06 DIC. 2020 - 19:51h Habi eta Dena, gure gaur egungo rock eszenaren argazki gardenak Habi taldearen emanaldia, Dabadaba aretoan. (Jon URBE/FOKU) Izkander Fernandez Donostia Zein txikia den gure herria eta, ondorioz, zein txikia, bitxia, den gure musika eszena. Urteak etorri, urteak joan, taldeak eta artista berriak agertu eta desagertu, motorea beti martxan, sorkuntza beti bizia. Hondorik dugunik ez da inoiz argi geratzen eta ez da inoiz argi geratuko gure eszenak proposamen berriak, energikoak eta argiak behin eta berriro azaleratuko dituelako. Hori delako gure dinamika eta gure izaera. Eta hori izan zen Durangoko Andra Mariko elizpean 1965ean Durangoko lehenengo euskal liburu eta disko azoka egitera bultzatu zuen arrazoi nagusia. Gaur, 55 urte beranduago, pandemia ilun eta latz baten erdian, Durangoko Azokak bere burua berrasmatzeko beharrean ikusi du eta, beste behin ere, bere helburua bikain aurrera aterako du. Plataforma digital erraldoia martxan ipini du, streaming bidezko emanaldiak gehitu eta gure eszena indartzeko, talde ugarien kontzertuak sakabanatu ditu Euskal Herriko hainbat aretotatik. Gaur, hemen, Donostiako Dabadaban, Habi eta Dena ikusteko aukera dugu baina beste hainbat talde ikusteko aukera izango dugu oraindik abenduaren 8ra arte Euskal Herriko leku ezberdinetan. Habi eta Dena gure eszena txiki, bitxi, bizi eta nekaezinaren eredu garbiak eta itxaropentsuak dira. Gure gaur egungo rock eszenaren argazki gardenak eta, ondorioz, gure etorkizunaren errealitatea beste hainbat talderekin batera. Batzuk aipatzeagatik, Ezpalak, Ikarass, Ro, Mihise, Arima, Kuartz, Lepora, Oki Moki, Myotones, Sorkari, Pleura… aurten edo duela gutxi agertu dira gure belarrien aurrean eta gure eszenaren aniztasuna, kalitatea eta berotasuna argi uzten dute. Habi Villabonan jaioak, heziak, hasiak eta Villabonan talde bezala sortuak. Jon Ander Artolak bateria lanak betetzen ditu, Yeray Gazkonek gitarrarenak. Post-rock, hardcore, rock eta grungeko melodia eta zarata kontrolatua eta orekatuaren artean dotoreziarekin mugitzen den bikotea. 2019ko ekainean ‘Loratu’ publikatu zuten. Aurten, aste honetan, euren bigarren urratsa: ‘Koloreak’. Azal baltz baten ostean, zortzi kantetan zehar, kolore guztiak ezkutatu nahi izan dituzte. Eta orokorrean, lortu dute. Dabadaban aipatutako oreka hori hautsi egin nahi izan dute. Edo, agian, askeago mugitzearen alde egin dute. Lehenengo kanta lasaia, geldoa, emozionala... baina bukatzean, Jon Anderrek gogor ekin dio bere bateriari eta Yerayk gogoz astindu du bere gitarra distortsionatua. Zuzenekoan, Habik kolore eta tonu ezberdinak errespetatzen ditu, bai, baina bortizkeriari eta biolentzia sonoroari ezetz ez dio esaten. Ez da ezustekoa baina egia da euren diskoetan haratago joateari hesiak jartzen dizkiotela. Hala ere, zuzeneko bat tresna fisiko bat da, izerdia, malkoak eta eztarri apurtuak eskatzen dituen ibilgailua. Horrela ulertzen du ere Villabonako bikoteak. Eta eskertu behar zaie. ‘Koloreak’, euren bigarren diskoari izena ematen dion kanta, hirugarrena izan da Dabadabaren agertokian. Grunge usaineko melodia garbiko abestia non distortsioak eta sentsibilitateak garrantzi berezia duten. Habikoek ez diote melodiari bere leku zentrala inoiz ukatzen. ‘Koloreak’ horren adibide garbia da. Riffaren monolitoari kultua egiten diote noizbehinka baina beti, beti, abesti lasaietara heltzen dira berriro. Berotasun handiko barealdietara non atmosfera hunkigarriak eraikitzeko ahalmena azaleratzen duten. Halakoa da ‘Kiratsa’, minari buruzko kanta polit bat. Indarra eta barealdiaren arteko joan-etorri etengabe batean legoke Habiren trebezia garrantzitsuena. Hortik mugitu da kontzertuaren amaiera ‘Pareidolia’ eta ‘Zelatan’ abestiekin. Estudioan biolentzia eta indarraren erabilera mugatua egiten dute. Gaur, Donostiako Dabadaban, beldur gabe eta gainezka egiteko arazorik gabe aritu dira 50 minutuko oso kontzertu ona eskainiz. Dena Ondarroan aurten sortutako hirukotea. Duela aste gutxi batzuk ‘Ezer sentitzeko’ lehen diskoa plazaratu zuten. Habiren proposamen musikaletik gertu daudela esan genezake. Post doinuak, rocka, hardcorea eta metala nahasten dituzte maisuki. Habik oreka bilatzen duen heinean, Denakoek biszeralitatea eta carpe diema besarkatzea nahiago dute. Kontzertua zuri-beltzean hasi dute Ondarroakoek, bidegurutze existentzial baten erdian. Laster apurtu da gure arnasa gitarraren danbadarekin. Denakoek zuzenekoari begi zorrotzekin begietara begiratzen diote, beldurra erakutsi gabe, ausardiaz, intentsitatez eta nerabetasunetik jaiotako energiaz. Rockak galdu behar ez lukeen energia, rockak galdu behar ez duen zintzotasuna eta rockak beharrezkoa duen lotsa (bai faltakoa eta bai agerikoa), hori guztia eta asko gehiago, Dena taldearen eskaintzan aurkituko duzu. Imajinazioa arin joaten zaigu. Horrelako talde bat, daukan gaztetasunarekin, ‘Ezer Sentitzeko’ bezalako disko bat kaleratzeko kapaza bada, zer ez du egingo etorkizun hurbil batean? Eta zer ez du egiten momentu honetan? Euren kantak zuzenekora eraginkortasunarekin eraman baitituzte. Bertan daude kapa guztiak, gitarra guztiak eta melodia guztiak. Estudioan indarra eta hurbiltasunaren artean lantzen duten elkarrizketa interesgarria zuzenekoan ederto mantentzen dute. Eta Dena taldearen gaur egungo ahalmen guztiak laburbiltzen dituen kanta bat balego, hori ‘Zerbait’ izango litzateke. Kanta bikaina, benetan. Gutxi ez bada Deftones talde estatubatuarraren ‘Change (In the House of Flies)’ kantaren bertsio batekin ausartu dira eta egia esateko, itxurosoa gelditu zaie. Kontzertu laburra, ez dago momentuz gehiago eskatzerik, baina kontzertu bizia eta efektiboa, etorkizun polit batean pentsatzea bermatzen duena. Badoa beste igande arratsalde bat. Zorionez, Habi, Dena, Durangoko Azoka eta Dabadaba aretoari esker, gure rockaren oihartzunak lagun izan ditugu gaurkoan. Aurretik, iluntasunean eta euripean egin beharreko ordu batetik gorako kotxeko bidaia. Azkeneko asteetako minaren ostean, mina ez dela joango badakigu, bere kiratsa oraindik hilabeteetan zehar mantenduko dala gure memorian badakigu, Habi eta Dena taldeekin gaurko hitzorduak bihotza puztu digu. Euren energia, gure energia da orain. Kotxera heldu, goizean prestatutako kanta zerrenda martxan ipini eta bakea berriro sentitzeko unea heldu da baxua, gitarra, bateria, ahotsa eta errepidearen magiarekin batera. Honetarako jaio nintzen eta honengatik hilko naiz. Zein da zure helburua? Zein zure aburua?