23 JUN. 2016 - 17:21h Entrevista Josu Barambones UPV/EHUko irakaslea «Itzulpengintzako ikasketen diseinu kurrikularrean hutsune handia dago» 44. Udako Ikastaroen harira ‘Teknologia. Itzultzaileen lagun. Noiz eta nola?’ jardunaldia egin da atzo Eibarko Markeskoan. Josu Barambones UPV/EHUko irakaslea da jardunaldiaren arduraduna. ‘Itzulpengintza eta Teknologia’ graduondokoaren zuzendaria ere bada. Josu Barambones (UEU) Última actualización: 28 JUN. 2016 - 17:31h UEU EIBAR Zein da teknologiaren ekarpena itzulpengintzan? Informazio eta Komunikazio Teknologien inpaktua ukaezina da. Batetik, itzultzaileek beren arloko tresna teknologikoak ezagutu behar dituzte, hala nola itzulpen memoriak edo terminologia kudeatzeko programak. Bestetik, gaur egungo itzultzaile profesionalek dokumentazioa eta terminologia bilatzeko teknika nagusiak menderatu behar ditu. Azkenik, Informazio eta Komunikazio Teknologiak lanabes ezinbestekoak dira itzultzailearen lanaren ingurunean, elkarlanak gero eta garrantzi handiagoa duelako, esate baterako eleanitzeko itzulpen proiektuetan. Euskararen kasuan hizkuntza baliabide gehienak euskarri digitalean aurkitzen ditugu (hiztegiak, datu baseak, corpusak, Xuxen zuzentzaile ortografikoa eta gramatikala, Itzul posta zerrenda…). Baliabide horiek ondo kudeatzen jakiteak berebiziko garrantzia du. Graduondoko oso bat ematen duzue urtean zehar gai hau on-line lantzeko. Zeintzuk dira atera dituzuen ondorioak? Dagoeneko Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoak lau urte bete ditu eta ikasleen iritziz helburuen lorpen maila oso altua izan da. Nire ustez, graduondoko honek itzulpengintza eta teknologia arloan zegoen prestakuntza beharrari erantzuten jakin du. Halaber, graduondoko honek Itzulpengintza eta Interpretazioko graduatuen eta itzultzaile profesionalen espezializazio beharrak asetzeko balio duela uste dut. Noiz eta nola erabili daitezke tresna teknologikoak? Nola eragiten dute tresna horiek lan prozesuan? Oro har, gaur egungo itzulpengintzan erabiltzen diren tresna teknologikoek lana azkarrago eta eraginkortasun handiagorekin egiteko balio dute, kalitatea alde batera utzi gabe, jakina. Merkatu eta produktuen globalizazioak berekin ekarri du itzulpen prozesua bizkortzea, halako moduan non hainbat lan automatizatzea ezinbesteko bihurtu baita. Kasu praktiko bat jartzearren, itzultzaile batek itzulpen proiektu bat egiteko enkargua jasotzen du. Hasteko, sarean hizkuntza baliabideak bilatu beharko ditu, eta horrekin batera gaiaren araberako baliabideak, testu paraleloak edo glosarioak kasu. Bigarren fase batean itzulpen memoriak eta teminologia kudeatzaileak erabiliko ditu. Azkenik, zuzentzaile taldeak kalitatea kontrolatzeko software berezia erabiliko du. Prestakuntza aldetik bestelako beharrizanak sortu dira? Garapen teknologikoek hizkuntzen industrien lan merkatua handiagotu eta produktu berriak sortu dituzte. Egungo eskaerari erantzun ahal izateko, ordenagailuz lagundutako itzulpenean, software-ren edo webguneen lokalizazioan trebatutako profesionalak prestatu behar dira. Itzulpengintzako ikasketen diseinu kurrikularrean hutsune handia dago itzulpengintzako teknologien irakaskuntzari dagokionez. Halere, Informazio eta Komunikazio Teknologiek garrantzi estrategikoa dute garapen ekonomikorako zein hizkuntzaren garapenerako. Hori dela eta, jardunaldi honen helburu nagusia itzulpengintza arloko enpresetan dauden teknologia beharrak ezagutzea da, era horretan Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoak behar horiei erantzuten jakingo duten profesionalak prestatzeko. Euskararen kasuan hizkuntza baliabide gehienak euskarri digitalean aurkitzen ditugu. Baliabide horiek ondo kudeatzen jakiteak berebiziko garrantzia du.