01 MAY. 2020 - 12:10h Iceberg ehiztariak, Ternuan Kanadan, «iceberg-ehiztariek» garai oparoak bizi izan dituzte berotze globalari esker. Izotz-bloke erraldoiek erakarri duten turismoaren atzean beste errealitate ilun bat dago: Ipar Poloaren urtzearen azkartzea. Ternuan, koronabirusaren aurretik icebergen turismoa indarra hartzen ari zen. Orain? Icebergen izotza «arrantzatzen» ari den itsasontzia, Bonavista badian. Marian Azkarate (Argazkiak: Johannes Eisele) Turistak liluratuta daude, adi-adi, beraien begien aurrean iceberg baten zati handi bat begira nola hondoratzen den ikusten. Ilunabarrean urpean desagertzen ari den izotz puska handi horrek Groenlandiatik Ternuarainoko bidea egin du. Hau izan da bere azkenak. Iraganean bakailao-arrantzaren epizentroan kokatutako Ternua eta Labradorreko kostaldeko herri lasaiak jendez lepo egon dira orain arte, koronabirusa iritsi arte, udaberriro. Izan ere, argazkilari amateur asko gerturatu da Kanadako ekialdean hondoratzen diren glaziar-zati erraldoien iritsiera «hilezkortzeko» asmoarekin.Hegoalderantz mugitzen diren iceberg mordoak moda turistiko berri bat sortu du Ternuan, berotze globalaren bizkortzeari lotuta. «Urte batetik bestera hobetzen joan da, denboraldi bakoitzean 140 bat autobus turistiko gerturatzen baitzaizkigu herrira, eta hori oso onuragarria izan da gure ekonomiarentzat». Mintzatzen dena Barry Strickland da, 58 urteko arrantzale ohia. Gaur egun gida turistikoa da, Ternuako iparraldean dagoen King’s Point herrian. Azken lau urteetan, izotz-erraldoiei lotutako txangoak antolatzen ditu Stricklandek. Lehen itsasoan etsai zirenak, itsasontzia barrenera bidali zezaketelako, orain lagun. Ikusgarriak dira, egia esan, dozenaka metroko altuera har dezaketelako eta ehunka milz, Kanadako kostaldera iritsi arte. Aste gutxi batzuetan, gizaki modernoak sortu eta eragindako kutsaduraren erruz, behar baino lehenago itzuliko da ozeanora.Arrantzaleak, gidariBarryk bere ontzi txikiarekin antolatzen dituen irteerak goi-denboraldian jendez beteta egoten dira. Eta noiz da denboraldi hori? Orain, hain justu, maiatzetik uztailera bitartean. Mundu osoko bisitariak erakartzen dituzte milurteko erraldoi izoztu hauek 600 biztanle besterik ez dituen herrixkara. Izotz-bloke hauen mugimendurik txikiena ere eskualdeko Gobernuak online jarritako satelite bidezko mapa interaktibo baten bidez ikus daiteke.«Hemen ez dago irteera handirik, lanari dagokionez, herri txiki eta isolatu honetako biztanleentzat; beraz, turismoak gure ekonomiarentzat garrantzi handia hartu du» 300 biztanleko herrixkan. «Hemen bizi izan naiz betidanik, eta azken 10-15 urteetako turismoaren hazkunde izugarria nire begiekin ikusi ahal izan dut». Iaz, 500.000 turista baino gehiagok bisitatu zuten Ternuako eskualdea, bertan bizi den pertsona-kopuru berak, eta tokiko ekonomiari 570 milioi dolar kanadar (432 milioi dolar estatubatuar) ekarri zizkioten, tokiko gobernuaren kalkuluen arabera. «Denboraldi bakoitzean 140 bat autobus turistiko etorri dira herrira, eta hori ona da gure ekonomiarentzat», baieztatu digu, dena den, Barry Stricklandek. Twillingaten, icebergak maite dituztenentzako helmuga turistiko bihurtu den tokian, bisitariek Auk Island Wineryren denda txikian sartu dira. Denda horrek iceberg-urez egindako basa baia likoreak egiten ditu. Berotze globalaTurismoak hein batean ordeztu ditu urtetik urtera murrizten ari ziren arrantza-industriaren diru-sarrerak; krisian baitago, aurreko mendearen amaieran itsasoa gehiegi ustiatu genuelako. Baina kontuan izan behar dugu icebergek sortzen duten “zoramen” horren atzean errealitate latz bat dagoela ere: Ipar Poloko berotze globala bizkortu izana, alegia. Horren eraginez, gero eta iceberg gehiago dago, bai, baina denboraldia urtetik urtera aurreratu egiten da. Zikloak hautsi egin dira. Horrek ere ez dio onura handirik ekartzen horien inguruan sortutako industriari... zeren, nola asmatu aurretik noiz iritsiko diren Ternuara?Artikoa planetako beste toki batzuk baino hiru aldiz azkarrago berotzen da. Iaz, ekainean, Groenlandiak inoiz ikusi gabeko glaziarren urtzea izan zuen urte sasoi horretarako, eta uztailaren erdialdean marka hautsi zituzten tenperaturak jaso ziren Ipar Polotik gertu. Urteen poderioz, icebergak gero eta hegoalderago iristen ari dira, eta Europa eta Ipar Amerika lotzen dituen itsas ibilbideko merkataritza-nabigaziorako arriskua sortzen dute. «Sekula ez nuen horrelakorik ikusi. Hain ederra da, baina era berean berotze globalaren irudi zehatza, ura beroago dagoen lekuetan icebergak ikusten direlako», esan du Laurent Lucazeauk, 34 urteko turista frantziarrak, itsasotik egindako ibilaldi batetik itzultzean.