GAIAK

Praga, Bohemiako koloreak gidari

Free walking tour» joerak turismoa egiteko modua eraldatzen ari da. Talde txikiei zuzendutako gida autonomoen agentziak dira: merkeagoak, pertsonalizatuagoak eta bezeroarekin «feedback» handiagokoak. Turismo mota berriak Pragan, besteak beste, sekulako arrakasta lortu du.

Neguko eguzkiak ilunabar zoragarriak uzten ditu Moldava ibai bazterretan.

Urte hasiera da, zerua oskarbi dago eta tenperaturak 0 gradu ingurukoak dira: «Ez hotz, ez bero», Pragako biztanleentzat. Hala ere, koloretako aterkiak ikus daitezke Hiri Zaharreko plazako turistengana hurbiltzen. Hainbat turismo agentziatako langileak dira, bisitariaren ehizan, komertzial lanetan, tour taldeak osatzeko. Ez du axola munduko zein bazterretatik datozen bisitariak: harrapakari hauek (zentzu onean, beti ere) turisten hitz bi entzunda nahikoa dute euren talderako modukoak diren edo ez jakiteko.

Europaren bihotzean dago Praga, eta beharbada horregatik bilakatu da bidaiari askoren helmuga. Guztira, sei barrutik osatzen dute: Moldava ibaiaren ekialdean, Josejof (Auzo Judua) Staré Město (Hiri Zaharra); Nove Město (Hiri Berria) eta Vyšehrad; eta ibaiaren mendebaldean, berriz, Malá Strana eta Hradčany. Bistan da 496 kilometro karratuko IX. mendeko hiri hau monumentuz eta eraikin historikoz josita dagoela. 2018an turismoak %8ko hazkundea izan zuen Txekiar Errepublikan, 11 milioi bisita jasoz, Czech Tourism estatu agentziaren datuen arabera.

Alfonso Rodriguez 26 urteko gazte palentziarra da eta gida autonomo legez egiten du lan Pragan. Arte Dramatikoan eta Artearen Historian lizentziatu eta mimo, pantomima eta maskara antzerkiko ikasketak egin ostean, ikuskizun batek Pragara eraman zuen unibertsitateko lagunekin 2016ko apirilean, eta urte bereko urrian bueltatu zen bertara bizitzera.

Harrezkero, PRG Tours enpresan gida lanean dihardu Alfonsok. Hiriak gaur egun jasotzen duen turismoa «gehiegizkoa eta kontrolik eta interesik gabekoa» dela dio eta hiri eder hau behar bezala ezagutzeko denbora behar dela. Agentzia hauek free tourrak, ordaindutako tourrak eta tour pribatuak eskaintzen dituzte. «Free tourren kasuan, turistak berak erabakitzen du zerbitzuaren prezioa bisitaren amaieran. Ordaindutako tourretan prezioa aldez aurretik ezarrita dago eta Pragako Gaztelua eta Malá Strana, Garagardoaren Tourra eta hiritik kanpoko beste tour bi antolatzen ditugu Terezin eta Kutna Hora Erdi Aroko hirietan», azaldu du Alfonsok. Bisita pribatuak aldez aurretik ordaindutako bisitak dira, talde edota norbanakoentzat.

Denbora behar kaleetan galtzeko

Praga bezalako hiri bat behar bezala ezagutzeko denbora eta bertako kaleetan galtzeko jarrera behar da. Hiriaren ikuspegi orokorra izateko, hiru ordu inguruko free tour batekin hastea gomendatzen da, Pragako historian murgiltzeko.

Juany Medina Rodríguez almeriarra da. Arte Ederretako lizentzia eta Arkeologian masterra duen 31 urteko neskak White Umbrella Tours agentzian egiten du lan eta ia urte bi daramatza Pragan, interneteko lan eskaintza topatu zuenetik. «Hiriko ateak irekiko dizkiguten hiru hitzak honako hauek dira: ahoj (kaixo/agur), děkuji (mila esker) eta pivo (garagardoa)», esaten die turistei free tourra hasi baino lehen. Bisitak ez dira batere astunak edukiei dagokienez, eta Juany edo Alfonso bezalako gidekin feedbacka dago hasieratik amaierara arte.

“Doako ibilbide” hauetan Antzinarotik Aro Garaikidera arteko bidaia historikoa egiten da, herri germaniarra, eslaviarrak, abaroak, Karlos IV.ak hiriari emandako hazkundea, Bohemiako Erregeen aroa, sobieten blokeoa... Hori guztia ezagutuko du bisitariak hiriko eraikin nagusiak ikusiz, Hiri Zaharreko plazatik hasita eta Juduen Auzoa bezalako barrutiak ezagutuz, besteak beste. Gidak turismo masibotik ihes egiten duten gomendioak luzatzen ditu: horrela deskubritzen dira hiriaren funtsa eta Pragako bazter ez hain entzutetsuak, baita txekiar gastronomia tipikoa lantzen duten bertako biztanleen jatetxe gogokoenak ere.

Gastronomian, artisau-sagardoa errege

Gastronomiari dagokionez, aipatu beharrik ez dago artisau erako garagardoa dela horretan Txekiar Errepublikako erregea. Jatetxe gehienetan plater bakarreko menua bazkaldu edo afaldu ohi dute txekiarrek, errazio handiak baitira. Eta gosegarririk hartzekotan, sarritan gazta frijitua jaten dute bazkaldu aurretik, garagardoak lagunduta. Bazkalorduan, oso estimatua da behi edota txerri okela saltsan kausera gaziekin, patatak, choucroute edo arrozarekin, esaterako. Txekiako gastronomiak Austria, Eslovakia, Polonia eta Alemaniako gastronomiaren eragin nabarmena du.

Plater maitatuenak ehizakoak (ahateak, antzarak, patea...) eta edozein jatetxetan topa daitekeen gulash izeneko platerak dira: ogi biribil batean zerbitzatutako haragi gisatua; hotzari aurre egiteko primerako jakiak. Postreen artean, trdelník izenekoa (hartzitutako orearekin egina eta kiribil formakoa) hedatu da Hiri Zaharreko eta Malá Strana barrutiko inguru turistikoenetan. Txekiar Errepublikako postrea dela esan arren, jatorrizko errezeta Hungariakoa da berez, eta jatorrian ez zen ez esne-gainarekin ez txokolatearekin zerbitzatzen, deus gabe edo eztiarekin baizik.

Behin hiriaren ikuspegi orokorraz jabetu ondoren, oso gomendagarria da ordainpeko tourrak egitea. Moldava ibaiaren beste aldera eramango gaitu PRG Tourseko Gaztelua eta Malá Strana ibilbideak. Hiri Zaharreko plazatik abiatu eta, gutxira, Karlos IV.aren zubia gurutzatuko dugu eta, bere historia ezagutu ostean, Malá Strana auzo xarmagarrira helduko gara. Ibilbideak Gaztelura doan tranbia-bidaia barne hartzen du eta bisitatzeko parada eskaintzen du, nahiz eta gaztelu osoa ikusteko aukerarik ez egon.

Juany poz-pozik dabil gida lanean Pragan, bere lanaz egunero gozatzen duelako: «Pragako gida turistikoa naiz eta lan duina da», aipatu du gida autonomoak. Alfonsok, ostera, bizitza nomadagoa du eta lanbidea oso gustuko badu ere, ez ditu bestelako esperientziak alde batera utzi nahi. Latinoamerikara bidaiatu nahi luke eta, batek daki, egunen batean baita antzerki mundura itzuli ere.