GAIAK

Akropoliaren magalean, turismo esplotazioaren aurka

1834. urtean sortu zen, suntsitutako hiria berreraikitzeko Zikladeetatik etorritako langileen bizileku gisa. Akropoli handiaren oinetan eta erdialdetik gertu, egungo bizilagunek borroka gogorra egin behar izaten dute babestutako eremu hau turismo esplotaziotik babesteko.

Anafonika auzoa, Akropoloaren magalean.

Akropolira iristeko?... Hortik da». Anafiotika auzo txikiko bizilagunek sarri erantzun behar izaten diete galduta dabiltzan turistei. Etxe txuri eta leiho txikidunekoa, 50 metro koadro inguruko ehun bat harrizko etxebizitza daude bertan. Atenasko Akropoliaren eta Partenoia bezalako eraikin ezagunen ipar-ekialdeko aldean eraikiak. «Ez genekien ezer auzo berezi honen inguruan. Kasualitatez topatu dugu Partenoitik jaisten ari ginela», dio patioetako paretetan hazten den jasminaren azpian eguzkiaz babesten den Mila Mihaylova 25 urteko bulgariarrak.

Anafiotika Atenasko erdialdeko auzoa da, 1834an eraikia. «Orduan, Egeo itsasoan kokatutako Zikladeetako langileak eta batez ere Anafikoak –ezaguna harri zizelkatzaileen gaitasun handiagatik– deitu zituen Oton I.a erregeak Atenas berreraikitzeko», azaldu du Eri Paklatzidi Atenasko arkeologia zerbitzuko ingeniariak. Hiria erabat suntsituta geratu zen, izan ere, otomandarren aurkako independentzia gerraren ostean (1821-1829) «eta langile haiek eraikin ofizialak eraiki behar zituzten, errege etxea tartean, 1973an monarkia abolitutakoan Errepublikako presidentearen etxebizitza bilakatu zena».

Euren familiek bizilekua izan zezaten, Anafiko langileek etxeak eraiki zituzten euren irlako ohituren arabera eta ilegaltasunaren mugan; izan ere, Akropoliaren arrokaren oinean eta erdigune historikotik eta Plaka zona turistikotik hurbil egin zituzten. «Anafiotikak balio historiko handia du, denboran bidaia egitea da, herri arkitektura islatzen baitu elementu zikladikoekin batera», azaldu du Panayiotis Paraskevopoulos arkitektoak. Denboraren joanean, etxe horietako batzuk hutsik geratu ziren eta jabe berriak erosi zituzten. Egun Anafiko familien oinordeko gutxi dago.

60ko urteen amaieran, etxe hauek Atenasko gune arkeologikoan txertatu ziren, baina hogei bat bota egin zituzten 30 urte beranduago, 2004ko Olinpiar Jokoen baitan egin ziren makina bat lanekin batera, akropolia inguratzen duen oinezko bidea leheneratzeko.

Auzoren zatirik handiena mantendu zen Kultura Ministerioak ondare arkitektoniko izendatu ostean. Erabaki hori tarteko, berritze lanak egiterako orduan bizilagunek mugak izaten dituzte eta etxebizitzen zabalpenak egitea edota eraikuntza osagarriak eraikitzea debekatua dago. «Orain Ministerioa da zonaldearen jabea eta bera arduratzen da etxe hauen zainketaz», dio Paklatzidik. Errealitatean, ordea, Anafiotikan bizi diren 40 familia dira auzoaren biziraupena bermatzen dutenak, arduradunen eta adituen esanetan.

Airbnb izeneko arerioa

Etxe gehienen azpiegitura «oinarrizkoa da eta sarritan ez du ostatu emateko irizpide modernorik betetzen», baina auzoko bizilagunen irmotasun eta konpromisoak eragozten du, Paraskevopoulosen arabera, etxeak eraistea.

Beren aldetik, herritarrek sarri zailtasunak dituzte burokraziari aurre egiteko eta beldur dira zonaldea ez ote den gehiegi esplotatuko, herrialdeko zonarik turistikoenetako bat baita. «Ez da erraza hemen bizitzea», dio Alexandra Katsouranik. Hiru hamarkada darama Anafiotikan eta auzoa babesteko batzordeko kidea da. «Gure etxeak mantentzeko borroka egiten dugu. Baliabide mugatuak ditugu eta horiekin aurre egiten behar izaten diegu legediaren eskaerei eta, batez ere, Airbnb handi bat bihurtzeko arriskuari», nabarmendu du.

Kultura Ministerioa herritarrak lasaitzen saiatzen da eta auzoan denda handiak edota hotelak eta jatetxeak jartzea debekatua dago. Baina bertako auzotar asko kezkatuta daude maizter berriek ez ote dizkieten euren etxeak turistei alokairuan emango. «Grezia guztia gaizki saltzen ari da», aipatu du Alexandra Katsouranik, hainbat enpresa publikoren pribatizazioaren edota Estatuaren ondasun higiezinak saltzeko azken zortzi urteetan Greziako gobernuak hartutako erabakiaren inguruan.