06 DIC. 2020 - 07:30h Hari fin bat Mikel Urdangarin, musikaria. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Mikel Urdangarin «Oholtza zabala da, eta sakona. Sabaia bera ere handik goitik begira duzu. Arnastoki oparoa. Eta hala ere engainatzera garamatza, ilusio hutsa da. Bizileku ustez ziur horren pean amildegia aurki baitaiteke. Galera. Izan ere, hari fin ikusezin batek eusten zaitu zutik lur gainera. Hari mehe eta hauskorra, ondo bidean erortzetik libratuko zaituena. Zugandik, entzule, bortitz banandu nazakeena, zugana sendo lotuko nauena. Hola sentitu naiz agertokira bakarrik agertu naizen ia guztietan. Hauskor. Gaur ez da ezberdin izango. Pianotzarrak, kontrakoaren ustean, lokarri fin hori are meheago bihurtuko du ezinbestean. Eta nik hari fin, hauskor horretan sinisten dut, horixe bera naizelako. Hari fin, hauskorra, hauts daitekeena. Hari fin, hauskorra, eutsiko nauena». Hogeita hiru bat urte izango nituen Elliot Murphy lehenengoz ikusi eta gozatu nuenean. Jendez erdizka zegoen Zornotzako areto gorde eta txukunean gertatu zen zelanbaiteko bataio hura. Ez nuen kantaria ezagutzen. Aretorako ohitura nuelako gerturatu nintzen gau hartan antzokira. Jende askorik ez baina ezinegon antzeko bat antzeman nezakeen ni inguratzen ninduen entzuleria helduarengan. Laba isurtzear zegoen sumendi lotiaren antzera. Bere azken lana zerabilten ahapeka batzuek, beste zenbaitek ordea, ia kantu hau ala beste hura joko ote zuen elkarri galdezka. Argi nuen oholtzara agertzeko zen gizasemea ezagutzen zutela. Irrika zen nagusi butaka artean. Jendarte horretan ni nintzen ardi beltz, Paristik heldu berri zen artistaz ezer gutxi zekiena. Emanaldia hasi aurretiko kortesiazko minutu berantiarretan, soinu banda zirudien isilpeko zurrunbilo lainotsu hori zeharka, han agertu zitzaigun bat-batean kantari estatubatuarra. Sonbreru beltzdun ilehori meharra. «Zein hauskor», pentsatu nuen nire baitan. Gitarra akustikoa soinetik zintzilik eta ibilera erabaki baina patxarosoan. Sarrera bikaina ondoren biziko nuen hipnosi ariketarako. Beranduago jakin nuen kantariak bandarekin jotzen zuela tarteka, baina gure begien aurrean bakarrik plazaratu zen gizona. Bakarrik. Hartara, bertsolariak salbu, pertsona bat bakarka kantuan ikusten nuen lehen aldia, ziurrenik. Eta ni harritu samar, gisa soil horretan agertu zelako. Kontzertuaren gorabeherez ez naiz bereziki ondo gogoratzen. Ezinezkoa gau magiko hartan bizitako guztia gure erretina zigortuak gordetzea. Baina bai oroitzen dut azken kantuaren aurretik musikariak kontatu zigun istorioa: badirudi, zenbait urtetan eta nolabaiteko arrakasta ezagutu ondoren, AEBetatik desagertu samar ibili zela, mainstream-etik urrun. Europatik omen zebilen bera, han eta hemen kontzertuak ematen. Halako batean heldu omen zitzaion bere belarrietara zurrumurrua: Ameriketako musika estudioren batean esaten ari ziren Elliott Murphy hila zela; horixe zela haren desagerpenaren arrazoia, ez besterik. Berak hori guztia gitarraren arpegioez lagunduta kontatzen zigun, hitz neurtuekin, era solemnean, bere buruan sinisten duenaren gerizpe indartsutik, ehunka eta ehunka emanaldik damaizuten talaia sendo eta ziurretik, zalantzarik egiten ez duen tribuko jefearen antzera. «Elliott Murphy hilda dagoela al diote? Hilda? Elliott Murphy bizirik dago! Bizirik! Elliott Murphy is alive!». Bai, bizirik zegoen gure sonbreru beltzdun ilehori meharra. Katartikoa zirudien in crescendo-arekin agurtu gintuen han batu ginen sarituok. Ezin gorde daitezke banan-banan, kantuz kantu, orduan bizitako emozioak. Baina bai gorde nezake gaur arte bizirik iraun duen errainu bat edo beste. Bai, gordetzen dut oroitzapenen iruditegi beti aldakorrean kontzertuaren bukaera aldera sumendiak eztanda egin zuela: Elliott Murphy zen sumendia eta oholtzapekook ginen laba. Pertsona bat oholtza gainean, gitarra eskuetan, bere bakarrean. Urteak aurrera joan ahala sarri pentsatu dut kontzertu hartan. Nik musikari izan nahi nuela erabaki nuen eguna. Nire hiztegi pertsonalizatuan bataioa deritzona. Talde apartaren babesean hurreratu izan balitz artista puska, akaso ez zen bizi izan nuen hunkidura emango. Ezezkoan nago. Bataioa pertsona bakarrak ekarri zuen. Bakarka aritzeak zekarren ataka berezi, bakan eta paregabeak ekarri zuen. Ahots eta gitarraz aurkezten zen gizon mehar horrek ekarri zuen. Norbait arriskuan ikusten duzunean eragiten dizun ikusmin eta egonezina batzen dituen egoeran gertatu zen gertatu beharrekoa. Izan ere, zailagoa baita taula gainean beldur latza sorrarazten digun akatsa ezkutatzea bakarrik zaudelarik. Bakarrik zaudenean den-dena anplifikatu egiten da, on eta txar, biderkatu egiten dira bertuteak eta gabeziak. Estropezu eginez gero nekezagoa da pausoa berreskuratzea. Berezkoa dugun hauskortasuna ageriagoa da halakoetan. Eta gure Elliottek gau hartan galazko jantzirik hauskorrena zeramala kantatu zigun bertaratutakoei. Sonbrerutik puntadun oinetakoetara larruz jantzita egon arren, ez baitzen posible biluztasun hura estaltzea. Beltz burutik oinetara, eta hala ere, ura bezain garden eta iheskor. Eta berak bazekien biluztasun hartaz, hauskortasun horren indarraz, eta zinez erabili zuen erabili zuenez. Zeren arestian aipatu bezala, on eta txar biderkatzen diren bakarkako eremu horretan, musikariak ez zion bigarrenari lekurik egin. Gerta zitekeen baina ez zion egin. Eta gertatu izan balitz ere, bere alde makurraraziko zuen akatsa. Sarri ikara sorrarazten digun isiltasuna aldeko jarri, atzean, goian eta aurrean isiltasun erraldoia jarri eta jotzeari ekin zion, munduko orkestrarik finenak eman diezazukeena baino babes handiagoa lagun. Hari finak eutsi egin zion fuerte gu ginen bestaldeari, zubitzar bilakatuz. Sentipenak bi norabideetan, joan etorri bortitzean. Hura zen hura, ikuskizuna. Musikaren indar paregabeaz gau hartan jabetu nintzen lehenengoz. Musikari izatea erabaki nuen eguna. Egun hori bizi eta gutxira hasi nintzen gitarra klaseak hartzen. Bizpahiru akorde ikasi eta lehen konposizioekin hasi nintzen. Ez nuen formazio mardulik edukitzera itxaron. Aukerak sorrarazten nituen eman pauso ttiki bakoitzean. Elliotek nirekin erabili zuen indar hura ortzi mugan. Beti arriskutik hurbil, beti hari mehetik oinez, pentsatuz hura zela sentipenak bideratzeko modu bat zilegia. Sortu beharra nola sortu baino premiazkoagoa izaki, berdin zidan ganbara erdihustu batetik sortzeak. Nik indar hura bizi eta biziarazi nahi nuen. Gaur arte. Izan ere, taula gainetik butaketara doan balizko indar horrekiko gatibutza gehienetan plazerezkoak, inoiz ere minezkoak, agindu izan du nire kantari ibilbidean. Joan dira urteak eta lehengoa ez banaiz ere, orduko Mikeletik asko dago oraindik. Arriskuak era larrian erakartzen duen nerabeak hor dirau. Ganbara erdi hustuan sormenari bidezidorra egiteko gai nahikoa dagoena sinistuta, kantu bakoitzean benetakotasuna islatzeko baldintza bakarra duena xede. Neroni naizen hari finari tiraka, musika den indar amaigabeari tiraka, sekula ez hautsi, inoiz bukatuko ez den hari hauskorrari tiraka.