GAIAK

Musikasten, abestien letrak abiapuntu dituen «euskarazko musikaren entziklopedia»

Ostegun honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean, jarri dute martxan Musikasten webgunea. Euskaraz abestu duten artista zein talde guztiak indexatu nahi dituen proiektu entziklopedikoa da.

Berri Txarrak taldearen abestien letrak aurkitu daitezke Musikasten webgunean. (Juanan RUIZ / FOKU)

Musikasten (www.musikasten.eus) webgunea jarri dute abian ostegun honetan, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginda. 1960tik hasita gaur arte euskaraz abestu duten artista zein talde guztiak indexatu nahi dituen proiektu entziklopedikoa da.

Euskaraz argitaratutako diskoak, konposatutako abestiak eta talde eta artistak aurki daitezke bertan. Gainera, letrak kontsultatzeko, audioak entzuteko, bideoklipak ikusteko eta musika erosteko aukera ere ematen du atariak, sustatzaileek jakitera eman dutenez.

Hain zuzen, 500 talde eta abeslari, 1.600 disko eta 12.500 abesti baino gehiago bildu eta zerrendatu ondoren jarri da martxan proiektua. Argitaratzen diren disko eta abesti berriekin osatzen joango da eta informazio guztia doan izango da.

Bilaketa motorrari esker, era guztietako datuak bila ditzakete erabiltzaileek: artista baten ekoizpen musikal osoa, sare sozialetan dituen kontuak (Facebook, Twitter, Myspace, Instagram eta abar), plataforma digitaletan duten presentzia (Spotify, Youtube, Deezer, Soundcloud, Bandcamp eta abar) edota artistaren denda digitalak (iTunes, Amazon).

Hitzak edo esaldiak

Gainera, hitz zehatz bat (hiri baten izena, urteko hilabete bat, izen propio bat) edo esaldi oso bat bila daiteke eta letran hura duten abestiak azalduko dira. Mapa osatu bat ere du webguneak, Euskal Herriko artista eta taldeak jatorrizko herrietan aurkitzeko. Abestiren bat euskaraz duen munduko edozein talde mapan zehar ere azalduko da.

Musikasten ekimenaren bultzatzaileen asmoa da euskarazko musika sustatzen eta zabaltzen laguntzea, «musikak bizi duen une artistiko bikaina aprobetxatuz eta sare euskalduna indartuz». Ildo horretan, euskarazko talde berrien sustapen kanala ere izan nahi du.

Antzeko proiektuen artean, Viasona webgunea sortu zen lehenik, katalanez egindako musika ekoizpena biltzen duen plataforma. Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta 100.000 abesti bilduta, Kataluniako musikaren webgune erreferente eta liderra da. Geroago, 2019an sortu zen Trobasons, okzitanierazko musikaren ataria; 15.000 abesti ditu.

Tirabol Produkzioak enpresak sortu duen azken proiektua da Musikasten.