19 OCT. 2020 - 12:15h Euskarabilduak datuen zaintza eta teknologia burujabetza izango ditu hizpide aurtengo jardunaldian 2020ko Euskarabildua urriaren 29an izango da Donostiako San Telmo Museoan eta «Datuen izurria. Zer ari da gertatzen gure pribatutasunarekin pandemia garaian?» da aurtengo edizioaren izenburua. Gemma Galdon, Javier Sanchez eta Marga Padilla izango dira hiru hitzaldietako txostengileak. 2020ko Euskarabilduaren kartela. (Euskarabildua) NAIZ Euskarabilduak, euskara eta teknologia elkartzea helburu duen jardunaldi dibulgatzaileak, 2020ko egitaraua aurkeztu du non bi gai uztartuko dira uzten dugun aztarna digitalari eta pandemia garaian pribatasunari lotuta. Gai horiek «pandemiak agerian utzi duen datuen zaintza» eta «horren aurrean teknologia burujabetzak egin ditzakeen ekarpenak» izango dira. Jardunaldia urriaren 29an Donostiako San Telmo museoan izango da eta besteak beste «sortzen ditugun datuak zertarako erabiltzen dituzte erraldoi teknologikoek?», «Zuzenbide Estatuaren ikuspegitik zein erabilera eman dakioke herritarren datuei?», «herritarrek zer egin dezakegu datuen kontrol publiko bat lortzeko?» edo «zein da hezkuntza eta teknologiaren arteko egoera gaur egun eta norantz goaz?» galderei erantzun nahi die jardunaldiak. Gainera, Euskal Herritik kanpoko hiru hizlari izango dira aurtengo Euskarabilduan, zehazki Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta Eticas Research & Consulting-eko kide Gemma Galdon, Data Justice Lab-eko kide Javier Sanchez eta Dabne kooperatibako Marga Padilla. Hiru adituek hasierako hitzaldia, datuen erabilera eta justizia sozialari buruzko mintzaldia eta existitzen diren alternatibetaz solasaldiak eskainiko dituzte. Azkenik, «Teknologia burujabetza hezkuntzan: Gaur egungo panorama, alternatibak eta aurrera begirako erronkak» mahai-inguruan ‘Argia’ astejariko Mikel Garciak, Elgoibarko Makina Erreminta Institutuko Pedro Arreitunandiak eta Hezkuntzan ere Librezaleko kide Diana Francok parte hartuko dute. Datuen burujabetza «Gu konturatu gabe egunero-egunero datuak sortzen ditugu eta datu horiek kasu gehienetan mundu mailako multinazional handien esku uzten ditugu», azaldu dute antolatzaileek eta zehaztu dute hori horrela dela «erabilera eremu desberdinetan, bai maila pertsonalean, profesionalean, hezkuntzaren eremuan...». Beraz, uste dute ez daukagula gure datuen gaineko kontrolik eta ez dakigula gure datuak dituzten horiek zer egingo duten datu horiekin eta zertarako baliatuko duten. «Datuen sortzaileak gara, baina ez datu horien burujabeak».