09 ENE. 2021 - 00:00h Bizikletaz danubio ibaian barrena Danubiok hamar herrialde zeharkatzen ditu: Alemania, Austria, Eslovakia, Hungaria, Kroazia, Serbia, Bulgaria, Mazedonia eta Errumania. Hilabetez bizikletaz zeharkatzen badugu, bokaletik iturburura, pedalei eraginez ibilbidean zehar gordetzen dituen sekretuak aurkitzeko aukera izango dugu. Danubio ibaiaren irudia, udazkenean. Belen Eguzkiza Europaren mapan nolabaiteko orbain urdin batek mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du kontinente zaharraren erdialdea. Ibai garrantzitsua irudikatzen du orbain urdin horrek, nortasun handiko ibaia. Danubio da, Europako ibai handia. Volga ibaia luzeagoa bada ere, Errusiako lurraldetik ez da ateratzen, eta Danubiok, berriz, hamar herrialde zeharkatzen ditu. Hilabetez bizikletaz zeharkatzen badugu, ezkutuan gordetzen dituen sekretuak aurkitzeko aukera paregabea izango dugu. Danubiok oso garrantzi handia izan du duela milaka urtetatik, eta horregatik deitu izan dute, hain zuzen, Europako autobide handia. Herrialde askok pertsonak, salgaiak, artea, errituak eta kulturak trukatu dizkiote elkarri haren bitartez. Baina gatazka ugariren lekuko ere izan da, gerra izugarrien eta ankerren lekuko, eta horrelakoek neurrigabe zikindu dituzte haren urak; horrenbestez, odol gehien eraman duen Europako ibaia dela ere esaten dute. Alemaniako Oihan Beltzeko iturburutik Itsaso Beltzeko bokaleraino ia 3.000 kilometro daude. Bide horretan askotariko paisaiak daude, eta hamaika hiritatik igarotzen da (Galati, Belgrad, Bratislava, Budapest, Viena, Passau, Ratisbona...). Hilabetez bizikletaz zeharkatzeak ibilbidean zehar gordetzen dituen sekretuak aurkitzeko aukera eman digu. Ibaiertzak irakurri ditugu, liburu erraldoi baten orriak izango balira bezala, eta baita historia, geografia, hizkuntzak, ohiturak... ikasi ere. Baina, bereziki, giza harremanez ikasi dugu asko. Bukaresten lur hartu dugu gure kutxa erraldoiekin batera. Ordu gutxi batzuk izan ditugu erdialdea eta eraikin adierazgarrienetako batzuk ikusteko eta, laster batean, Tulceara –Danubioren deltan jada– eraman gaituen trenean sartu gara. Itsaso Beltzera iristeko, ez dago delta zeharkatzen duen errepiderik; hortaz, Sulina herrixkara iristeko, itsasertzeko gure helmugara alegia, ibai handia zatituz eratzen den ibaiadar ugarietako baten bitartez garraioa egiten duen ontzi batean bidaiatu beharko dugu. Milaka hegazti migratzaileren babeslekua da delta, eta biosferaren erreserba izendatu du Unescok. Errumaniaren antzinako mapa bat da gure informazio iturri bakarra, eta zakutoetan erabateko autonomiaz mugitzeko behar dugun guztia daramagu. Ederra da jakitea hain gauza gutxiren mende zaudela, baina egiaz ez dugu gehiagorik behar. Aldez aurretik ere ez genuen ezer aurreikusita; gorabeheren, eguraldiaren, gogoaren, bidearen, bisiten... arabera mugituko gara. Errumanian gurpilak zulatzen Errumaniak (Dazia erromatarren garaian) latinetik datorren hizkuntzari eutsi dio, eta horri esker oso erraza gertatu zaigu hango jendearekin komunikatzea. Herrialde horretan ibaiak dituen 1.075 kilometroetan ez dago hiri handirik; nekazaritza giroko Errumanian ibili gara, iraupen ekonomia oinarri duten herrixketan. Industriaren bat noizean behin, eta Ceaucescuren garaiko zementuzko eraikin erraldoi haien hondakinak. Han bidegorririk ez dagoenez, ibaitik gertuen dauden errepideei jarraitzen saiatu gara, baina, toki nagusietan izan ezik, horiek ez daude oso egoera onean, eta ondorioz, aski maiz zulatzen zaizkigu gurpilak. Asto edo zaldi gurdiak erabiltzen dituzte oraindik; herri askotan ez dute txorrotako urik, eta putzuetatik ateratzen dute. Igarotako herri guztietan antzarak ateratzen zaizkigu bidera eta denboran 50 urte atzera egitearen sentipena dugu. Jende xume horrek, halere, errumaniarrei buruzko topikoak ahantzarazi dizkigu, eta maitasuna eta abegikortasuna erakutsi digute. Ez daude ohituta zakutoekin doazen txirrindulariak ikustera, eta txalotu eta animatu egiten gaituzte igarotzen ikustean. Inguru horretan kanpinik ere ez dago, baina ez dago arazorik denda edonon jartzeko. Izan zitekeen belaze batean, baratze batean edo futbol zelai bateko kornerrean. Edota beren etxeetan ostatu hartzera gonbidatzen zaituzte. Bizimodua gurean baino nabarmen merkeagoa da; bi eta hiru litroko garagardo bikainak ere badituzte, ibilbidean izaten ari garen tenperatura altuak galarazitako izerdi litroak berreskuratzen laguntzeko ezin hobeak. Bulgarian euria etengabe eta bizikleta distiratsu bat Bi ibaiertzak lotzen dituzten ferry ugarietako batean iritsi gara Bulgariara. Ibaia oso zabala da inguru horretan (hainbat tokitan 2 km zabal ere bada); oso zaila da, beraz, bi ertzak lotzeko zubiak eraikitzea, eta ibaiaren ur emari handia energia sortzeko baliatzen duen zentral bat dagoenean baino ezin da gainetik igaro. Dirua eta hizkuntza aldatu ditugu; oso hizkuntza zaila guretzat (idazkera zirilikoa erabiltzen dute). Horrenbestez, zeinu hizkuntza zahar eta lagungarria erabili behar izan dugu. Ibaiak 471,55 km ditu Hungarian (beti Errumaniarekin muga egiten), eta hiri eder eta interesgarriak ezagutzeko parada izan dugu, Ruse eta Vidin, esaterako. Bulgariarrek jarrera egokia baina hotza dute, baina abegitsuak dira halere. Euria etengabe ari duen egun batean hori egiaztatzeko aukera izan dugu; izan ere, tabernari batek, ezerezaren erdian, bere biltegia, oheak eta sukaldea barne, eskaini dizkigu gaua emateko, ordainetan deus eskatu gabe. Potoren bizikleta zarata nahiko susmagarriak ateratzen hasi da, eta hura inola ere kezkatuta ez dagoen arren, tropel txikiko gainerako kideok urduri jartzen hasiak gara. Taldekideen mehatxuak ikusita, amore eman, eta ibilgailu zahar, ibili eta higatua aldatu du bizikleta distiratsu bulgariar batekin, aski astunagoa baina isilagoa ere bai. Alpeetako eta Pirinioetako gailur mitikoetara igotzeko erabilitako lagun nekaezinak Ekialde urruneko biltegi batean amaitu du bidea. Errumaniara itzuli gara Serbian sartu aurreko azken 180 kilometroak egiteko, giza beroaren zein magazin frei izenekoen hutsunea sentitzen baitugu (denetarik saltzen duten saltoki txikiak dira horiek, ia eguneko 24 orduetan zabalik egoten direnak). Oraingoan, «Burdinazko Atea» izeneko zentral erraldoi bateko urtegiaren gainetik zeharkatu dugu Danubio. Serbia eta Kroazia, gerraren aztarnak Serbian sartuta, zeharo aldatu zaigu paisaia: ibaia mendi artean mehartzen da, lautada horixka erraldoiak desagertzen dira, erliebea askoz malkartsuagoa da, eta berdea da nagusi. Etxean bezala sentitzen gara nolabait, serbiarrekin harremanetan jartzea erraza ez bada ere. Nolabaiteko mesfidantza genuen herrialde horretako jendeaz entzuna genuenagatik, baina, egia esan, ez dugu inolako arazorik izan, alderantziz, fruta biltzen ari ziren nekazariek hura eskaini digute, eta bero izugarri handia egiten duen egun batean izozkiak ere eman dizkigute. Eta garagardo bikainak dituzte oraindik, baina ez hain handiak. Toki ikusgarrietan gabiltza, postaletan agertzeko modukoetan, harik eta Belgradeko aldirietara iritsi garen arte; orduan, kamioi, autobus eta era guztietako ibilgailuz bete da errepidea, eta horrelakoek oso ahul sentiarazi gaituzte. Belgrad (hiri zuria), Mendebaldeko merkataritza bideen elkargunea izan da, baita gatazka askoren erdigune ere. Bonbardaketen ondorioak ikusi ahal izan ditugu hango eraikin enblematiko batzuetan. Cervantes erakundeko ikasle atsegin batek serbiarrei eta haien historiari buruz genituen galdera batzuei erantzun die. Serbiak bost urtez liskar gogorrak izan zituen Kroazia mugakidearekin Krajina lurraldeagatik. Hiriko zubi gehienak suntsitu zituzten, baita ondoren igaro ginen Novi Sad hiri politekoak ere. Ibaiaren gaineko beste igarobide batetik aldameneko herrialdera iritsi gara: Kroazia. Kroaziarrek onartuta dute gerran galtzaile izan zirela, eta oroitzapen hori bizirik mantentzen tematuta daude. Ehunka gurutze dituzten hilerriak ageri dira nonahi, eta bi alboetako kartelek bidetik ez ateratzeko ohartarazten digute, oraindik lehertu gabeko minak baitaude. Asko kaltetutako hiri batzuetan (Vukovar, adibidez) borroken ondorioak ikus daitezke oraindik: etxe askotako hormetan balek eragindako zulo ugari daude, baita bonbek ia toki estrategiko guztietan utzitako «oroigarriak» ere. Ibaiak 137 km baino ez ditu Kroazian. Ur lasaietan salgaiak garraiatzeko gabarra erraldoiak ia etenik gabe abiatzen diran ibaian gora. Danubioren ertzean bidegorri zati batzuk aurkitu ditugu jada. Eta azkenean, kanpin «ofizial» bat, baita txirrindularientzako jarraibide berezi batzuk ere. Hungaria, bosgarren moneta eta hizkuntza Zaparradaz zaparrada Hungariarekiko muga zeharkatu dugu (Magyarország edo magyarren lurraldea). Bosgarrenez hizkuntza eta dirua aldatu dugu (pixka bat nahasita gabiltza jada), baina paisaia ez da Kroaziakoaren oso ezberdina. Ia ohartu gabe Europan gehien bisitatutako hirietako batean sartu gara, Budapesten, eta kanpin bat bilatu ere, alferrik baina, gaua gainera etorri baitzaigu. Lau izarretako hotel batean lo egin dugu azkenean, a zer maila! Baina hori ere bada ibilbidearen xarma; ustekaberen bat dugu zain egunero, inoiz ez dakigu etapa noiz bukatuko den; hortaz, berdin lo egin dezakezu zereal soro batean edo, oraingo honetan bezala, benetako luxuzko logela batean. Budapestez geroztik txirrindulari taldeak ikusten hasiak gara ibai inguruko bidegorrietan pedalei eraginez. Danubio, noranzko aldaketa bortitz bat egin, eta Panoniako ordokian barneratzen da. Noizbehinka turista ontzi erraldoiak ibaiertzera hurbiltzen dira eta bidaiariek nolabaiteko jakin-minez begiratzen gaituzte. Eslovakia-Austria: Musika eta turisten doinuak Hungaria atzean utzi eta gure ibilbideko seigarren herrialdean sartu gara, Eslovakian. Danubioren 172 km daude herrialde horretan eta, haizea alde genuenez, gelditu gabe zeharkatzen saiatzea erabaki dugu, Austriara egun horretan bertan iristeko. Geldialdi txiki bat baino ez dugu egin Bratislavan, sakonxeago ezagutzea merezi baitu hiri horrek. Gau horretan bertan Vienako kanpin batean lo egin dugu. Austrian gaude, azkenean euroak erabil ditzakegu! Vienak, Danubioren eta musikaren hiriak, hiri inperialak, turisten goren aldian hartu gaitu. Hango toki enblematikoak bisitatzeak bizikletaz emandako beste edozein egunek baino gehiago nekatu gaitu, baina, zalantzarik gabe, bisitatu beharreko lekuak dira. Eguraldia pixka bat goibel, ibaian gora jarraitu dugu, gehiegi pentsatu beharrik gabe orain, guztia txirrindularientzat ongi seinaleztatuta eta prestatuta baitago. Zorionez, ohiko noranzkoaren kontrakoan goaz gu, horregatik, era guztietako tropelak ikusi ditugu: gazteak eta ez hain gazteak, familia osoak, eta jarduera horretan gustura aritzen diren askotariko taldeak. Batzuetan nahiago dugu gure kasa ibili eta inguruko errepideetara ateratzen gara besteak bezain atseginak diren ordezko ibilaldiak egiteko. Austrian nabarmen ustekabe gutxiago egoten dira, baina toki interesgarri batzuk ere ezagutu daitezke, hala nola Melk, Umberco Eccok ‘Il nome della rosa’ eleberria egiteko oinarri hartu zuen abadia; Linz hiria, edo Mathausen, kontzentrazio esparruen oroitzapen izugarriaren adibidea. Alemania, bidaiaren azken etapa Alemaniako muga Passaun dago. Hiri eder hau Danubio eta Inn ibaiek bat egiten duten tokian dago; bigarrena Alpeetatik dator zuzenean eta ur emari handia dakar, horregatik hemendik ibaian gora Danubioren emaria nabarmen murrizten da, baina nabigagarria da Ulmeraino, halere. Regensburgetik, antzinako Ratisbonatik, igaro gara. Egun euritsua da, baina giro bikaina dago. Gorago, arroila ikusgarri batek aldapa piko bat igoarazi digu –aski bitxia ibilbide honetan–. Bavariako muinoen hasiera da, eta ibaitik oso hurbil ibili gara zuhaitz hosto-erorkorren artean. Ikusi ditugun herri eta hiriak ederrak dira; modu bikainean eta kontu handiz kontserbatuta daude, gainera. Perfekzio germaniarra batzuetan apur bat aspergarri egiten zaigu, baina biergärten izenekoek bidaia animatzen digute. Baden-Wurttemberg estatuan harrietan jauzika jaisten den erreka da jada ibaia. Benetan gozamena da paisaia berdean barreiatuta ageri diren herrixkak ikustea, kolore guztietako loreez beteriko zelaiak dituztela. Horixe du bizikletaz bidaiatzeak. Paisaia beste erritmo batera deskubritu ahal duzu, inguruan duzuna modu biziago batez hauteman ahal duzu, jendearekin harremanetan jar zaitezke, sarriagotan gelditu; une eta egoera oro modu askoz biziagoz bizitzeko aukera duzu, onerako, baita hain ona ez den horretarako ere. Bidaia luze eta bizi horren ia amaieran gaude, eta horregatik agian, nolabaiteko nostalgiak hartzen gaitu pixkanaka. Goizean goiz, Danubiotik datorren lanbro artean, egunsentiaren argi ahula horren bitartez iragazten ari dela, bakar-bakarrik pedalei eragiten ari garen bitartean, planetatik kanpo bezala sentitzen gara pixka bat. Sinetsezina da nola deskonekta dezakegun horrenbeste eguneroko bizimodutik! Ia nahi gabe, Donauschingenera iritsi gara; ibai handia osatzen duten Brigach eta Breg ibaiek bat egiten dute han. Muga-lerrora igo ginen gu, mendian gora; han, iturburu txiki batek, pizten duen interesari ezaxola, lehen tantak isurtzen ditu ibilgu txikitxo batera, eta hori, kilometro batzuen buruan, zerbait benetan izugarri bihurtuko da. Gure ibilbideari amaiera emateko, zurrutadatxo bat ur fresko edan dugu, eta, inguruko aterpetxean, garagardo handi bat. Gerora, azkar batean jaitsi gara Donauschingeneraino, eta Hendaiara itzultzeko trenera igo. Iritsi garenean, arratsaldea amaitzear, Danubio ekarri digu gogora itsasoak; hortaz, zalantza egin gabe, bizikletari heldu diogu berriro eta, presarik gabe, Jaizkibeleko magalean gora abiatu gara, arrastiriko aireaz eta argiez berriz ere gozatuz. Egon al daiteke amaiera hoberik ibilbide bikain honentzat? Zenbait argibide praktiko eta egindakoaren aitorpena Ibilbidea ibaian gora (bokaletik iturburura) egitea erabaki dugu, funtsean bi arrazoi hauengatik: lehenik, psikologikoki eramangarriagoa da ezezagunetik eta «basatiagoa» den horretatik hastea eta ezagutzen dugun eta hoberen prestatuta dagoen horretan amaitzea. Bigarrenik, jende gehien ibiltzen den ingurura iritsitakoan, gu txirrindulari gehienek egiten dutenaren kontrako noranzkoan joango ginen, eta horrela ez ginen tropelean ibili beharko; sarritan, hala ere, errepideetara ateratzen ginen jende multzoa saihestearren. Danubioren bizikletazko ibilbideari buruz informazio, gida eta mapa ugari daude, bereziki Donauschingen eta Viena hirien arteko zatiari buruz. Gutxixeago dago, baina ugari halere, Vienatik Budapesterainoko zatiaz. Serbia, Kroazia, Bulgaria eta Errumanian barrenako ibilbidea gutxik egiten dute, eta ondorioz, informazio urria dago.