarma Morea eta Opilak (larunbata 21); Mugi Panderoa, DJ Sizu & Noby eta Keixi 0 (igandea 22); eta Ilgorri (astelehena 23, 19.00etan).

Urretxuko jaietako establezimendu laguntzaileak: Eitza Consulting, Entzun Audifonoak, Eutsi Carpintería Metálica, Prest Lan Bertikalak, Tapiceria Guillermo, Carrocerias Urretxu, Lanbroa Belardenda.