GAIAK

Gales: herrialdearen bihotzera bidaia

Istorioz eta kondairaz beteriko ibilbide liluragarri hau Cardiff-etik Powis-eko gaztelura doa, ardiz zipriztindutako larre berdeko mendien, Deabruaren Zubitik jariatzen diren ur-jauzien, herri literarioen eta paisaia gogoangarrien artean.

Cardiff (GETTY IMAGES).

Galeseko hiriburua Industria Iraultzan munduko ikatz portu nagusia izan zen», esan du Mikek; hoteletik hiriko erdigunera naraman gidaria da; ibilbide osoan zehar lagun izango dut. Irribarre txikia egin du eta honako hau gehitu du: «Gaur hiri modernoa da eta kultura eskaintza interesgarria du». Alabaina, bada erromatarren inbasiotik aldatu ez den gauza bat. Hiri osoa gune historikoaren buru den gazteluaren bueltan mugitzen da. Gaztelua hainbat aldiz berritu eta zabaldu dute garai historiko desberdinetan zehar.

Azkenengoz, Buteko markesak, munduko gizon aberatsenetakoak, eraldatu zuen Cardiffeko gaztelua, egungo neogotiko estiloko espektakulu bitxi bihurtzeko. Gehien harrituko zaituena barnealdea da. Bertan gotikoa, greziarra eta islamiar artea batzen dira, areto benetan berdingabeak sortzeko; adibidez, Bankete Areto maiestatetsua, edo Teilatu Lauko Lorategia, paretak estaltzen dituzten alikatatuan testamentu zaharreko pasarte handiak dituena.

Cardiff izen handiko hiri unibertsitarioa da, eta, ikasle hiri guztiek bezala, erdigune historiko bizi eta zalapartatsua du, eta bizitza sozial eta kultural handia; Cardiffeko Museo Nazionala da horren erakusgarri onena.

Kulturaren garrantzia

Parisko Orsay museoaren atzetik, arte inpresionistaren bilduma handiena bertan dago. Baita artearen historiaren 500 urtetik gora hartzen dituzten obrak ere. Eta kultura alternatiboa bilatzen baduzu, Canton-eko Chapter Arts Center-ek zinema, arte eta antzerki sorkuntza independentean eskaintza oparoa du.

Cardiffetik ordu eta erdira Galesko herri ospetsuenetako bat dago, Hay on Wye. Bidean gaztelu monumental bat aurkituko duzu: Caerphilly-koa. Hain da ederra; gelditu eta ikustea beste aukerarik ez duzu izango. «Galesko gaztelurik handiena da eta Windsor-ekoaren ondotik Britainia Handiko handiena», azaldu dit Mikek ekialdeko gotorgune ikusgarriari argazkiak ateratzeko jaisten ari nintzela. Gaztelua harresitutako babes erreten bikoitzak inguratzen du, oso irudi boteretsua ematen diona. Barruan, Great Hall delakoak ematen du atentzioa. Festa areto handi bat da, gaur egun ekitaldi garrantzitsuak eta ezkontza zibilak hartzen dituena.

Azkenik, Hay on Wye-ra iritsi gara. Inoiz ezer gertatzen ez dela dirudien 1.500 biztanleko herri txiki bat da. Black mendien iparraldeko muturrean dago, eta bertako lau kaleak Erdi Aroko normandiar gazteluaren inguruan metatzen dira. Gaztelua birrinduta utzi zuten ingelesen eta galestarren arteko ondoz ondoko borroka historikoek. Zutik iraun zuenak liburu-denda bat hartzen du gaur egun, zati bat aire librean duena. «Herri xume hau oharkabean pasatuko litzaioke edonori ez balitz Richard Booth Erregeak izan zuen ideia bikainagatik –esan dit Mikek–. Hark ireki zuen bigarren eskuko lehen liburu-denda duela 50 urte. Handik gutxira beste batzuek jarraitu zioten eta herria helmuga kultural bihurtu zen, erabilitako liburuak erosteko toki».

1988an Florence familiak Hay Festival delakoa sustatu zuen eta horrek Hay on Wye munduko mapan kokatu zuen. Ekitaldia udaberrian izaten da eta munduko literatura jaialdi prestigiotsuenetako bat bihurtu da, urtero 11 egunean zehar 100.000 bisitari erakartzen dituena, mundu osoko idazle, poeta, filosofo, historialari, narratzaile, komediante eta musikariak entzuteko, zeintzuek publikoarekin hitz egiten duten, ideia truke dinamikoa izanez.

Bertan hizlari arituak dira Bill Clinton, Chelsea Clinton, Benedict Cumberbatch, Jacqueline Wilson, Judi Dench aktorea edota Margaret Attwood. Klima iragarri ezina da. Edo hobeto esanda, euria segurua da, baina inoiz ez da festa hondatzeko motibo.

Elan-eko haranean

Rhayder-eraino doan A-470a hartuz, Elango haran ederrean barneratu gara. Cambrian-go mendi malkartsuetan dago harana eta berau esploratzen hasi aurretik Mikek autoa bisitarien zentroan gelditu, eta sartzera gonbidatu nau. Komeni da bertatik pasatzea. Inguruaren mapa bat ematen dizute, bertako toki interesgarrienak ikusteko oinez, bizikletaz edota autoz egin daitezkeen ibilbideen berri ematen duena. «Haranaren xarma bere antropizazioan datza», esan du Janek, bidelagun dugun gida atseginak. Begiak zabalzabalik dituela hau gehitu du: «Gutxitan uztartu dira natura eta gizakiaren eskua Elango haranean bezain ondo».

Eta ez zaio arrazoirik falta, paisaia idiliko hau ikusita, bistakoa baita 1892an Birminghameko beharrei erantzuteko eraikitako presak zein ondo uztartzen diren haranaren modelatu leunarekin. Eraiki zen azkena Claerwen-ekoa izan zen, Elizabeth II.a erreginak 1952an inauguratua. Ni neu Craig Góch-eko urtegiaren biaduktuaren arkitektura dotoreak liluratzen nau, zeina aldi berean euste-horma den. Hemendik eta bertara iristeko errepidetik haranaren eta gainerako urtegien bistak ikusgarriak dira. Inoiz ez nuen pentsatuko arkitektura industrialari esker halako paisaia idilikoa ikusiko nuenik.

Hurrengo geltokia, Deabruaren Zubi mitikoa eta Mynach-eko ur-jauziak, Pontarfynach herrian. Mikek dioenez, «kondairak dio Beltzebu dela egungo zubia ekarri zuten hiru zubi gainjarrien iturburua. Lehenengo zubia ausartegia da gizakiak egina izateko, eta ahozko tradizioak dio deabruak baino ezin izango zuela hori gauzatu». Gidariak irribarrez keinu egin dit eta zera gehitu du: «Ez dago zalantzarik XI. mendean Strata Floridako mojeek eraiki zutela; 1708an bigarren zubia eraiki zen lehenengoaren gainean; eta 1901ean gaurdaino iritsi den eraikin bitxiaren buru ageri den burdinazko zubia eraiki zen».

Pontarfynach leku pribilegiatuan dago. Rheidol ibaiaren haranaren goi-ibarrean, Plynlimon mendikate betean, Cambrian-eko mendien bihotzean. Deabruaren Zubiko edo Mynach ibaiko ur-jauziak paregabeak dira; XVIII. mendeaz geroztik amu turistikoa dira. Bertara iristeko baso basati batean barrena egokitutako mendi-bide bat dago, haran barruko paisaia harrigarriak eskaintzen dituena. Eta bista zirraragarriak haitzarte gainean, 90 metroko amildegian bata bestearen atzetik ageri diren ur-jauziekin.

Denboran barrena bidaia

Sarah Bunton-en txokolategi ospetsuaren parean –leiho batetik txokolategileak artisau eran lanean ikus ditzake bezeroak– Pontarfynach-eko tren geltokia dago. Bertatik irteten da Vale od Rheidol trena, Industria Iraultzako espiritua islatzen duena. Lurruntren horretara igotzea denboran barrena bidaiatzea da. Bere leihoetatik, lokomotorrak jariatzen duen ke artean, Rheidol-en haraneko mendi-hegalei forma ematen dieten zelai amaigabeak ikusten dira. Linea hori meategietako beruna garraiatzeko jarri zuten martxan, baina ehun urtetik gora daramatza turistak Deabruaren Zubitik Aberystwyth-era (eta alderantziz) garraiatzen. Bertara iritsitakoan, zain dut Mike, ibilbidean aurrera jarraitzeko.

«Lagun, Aberystwyth-en gaude; ‘Ystwyth ibaiaren bokale’ esan nahi du», jakinarazi dit gidariak euri fin bat hasi dela-eta haizetakoa pizten duen bitartean. Eta honela jarraitu du: «Ceredigion-eko kostalde malkartsuaren erdi-erdian dago, eta Aber ezizenez da ezaguna». Hemen bide guztiek viktoriar estiloko bere itsas pasealeku dotorera ematen dute; Galesko kai zaharrena dauka, 1864an eraikia.

Hiriaren panoramika onena Constitution muinotik har daiteke; North hondartza gainean 430 oineko garaiera hartzen du. Hemen aurkituko duzu munduko kamera ilun handiena. Edo hala iragartzen dute behinik behin, 360 graduko bista panoramikoa eskaintzen duela hiriaren inguruko 1.000 milia karraturen gainean.

Gaztelu artean

Ginebra maite baduzu, ezin zara bertatik joan Dyfi destilategia bisitatu gabe. Aberystwyth-etik 20 bat kilometrora dago, Corris Artisautza Zentroan, Machynlleth-etik hurbil. Artisau ginebra ekoizten dute, Dyfiko Biosferaren Erreserbako produktu basatiekin egina, eta 2017an Great British Food Awards-etan Erresuma Batuan ekoiztutako ginebra onenaren saria jaso zuen. Ibilbide honek eskaintzen duen esperientzia gastronomiko onenetakoa da Dyfi destilategiko buru diren bi artisauen eskutik dastatze saio batean parte hartzea. Erabateko eromen organoleptikoa.

Tyn Y Cornel hotela, 1800eko hamarkada hasieratik erreferentziazko hotela, eta Galesko erdiko mendietan kokatua, toki ezin hobea da goizean goiz Castell gazteluaren hondarrak eta Bere izeneko toki magikoa ikustera joateko. «Natura basatiz inguratutako tokigaldua izaten jarraitzen du, Llywelyn Handiak lehen aldiz aurkitu zuenean bezalakoa», esan du Mikek agur esan baino lehen. Autotik atera eta basoan barneratzen den bidexka bat hartu behar dut.

Neurrian ibili ostean, betiere gorantz, gotorlekua ageri da nire begien aurrean. Gailur batean dago, Dysynni haranaren ekialdeko azaleratze harkaiztsu baten gainean. Gotorleku honek Gwynedd-eko erresumaren hegoaldeko muga babestu zuen. Eta nahiz eta hondakinak besterik geratzen ez diren, bere oinarrian gaztelu galesen bereizgarriak antzeman daitezke. Erraz susma daiteke, bere kokapena ikusita, garai batean Tywyn-eko kostaldetik iparraldera Dolgellau mendietan barrena zihoan ibilbide komertzial garrantzitsua kontrolatu zuela.

Ingurumarian, gazteluko ibilaldia amaituta, interesgarri gerta liteke Tal Y Llyn Heritage Centre delakora hurbiltzea. Bertan Maria Rees entzutea luxua da; Galeseko ipuin eta kondairak kontatzen dituen adineko andre hau energia-uholdea da. Bere irribarre zabalak eta bere hitz-jarioak duen bizitasunak bizitzarekin adiskidetzen zaituzte. Jarduera mugituago bat izan nahi baduzue, kilometro gutxi batzuetara National White Water Center delakoa dago, duela 25 urtetik rafting egiteko aukera eskaintzen duena. Tryweryn ibaia mendi malkartsu eta harkaiztsu batetik behera jaisten da, eta bide horretan ur-laster bizkorrak uzten ditu; baltsa puzgarrietan adrenalina deskargatzeko jaitsiera zirraragarria da bere korronteari segitzea.

«Gure ibilbidea amaierara iristen ari da», aipatu dit Mikek atsekabe aurpegiz, Vyrnwy-ko aintzira bitxia besarkatzen duten mendi-bizkar leunetan barrena gidatzen ari den bitartean. Powis-eko gaztelurako bidean goaz. XVII. mendeko jauregi-gotorleku polita da, barnealde ederrak dituena. Herrialdeko lorategi historiko onena dago bertan. 1670eko hamarkadan sortu zuten italiar errenazentista estiloan eta gaztelua dagoen mendi-hegaletan kokatu zuten. Urrunetik begiratuta, gotorlekua kuxin berde erraldoi baten gainean eserita dagoela dirudi.

Etxera itzuli aurretik, azken geldialdia Birmingham hiri ingelesean egin dugu. Bertan paseo txiki bat eman dugu zaharberritzen ari diren gune historikoan. Nola geratuko den agertzen duten irudiak ikusita, ikusgarri geratuko dela ematen du. Modernitatea eta tradizioa harrigarriro uztartuko dira. Kanaletik hurbil, Ikon galeriaren ingurumarietan, Mikek bidaiako azken ezustekoa prest du niretzat. Maribel jatetxean afari bat, non Harvey Perttola chef ezagunaren eskutik –hiriko sukaldaritza abangoardistenetako bat egiten du– merezi duen moduan agur esango diogun ibilbide zoragarri honi. David Muñoz sukaldariak esango lukeen moduan, hemen jatea «festa latza da».