GAIAK

Maiatzerako 10 milioi lagunentzat doako txertoak espero ditu Osasun Ministerio espainiarrak

Salvador Illa Osasun ministro espainiarrak adierazi duenez, 2021eko maiatza hasierarako hamar milioi lagun dohainik txertatu ahal izateko adina dosi izatea espero du. «Dena oso ongi» joango balitz lehen dosiak 2020ko bukaeran izan litezkeela uste du.

Sinovac Biotech konpainia txinatarrak ekoitzi duen koronabirusaren aurkako txertoa, oraindik froga fasean. (Silvio AVILA/AFP)

Salvador Illa Osasun ministro espainiarra baikor mintzatu da Pfizer eta BioNTech konpainia farmazeutikoek atzo egin zuten iragarpenarekin eta «etorkizun handiko urrats esanguratsua» dela nabarmendu du.

RTVEn egin dioten elkarrizketan, ministroak esan du aste honetan bertan espero dutela Pfizer-ekin eta beste enpresa farmazeutiko batzuekin kontratuak sinatzea, koronabirusaren aurkako txertoaren lehen dosiak 2021eko hasieran Estatu espainiarrera iritsi ahal izan daitezen. «Dena oso ongi» joango balitz, 2020ko bukaerara aurreratu daitekeela uste du.

Aurreikuspen horiekin, ministroak adierazi du heldu den urteko maiatza hasierarako «populazio kopuru esanguratsu bat» txertatuta egon litekeela Estatu espainiarrean. Zehazki, hogei milioi dosi izatea espero dute osasun agintariek, hamar milioi pertsonari txertoa dohainik jarri eta immunizatu ahal izateko.

Illak ez du argitu txertatzea derrigorrezkoa izango den ala ez, baina ez du uste beharrezkoa izango denik eta espero du «jendeak ulertzea gaixotasun infekziosoekin bukatzeko modu eraginkorrena dela».

Txertoa doakoa izango da, eta adituen eta profesionalen irizpideei jarraituta kolektibo zaurgarrienei jarriko zaie.

Ministroak nabarmendu du egoera «oso kezkagarria» dela eta aurretik egiteko asko dagoela, baina «tunelaren bukaeran argia ikusten hasi gara».