GAIAK

Ia 300 mikrohezegune topatu dituzte Euskal Herrian #Txiobatputzuan programari esker

Aranzadik azaroan martxan jarritako #Txiobatputzuan hiritar zientzia programaren lankidetzari esker ia 300 mikrohezegune topatu dituzte Euskal Herrian dagoeneko. Martxoan bukatuko da ekimena.

Baso-igel gorria. (Aranzadi)

Aranzadiko herpetologia sailak (anfibio eta narrastien ikerketan adituak) azaroan jarri zuen abian herritarrei zuzendutako #Txiobatputzuan zientzia-kanpaina, Euskal Herriko mikrohezeguneen mapa osatzeko asmoz. Astelehen honetan zientzia elkarteak jakinarazi duenez, ia 300 mikrohezegune topatu dituzte.

#Txiobatputzuan programaren baitan, herritarren laguntza eskatzen zen baso-igel gorriak Euskal Herrian duen banaketa-mapa osatzeko asmoz. Hala, Euskal Herriko putzu batean espezie horren errunaldia topatzen zuten pertsonek sare sozialetara bidali behar zuten #txiobatputzuan traola erabilita. Mezuan errunaldiaren eta putzuaren argazkiak eta geolokalizazioa gehitzeko eskatzen zen.

Aranzadik azaldu duenez, baso-igel gorria da Euskal Herriko anfibio goiztiarrena eta, Gipuzkoako toki batzuetan, haren erruteak urrian ere ikus daitezke. Dena den, ugalketa-aldia martxora arte luza daiteke altitude baxuan eta, Pirinioetako goiko eremuetan, maiatzean ere ikus daitezke igel honen erruteak.

Hilabete horietan, Aranzadik bultzatutako herritarren zientzia-ekimenari esker, ia 300 aipu jaso dira. Datu horiek Lakuako Gobernuaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren baitan dagoen Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemean txertatuko direla jakinarazi du Aranzadik, eta baita ornitho.eus plataforman ere.

«Erregistratutako aipu bakoitza oso informazio baliagarria izan liteke anfibio espezieen banaketa area osatu, kontserbazio-egoera ezagutu eta habitata aztertzerako orduan. Jasotako datuak ikusita, herritarren kanpaina hau argitalpen zientifiko-dibulgatibo bihurtzeko aukerarik badagoen aztertzen gabiltza», azaldu du Iñaki Sanzek, Aranzadiko herpetologoak.

Gizarteak hezegune horien inguruan duen iritziak «180 graduko aldaketa» jasan duela nabarmendu du Aranzadi zientzia elkarteak. Dioenez, aurreko mendean «suntsitu eta ospe txarra eman zitzaien», baina gaur egun, «babestu egiten dira eta, pixkanaka, lurralde batzuetan hezeguneen sarea handitzeko lanean ari dira».

Espezie mehatxatuen kontserbaziorako konpromisoa

Europako 2030 Bioaniztasun Estrategiak bere lerro nagusien artean, erreka eta hezeguneen babesa eta lehengoratzea barneratzen dituela gogoratu du Aranzadik. Horregatik, Europako funtsen (Next Generation EU) parte bat «fisikoki txikiak baina biologikoko handiak» diren ekosistema ahul hauen kontserbaziora bideratu beharko liratekeela uste du.

Aranzadik 20 urte daramatza mikrohezeguneen sarea handitu nahian, hiru helburu kontuan hartuta: espezie mehatxatu batzuen kontserbazioan laguntzea (gailurretako uhandrea eta baso-igel jauzkaria, adibidez), aniztasun biologikoa handitzea, batez ere naturagune babestuetan eta eskoletan gai hauek lantzea.

Hezeguneen Nazioarteko Eguna izango da otsailaren 2an eta Aranzadik bioaniztasuna kontserbatzeko horiek duten garrantzia gogorarazi eta herritarrak #txiobatputzuan kanpainarekin aurrera jarraitzera animatu nahi ditu. Martxoan amaituko da kanpaina.