NAIZ

‘Gure gabon gaua’, Izaroren Eguberrietako diskoaren aurkezpen txartela

Eguberriak aitzakia hartuta disko berria ondu du Izaro Andres abeslari mallabiarrak eta ostiral honetan bertan sareratu du lan berriaren aurrerapen kantua, ‘Gure gabon gaua’. Gabon  kantuen erritmo gozotik abiatuta, bizitza parekatzearen edertasunaz mintzatzen da bertan.

Lan berria du eskuartean Izaro Andres abeslari mallabiarrak, berak konposatutako Gabon abestiez osatutako diskoa hain zuzen ere, eta ostiral honetan aurkeztu du proiektu berriaren lehen aurrerapen kantua, ‘Gure gabon gaua’. Kantuak Eguberrietako espirituari fideltasuna erakutsi eta gozo eta lasai abiatzen da, gerora erritmoa hartzeko, eta bertan bizitza partekatzearen edertasunaz mintzo da abeslari mallabiarra.

Abestiaz gainera bideoklipa ere sareratu du Izarok. Bertan, Eguberrietako ohiko otordu baten prestaketa lanetan murgilduta agertzen da mallabiarra, sasoiko ohiko estetika lagun, hainbat lagunez inguratuta.

«Lantaldeko kideak mahai baten bueltan bilduta bizitzaz eta elkarrekin egon ahal izateaz gozatzen. Izaro sarri gelditzen da txundituta taldekideei begira, nola egiten duten lan, nola egiten duten irri, nola egiten duten berba. Maite du beraiei begira gelditzea. Sentsazio horretatik jaiotako lana da», nabarmendu dute  Ginmusika ekoiztetxetik, eta gaineratu dute «gero elkarrekin mahaia jarri, elkarrekin sukaldatu, elkar besarkatu, batera abestu, gauza berriei buruz hitz egin, edota behin eta berriro gauza berdinei buruz. Hori da Izarorentzat gabon espiritua, pausa bat bizitza erabili eta bizitzan egoteko. Bizitza gertatzen ikusi ahal izatearen magia».