07 DIC. 2020 - 08:50h Portugalen, Supertubos olatu bila Portugaleko kostalde osoan zehar aurki daitezke hondartza eta surf egiteko leku bikainak. Peniche eta Ericeirako kostaldeak dira ezagunenak. Gainera, udazkena garai aproposa da irteera egiteko; beti ere, noski, egoerak ahalbidetzen duenean. Surflari bat, Penichen (Getty). Haritz Larrañaga Udazkena (ihartzea, larrazkena, neguantza, udagoiena, udatzena,...) bete-betean, egunak labur eta gauak luze. Itsasoko urak ere gero eta hotzago, pisutsuago, indartsuago. Ziklo baten amaiera gisa aurkezten zaigun aroa da, baina itsasoan beste ziklo baten hasiera da. Haizete, eurite eta tenperatura apalen garaia izan daiteke, baina baita itsaski eta olatu handiena ere; beraz, ez da batere urtaro txarra itsasoa zakar maite dutenentzat. Urria (urrieta, hurrila, lastahila, biltzila) hilabete ederra da gurean. Itsasoko urak oraindik ez daude oso hotz eta hego haize dabilen egun goxoak ere izaten dira. Gainera, urrun joan gabe, gertuko bidaiaren bat egiteko garai aproposa ere bada. Portugalera joateko parada ezin hobea izan daiteke. Noski, egungo egoera berezia aldatzen denean. Peniche eta Ericeirako kostaldeak Iraila eta urria hilabete aproposak dira Portugaleko itsasoaz gozatzeko. Lehorrean eguraldia goxoa da eta uraren tenperatura freskoa bada ere, ez da oso hotza. Udan Portugaleko urak Kantauri itsasoan baino hotzago daude, baina neguan ez dira gurean adina hozten. Hegoalderantz joz gero, berriz, tenperaturek gora egiten dute, bai lehorrean, bai itsasoan. Portugalgo kostalde osoan zehar leku bikainak aurki daitezke surf egiteko. Peniche eta Ericeirako kostaldeak dira ezagunenak, eta ez da harritzekoa, kostalde zoragarria baita. Bertako hondartzen orientazio anitzek, itsaskien eta haizeen norabideen arabera, leku batera edo bestera jotzeko aukera zabala eskaintzen dute. Hala ere, ekialdeko haizea da leku gehienetan olatu onak izateko haizerik egokiena. Portugal, Ozeano Atlantikoa musukatzen duen Europako azken lurmuturra izaki, itsaskien zuzeneko kolpeei jazarria dago; beraz, uhinak ere gurean baino maizago izaten dira. Itsaski handiak direnean, ordea, surf egiteko aukera anitz izaten da, kostaldeak bere luze-zabalean dituen orientazio desberdinek itsaskien sarbidea ezberdina izatea ahalbideratzen baitute. Zenbait leku babestuago daude eta itsaskiek ez dute zuzeneko eraginik izaten; horregatik, olatuak handiegiak direnean, hautabide aproposa izaten dira. Beste zenbait leku ez daude hain babestuta, baina bertako hondoei esker, olatu handiak eroso hartzeko leku aproposak dira. Aukera anitz eskaintzen duen kostaldea da, beraz, Portugal. Supertubos Izenak bere kabuz deskribatzen du Penicheko hondartza honen berezko izaera, bertakoak, tuboak egiteko olatu bikainak baitira. Hossegorreko olatuen antz handia daukate, indartsuak eta urertzetik oso gertu lehertzen direnak. Hala ere, hondartza hau nahiko berezia dela ohartarazi beharra dago; izan ere, hondartzara iritsi eta lehen begiratuan ezer apartekorik ez antzematea suerta daiteke. Hondartzaren iparraldean olatuak askoz ere txikiagoak dira eta ihesbiderik gabe lehertzen dira. Olatu onak, erdialdean aurkitzen dira; horregatik, erne ibili behar da, lehen begiratuak nahasi ez gaitzan, parean olaturik ikusi ez arren, alboetara joz gero, olatu bikainak aurki baititzakegu. Supertubos bere onenean dastatzeko haizearen norabide egokiena ipar-ekialdeko haizea da. Ipar haizetik nahiko ongi babestuta dagoenez, haize hau ere egokia izan daiteke, indar handikoa ez bada. Marea behean izan ezik, beste edozein mareatan egoki lehertzen da olatua. Horrek ahalbideratzen du baldintzak egokiak diren egunetan, ordu luzeetan olatu bikainak apurtzea. Supertuboseko olatua indartsuegia dela iruditzen bazaigu, hondartzaren bi muturretan ere saia gintezke. Hondartzaren hegoaldean lurmutur interesgarria ageri da, Consolaçao izenekoa. Lurmuturraren alde banatara, eskuin eta ezker olatu luzeak aurki daitezke. Hondoan arrokak daude eta norabide bakarreko olatuak dira, ez oso indartsuak eta nahiko luzeak, lasaiago gozatzeko egokiak. Hondartzaren iparraldean, ostera, Peniche herriko hormetatik gertu, beste eremu bat dago, itsaskietatik babestuagoa, eta Molho Leste deitzen dute. Haizeak iparretik jotzen duenean eta itsaskiak indartsuak direnean, eskuin olatu politak altxatzen dira bertan. Olatu nahiko lasai eta luzea da, nahiko erraz eta erosoa. Supertuboseko inguruetan, urrun joan gabe, olatu anitz aurki daiteke, batez ere iparralderantz joz gero (Praia de Baleal, Lagide, Ferral, Praia da Foz do Arelho), baina autoan kilometro batzuk egiteko prest bagaude, hegoalderantz jaistea merezi du. Ericeira da leku eta olatu zoragarriak eskain diezazkigukeen beste eskualdea. Eskuin olatu luzeak maite dituztenentzako paradisua. Ribeira D'ilhas da ezagunena, WQS zirkuituko txapelketak egin izan baitira bertan, baina ingurua olatu bikainez josita dago. Handik gertu esaterako, Coxos aurkitzen da, hondoan arroka eta itsas triku ugari izan arren, eskuin olatu amaigabe eta indartsuak jasotzen dituen altxorra.