GAIAK

UEUk antolatutako Ikergazte kongresua hasi da Durangon

Euskarazko ikerkuntza eta ikerlari gazteen harteko harremanak sustatzeko ekimena da Ikergazte. Goizean hitzaldi nagusiak izan dituzte eta datozen orduetan lanak aurkezteari ekingo diote.

Ostiralera arte luzatuko da Ikergazte kongresua. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Gaur goizean hasi da Ikergazte ikerlari gazte euskaldunen kongresua. Durangoko Landako gunean bilduko dira ostiralera arte euren jakintzak partekatu eta harreman berriak sortzeko. Hori da behintzat UEU antolatzailearen asmoa.

Goizean harrera ofiziala egin dute eta ondoren hitzaldi orokorrekin hasi dira. Z.P. Myllers irakasle estatubaturrak ikerlariek jasaten dituzten diskriminazioei buruz mintzatu da. Alde batetik, aipatu du komunitate zientifikoan 66 urtetik gorako geroz eta ikerlari gehiago daudela eta 35 urtetik beherako gutxiago, eta egoera horrekin aldatu beharra dagoela nabarmendu du. Bestalde, genero desberdintasuna antzematen dela esan du. Alegia, emakumeek oraindik diru gutxiago kobratzen dutela lan berdina egiteagatik eta, gainera, goi postuetan gehienak gizonak izaten jarraitzen dutela. Amaitzeko aipatu du diskriminazio horiek ez egoteko denek eman behar dutela pausoa.

Horrez gain, irakasle estatubatuarrak adierazi du hedabideak tresna egokia izan daitezkeela zientzia gizarteratzeko eta horretaz baliatu behar direla medio lokaletatik hasita. Horrekin lotuta, Karmele Artetxek bere hitzaldiari ekin dio ondoren eta euskal historian zientziak eta euskarak bat egin duten une horiek aipatu ditu. Adibidez, esan du nola Unamunok uste zuen euskara desgartu egingo zela eta ikertua izateko bakarrik geldituko zela, eta orduan Kirikiñok ‘Euzkadi’ aldizkarian Einsteinen teoriak azaltzen zituen artikulu sorta batekin erantzun zion erakusteko euskarak edozein gauza azaltzeko balio zuen.

Horren ostean atseden hartu dute eta ondoren euren lanak azaltzeari ekin diote. Taldeka banatu eta askotariko gaiak aurkezten hasi dira, batzuk diapositibez lagundurik hitzaldi moduan eta beste batzuk euren posterretan idatzitazoan sakonduz. Arratsaldean zehar saio gehiago izango dituzte.