«Gatibu taldetik edozein diskriminazioren aurkako eta berdintasunaren aldeko jarrera argia erakutsi nahi dugu. Tokiz kanpo egindako adierazpenek sorrarazi duten haserrea guztiz ulertzen dugu, eta barkamena eskatzen dugu horregatik. Guzti honek gizartean eta musika sektorean hausnarketa eraikitzaile bat egiteko balioko digu denoi, guri behintzat bai. Aske maitte, asko bizi», irakur daiteke Gatibu taldeak bere sareetan asteartean zintzilikatu duen testu laburrean.
Gernikako talde beteranoak hautsak harrotu ditu Alex Sarduik, Gatiburen agurraren iragarpenaren harira, ‘Eldiario.es’ hedabideari eskainitako elkarrizketa batean esandakoak, hau da, Euskal Herriko musikagintzan ez dela diskriminaziorik egon edo berak bederen ez duela ikusi.
Musikaren arloan dabiltzan Euskal Herriko 150 bat emakume feministak eta identitate disidenteek, horien artean gure musikaren alorreko izen arras ezagunek, ohar bateratu bat argitaratu zuten Sarduiren adierazpenak gogor kritikatuz. Musikagintzan diskriminaziorik egon ez dela esatea «oso larria» dela nabarmendu zuten.
Astelehen gauean, 21.30ak aldera, Gatibu taldeak bideo bat zintzilikatu zuen bere sare sozialetan. Bertan Alex Sarduik, kamerari begira, zera argitu nahi izan zuen: Egin zituen «deklarazioak oso eskasak, lekuz kanpo egindakoak» direla. «Nk ez dut horrela pentsatzen –dio– eta emakume guztiei, batez ere, euskal musikan dabiltzaten emakume guztiei barkamena eskatu nahi diet. 25 urte ibili gara emakumeak eta defendatzen eta, benetan, ez da sartzen nire logika barnean. Barkatu eta arrazoia duzue. Sentitzen dut».
Gau txarra pasa omen zuen atzo Gernikako taldeak. Alex Sarduik ere ez du ukatu oso ‘ukituta’ dagoela, Radio Euskadiri astearte goizean egindako adierazpenetan.
Gatibu taldearen sareetan zintzilikatutako bideo baten bidez, hautsak harrotu dituen polemikari erantzun nahi izan dio abeslariak.
Polemika hau iritsi zaio Gernikako talde beteranoari agurraren unean eta 25 urteko ibilbide oparoaren ostean eta, BEC bete ondoren, ‘Agur esan barik’ tour-aren barnean bigarren data iragarri dutenean: datorren urteko abenduaren 13an, hain zuzen ere.