CONTENIDO PATROCINADO

Maritxu kajoi, goizetik goizera luzatzen den jaia

Arrasatearrek egutegian gorriz markatuta duten eguna da urriko lehen ostirala edo egubakoitza. 70. hamarkadan herriko txikitero baten ateraldiarekin hasi zen ospakizunak edizio berri bat ospatuko du aurten, ohikoa den bezala, goizetik goizera luzatzen den jaiarekin.

Iluntzean, jende asko hurbilduko da plazara Maritxu Kajoiren miraria ikustera.

Iluntzean, jende asko hurbilduko da plazara Maritxu Kajoiren miraria ikustera.
 (Idoia ZABALETA | FOKU)

Umorea, transgresioa eta aldarrikapena dira jai honen hiru zutabe nagusiak, eta urtez urte hainbat elementuren inguruan ospatzen da. Nagusia, parrokiaren atzean dagoen Maritxuren zurezko kutxa edo kajoia. Bere omenez antolatzen da festa eta horregatik ez zaizkio loreak falta izaten egun guztian zehar. Iluntzean, jende asko hurbiltzen da bertara urtero egin ohi duen miraria ikustera.



Bigarren elementu nagusia, elegantzia. Egun honetan, herritarrak dotore jantzita ateratzen dira kalera, gehienak beltzez, eta lepotik zintzilik eskapularioa. Bazkariak eta afariak aspalditik egoten dira erreserbatuta eta, tripa ondo bete ondoren, txikiteoa da nagusi herriko kaleeetan.



Ardozaleen patroia ospatzeko askok egitarau beharrik ez badute ere, Komisiñuak 24 orduko egitarau zabala prestatu du, goizeko 8.00etan jaia iragartzeko botako diren etxafleruekin hasita. 10.00etan sokamuturra izango da, 12.00etan txosnagunearen irekiera eta eguerdiko 14.00etan elkartasun argazkia aterako dute txosnagunean, oraingo honetan Palestinaren alde.

Ohikoa den bezala, ekitaldi nagusiak arratsaldean izaten dira: 19.00etan Oria txaranga aterako da kalera eta 20.30ean Maritxuri lore eskaintza egingo zaio. Gauean ez da musika eskaintzarik faltako: 21.00etan Txita Sound System eta DJ emanaldiak izango dira txosnagunean, 23.00etan dantzaldia herriko plazan Luhartz taldearekin eta goizaldeko 1.00etan La Fulana DJ. Goizaldeko 4.00etan helduen olinpiadak jokatuko dira Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, eta goizeko 8.00etan txaranga abiatuko da txosnagunetik.

Aurten, Maritxu Kajoi egunean indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak jarri ditu Udalak, hala nola informazio gunea, arreta puntua eta arretarako telefonoa.

Indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea Arbolapetan egongo da 18.00etatik 00.00etara eta arreta puntua, Gazte Buleegoan, gauerdiko 00.00etatik zapatu goizaldeko 8.00etara. Azkenik, telefono zenbaki bat ere jarri dute (688 809 137) informazio edo aholkuak emateko. Arratsaldeko 18.00etatik zapatu goizeko 8.00etara egongo da erabilgarri.

Maritxu Kajoiren ospakizunei hasiera emateko, pasa den ostiralean Arrasate Rugby Taldeak urrezko enbutua jaso zuen Komisiñuaren eskutik, herrian eta eskualdean egiten ari diren lana eskertzeko. Senior mailako nesken taldeko kapitaina den Irene Dolarak jaso zuen oroigarria.

Maritxu Kajoiko establezimendu laguntzaileak: Agirre-Etxe Coviran, Aldedi Ferreteria, Larrinetxe Jatetxea.