31 ENE. 2021 - 11:41h Beldurrak uxatzeko gonbita egiten du Merina Gris-ek ‘Saiatzen naiz’ single berrian ‘Besteek zer’ aurkezpen txartelaren ostean, ‘Saiatzen naiz’ single berriarekin datoz Merina Gris donostiarrak. Pop zakarra eta elektronika uztartuz, beldurrei aurre egin eta saiatzen jarraitzeko gonbidapena luzatzen dute. NAIZ Argi diote: «Merina Gris gure artean geratzera dator, eta ez diote inori baimenik eskatzen». Hirukote donostiarrak ‘Besteek zer’ abestiarekin aurkeztu zuen bere burua euskal eszena musikalean eta sareratu berri duten ‘Saiatzen naiz’ singlearekin «olatu artistiko, musikal eta kultural berriaren lehen lerroan duten lekua berrestera datoz», Airaka diskoetxetik ziurtatu dutenez. Ed is Dead-ak ekoitzitako abesti honetan hirukotearen bestelako aurpegia erakusten du Merina Gris-ek. ‘Besteek zer’ indartsuaren ostean, ‘Saiatzen naiz’-en sentikortasuna bilatu dute. Hala, ia a capella hasten den kantuan zaurgarritasuna eta sentikortasuna da nagusi, Sara Zozaya abeslariaren ahotsean, eta abestia amaiera indartsu batekin ixten du hirkukoak. Kantuak beldurrak uxatu eta saiatzen jarraitzera bultzatzen du entzulea. «Dena gaizki aterako denaren beldurra modu gordinean eta dudaz beterik adierazia, bizitza bere horretan gozatzeko zailtasunarekin batera. Norbere burua onartzera eta ‘saiatzen jarraitzera’ daraman bidearen autorretratu itxaropentsu bat da, ukitu ezkor batekin», azaldu dute. Airaka diskoetxearen ustez, Merina Gris-ek belaunaldi oso baten kezkak, beldurrak eta baldintzak irudikatzeko gai izan da, eta horixe da «entzuleekin izan duen lotura azkarraren gakoa».