26 DIC. 2020 - 20:00h Pilula gozo batekin pandemiaren krudeltasuna salatu du Hatortxu Rockek bere 24. edizioan Ez da erreza urtero-urtero elkartasunaren izenean ekimen bat antolatzea helburua dispertsioak eragiten duen zulo ekonomikoa tapatzea denean. Aurten are eta zailagoa zen, kulturak bizi duen egoeraren jakitun. Baina Hatortxu Rockek asmatu du. Asmatu du bete-betean beren mezua helarazten, 24. edizioan. Anestesia taldea Hatortsu Rock 24ko kontzertuan. Iker Gurrutxaga Juantxo Arakamaren errimekin hasi da 24. Hatortxu Rock. «Zuk heldu bat eta nik beste bat eta bagara lau» esan du tartean, hori garrantzitsua baita. Elkar hartu eta elkartasun hori zabaltzea. Gaurko ere hori eskatu zuten, baina sarreren salmentarekin. Jakin, kronika hau irakurtzean ere garaiz izango zaretela, sarreren salmenta igande gauera arte luzatuko duelako Hatortxu Rockek. Erika Olaizolaren txanda izan da segidan. Presoaren paperean sartu da aktorea «Presoa naiz, baina ni, ni naiz, eta ni, ni izango naiz beti. Neska bat, emakume bat, presoaren azalean. Presoarena beraz, mozorro bat da niretzat eta aldi berean ez da mozorro bat», hori esanda askok beren ziegan izaten duten kezka zabaldu du Olaizolak: «Gogoratzen zarete nitaz? Gogoratzen zarete gutaz?». Hori ere bai baita Hatortxuk beti bilatu duena. Festa bai, baina ez dezagun ahaztu zergatik egiten den festa hau. Segidan bi bertsio puska bata bestearen atzetik. Bandaren kalitatea lehen unetik ikusi dugu. Maria Antunez, Josu Erbiti, Gorka Pastor eta Joseba San Sebastian izan dira kantuen moldaketak jo dituztenak. Lehendabizikoa Berri Txarraken ‘Izena, izana, ezina’ kantua izan da. Txalaparta doinu apurtzaile batzuen laguntzaz. Euskal Herriko bi ahotsik indartsuenetakoek koloreztatu dute moldaketa dotorea, Lide Hernandok eta Alex Sarduik. Goxo goxo hasi eta leherketa bi ahotsak uztartzean. Oilo-ipurditan azala, malkoak begietan… Publikorik gabeko oholtzan a zer nolako jarrera. Berri Txarrakekoak harro egoteko moduko oparia jaso dute Hatortxuren partetik. Azpimarra berezia azken esaldiari: «Albistegiko izenburuak guri buruz izan ohi dira baina inork ez digu ezer galdetu, eta hemen gaude». Sara Zozaya eta Francis Diez izan dira hurrengoak. Zopilotes Txirriaos taldearen ‘Siete Mares’ kantuaren moldaketa finarekin. Bata aspaldiko ezaguna eta gure musikaren historiaren parte dena. Erraz identifikatzekoa. Besteari buruz gauza bera esango dugu 20 urte barru. Minaren eta beldurraren inguruko mezua duen kanta hezurretaraino iristen da. Baina itxaropenari eta preso batek bereekin egoteko duen nahiari eta beharrari abesten diete. Amets Arangurenek Iñigo Gutierrez ‘Guti’ presoak Aranjuezeko kartzelan idatzitako testua irakurtzean, denon barruak irauli dira. Bere haurrari idatzitako testua. « Baina ez izan dudarik, Olentzero Aranjuezeraino iritsiko dela. Nik zuekin modulu familiarrera joateko eskatuko diot. Honela, zure ondoan lokartu eta esnatu ahal izateko. Oraingoz, leihora gerturatuko naiz eta ezkerretara zuen moduluko teilatua begiratuko dut. Eta zu imajinatuko zaitut». Edonor txikitzeko moduko errelatoa. Pandemiak presoengan izan duen zigor gehigarriaren kontakizuna. Gu askeak al gara? Erika Olaizolaren bigarren txandan, presoak zenbatzera joaten diren unea ekarri du gogora. Egoera horren aldebikotasuna erakutsi du: «Batzuetan ordea, pentsatzen dut derrigorra dute ni ikustera etortzea. Ezin dira zalantza horrekin gelditu. Haiek ere euren izuaren menpe bizi dira. Hori da kartzeleroaren eta presoaren arteko paradoxa. Zein da zinez preso?». Galdera interesgarria. Gure buruaren preso ere bagarela edota aro digitalak preso izatera eramaten gaituela gogoratu digu segidan Koban taldeak. Beren ‘Anestesia digitala’ kantuan aro digitalak beste gauzei buruz ahaztea dakarrela inplizituki esaten digute. Begiak ireki eta lorik ez hartzeko garaia dela. Zuzenean jota, aldaketaren bat badu kantuak grabatutakotik eta hori eskertzen da, batez ere elektronikak hain presentzia berezia duen talde batekin. Kantu baten bertsioa originaletik fidela izaten saiatzea ez da erreza. BPMak igo, gozotasuna mantendu, sinte desberdinak eta perkusio elektronikoa sartu eta Black Birdsen edertasuna gehitu. Hori egin dute Ken Zazpi taldearen ‘Itsasoa gara’ kantuarekin. Beste estadio batera eramaten gaituzte hiru emakume hauek. Zer nolako enpastea duten Lorena Aisak, Claudia Rodriguezek eta Idoia Tapiak. Halako olatuei esker ere bagara itsaso. Segidan Little Martin Selektah, Nikotina eta Monsieur Lecrepe elkartu dira eta rap mix dotorea egin dute. Mezu zuzenarekin, memoria historikoa ekarri dute gogora, errepaso luzea emanaz eta eskoletan hori kontatzea falta dela salatuz. «Hemen legek eztu ezautzen kuartela, gorrotoz betetako boto ustelak lortzen dituzte betetzen kartzelak», egia krudela hitz gutxitan. Pandemia presente Pandemiak presoenganako enpatia lantzeko ere balio izan digu itxialdian egon garenean. « Mila bider saiatu dira kartzela zer den azaltzen eta orain zuek ere badakizue. Simetria perbertso batean bizi gara. Erdian norma bat, bakoitza bere kartzelan», kontatu digu Olaizolak presoaren paperean. «Egoera honek, hau eta hura, kanpoa, barrua, dena kartzelaren parte dela erakutsi digu. Eta ez pentsa derrigorrezko enpatia honek inolako lasaitasunik ematen didanik. Niretzat desio ez dudana ez dut inorentzat desio». Nahiz eta ziur kanpoan den askok enpatia hori ez duen behar adina landu. Atzetik Mikel Laboaren ‘Martxa baten lehen notak’ abestu dute Xabi Solano eta Nerea Urbizuk. Bakoitzak bere estiloan, Jazz kutsuko moldaketa batean. Oso ondo harilkatu dute Hatortxukoek eta Lander Garrok gidoiaren zati hau. Izan ere aurreko Olaizolaren pasartearekin bat egiten du. Denok bat egin gabe, alferrik gabiltzala, alegia. Herdoil taldearen txanda izan da hurrena: «Demokrazia liberalen bake faltsua. Helburu bera duten botere forma desberdinak. Diruaren diktaduran, zu ere esklabo zara». Preso izateko beste moduak ere badirela eta langile borrokak duen garrantziaren adierazle idatzitako kantua. Anestesiakoek berriz ‘Erantzun’ kantua hautatu dute eta «sinisten al duzu pake klase hontan?» galdetu digute. Zetakek, berriz, modu oso intimoan ‘Nirekin topatu naiz’ kantuaren moldaketa jo dute. Beren lehen laneko kantua Pello Reparazen ahotsarekin eta Leire Colomoren xilofono elektronikoarekin aurkeztu dute. «Busti-bustiak, oroitzapenak hemen baizintudan. Busti-bustiak nigan». Barruan dagoenaren minaren zati bat ere izaten baita hori. Atzetik Juantxo Arakamak dispertsioak eragiten duen minaren inguruko errima batzuk luzatu ditu eta, bukatzeko, Tomas Lizarazu eta Zaloa Urainek itxaropenari atea zabaldu diote Su Ta Gar taldearen ‘Gau iluna amaitu da’ kantuaren moldaketa funky batekin. 30 urte pasa eta gero, mezuak gaurkotuta jarraitzen du. Eta jarraituko du etxean ez dauden bitartean. Gau iluna amaitu zain egon behar. Hatortxukoek ere argi utzi dute azken mezuan. «Amaiera? Ezta pentsatu ere! Denak etxean izan arte hau ez da amaitzen». Datorrena izan dadila azkena.