GAIAK

Fiji, naturaren paradisu

Erlaxatzeko eta kirola egiteko aukera, gastronomia aparta eta natura oparoa eskaintzen ditu Fiji artxipelagoak. Hori gutxi balitz, hondartza izugarriek eta biodibertsitate paregabeko barne oihanek paradisuan sentiaraziko zaituzte. Zorionez, Covid-19ak ia eraginik ez du izan oraingoz.

Imagen idílica de las Fiji. (GETTY IMAGES)

Nadiko nazioarteko aireportuan oinak jarri eta entzungo duzun lehendabiziko hitza «bula!» izango da, hau da, «Ni sa bula vinaka» adierazpidearen laburdura, «zoriontasuna eta osasun ona opa dizkizut» esan nahi duena. Eta ez da harritzekoa, zoriontasuna benetan garrantzitsua baita fijiarrentzat: urtero-urtero zoriontasun indize handieneko herrialdea izan ohi da Fiji. Hirian zehar topatuko dituzun poliziak ere irribarrea ahoan ikusiko dituzu beti, belarri atzean loreak eta gizonek zein emakumeek berdin-berdin erabiltzen dituzten sulu soineko zuri tradizionalak soinean.
Herrialdeko uharte garrantzitsuena, artxipelagoko handiena ere badena tamainaz, Vitu Levu da. Hain zuzen ere, bertatik abiatzen dira artxipelagoko gainontzeko uharte gehienetara iristeko garraiobide gehien-gehienak.

Bidaiok hegazkinez, helikopteroz, hidrohegazkinez edo itsasontziz egin daitezke, eta aukera guztiak egokiak izan badaitezke ere, kontuan izan atoloien gainetik hegan egitea paregabeko esperientzia dela: paisaia berdingabea da zerutik.

Viti Levu autoz zeharkatu daiteke erraz asko, Queen's Road errepidean barna abiatuta. Hiru ordu inguruko txangoa da, Lautoka eta Suva hiriak lotzen dituena hegoaldeko kostaldean zehar; bidearen erdian dago Nadi. Erraldoi Lotiaren Lorategian geldialdia egiteak benetan merezi du: bainila usaineko orkideez betetako santutegi botaniko ederra da, nenufarrez apaindutako urmaelez zipriztindua. Errepide gorabeheratsua kostaldetik gertugertu igarotzen da une oro, begetazio joria, etxe bakartiak, herrixkak, dendak eta ia hutsik ageri diren hondartza ederrak zeharkatuz. Suvara heldutakoan,ezinbestekoa da merkatua bisitatzea: kolore, usain eta zapore leherketa paregabea aurkituko duzu.

Fijiarrak Britaniar Inperioaren menpe izan ziren luzaroan. Garai horretan, Indiatik etorkin ugari heldu ziren herrialdera azukre-kanabera plantazioetan lan egitera. Gaur egun, jatorri indarreko fijiarrak herritarren %40 dira. Gehien-gehienak hinduak dira, jatorrizko fijiarrak kristauak diren bitartean. Erlijioak eragindako hainbat gatazka sozial izan dira herrialdean, tartean baita estatu kolpe pare bat ere: bat 1987an eta bestea 2000n. Bigarren estatu kolpetik urtebetera, 2001ean, berriz ere itzuli zen demokrazia herrialdera eta berehala izan zuen isla turismoan: bisitari errekor berria izan zuten.

Kultur mestizajea eta ezaugarriak

Fijin, herrixka edo uharte batera heltzean, bisitari orok kava edaria jasotzen du ongi etorri gisa, protokolo oso zorrotza jarraituz jaso ere. Iraganean oso hitzordu berezietan edaten zen soilik kava, baina gaur egun askotariko gizarte bileretan hartzen da. Edaria izen bereko landarearen sustraiekin egiten da: landarea eguzkitan lehortzen uzten dute lehenik, eta, ondoren, uretan sartu oihal batean bilduta. Edari pixka bat narkotikoa denez, kava edaterakoan erlaxazio sentsazio berezi bat sentitzen da. Koloreari begiratuta, edariak kafearen antza baldin badu ere, zaporez zenbait teren antzekoa da. Kava prestatzen duenak barrutik hustutako koko bat betetzen du edariarekin, eta, jarraian, zeremonian parte hartzen duten guztien eskuetatik igaroarazten du. Tradizioari jarraituz, edaria edaten lehena bildutakoen arteko zaharrena edo gonbidatua izaten da; kokoa jasotzean, behin egin behar da txalo; kokoa itzultzean, berriz, hiru aldiz.

Kultur mestizajea oso agerikoa da Fijin, eta herritarren itxura fisikotik gastronomiaraino utzi du aztarna. Tokiko sukaldaritzaren oinarrizko jakiak arrainak eta dalo, ñame edo casava bezalako tuberkuluak dira. Txerri haragia, berriz, oso hitzordu berezietan bakarrik jaten dute. Plater asko egiteko koko esnea erabiltzen dute, eta arroza ere jaki ugarirekin batera jaten dute. Hitzordu berezietan, lovo izeneko lurpeko labe antzekoak erabiltzen dituzte kozinatzeko; koko azalekin eta adarrekin sua egin eta harriak jartzen dituzte gainean, ondoren, jakiak harrion gainean jarriz banana orrietan bilduta.

Fijiko gastronomiaren platerik ospetsuenak kokoda, koko kremarekin marinatutako mahi-mahi arrain zatiak eta curryarekin, okrarekin eta patatekin egindako alu bhindi barazki plater preziatua dira. Postrerako, berriz, juka eta platano pastela ezin da falta. Hori bai, fijiarrek ez dute oraingoz euren gastronomia ura bezainbesteko arrakastarekin esportatzea lortu: Fijiko ura munduko 60 herrialde ingurura heltzen da, eta kontsumitzaile sibaritenen esku soilik dagoen luxuzko produktua da, milaka eta milaka kilometro bidaiatzen dituena atzerriko mahaietan amaitzeko. Pentsa, herrialdeko esportazio osoen %11 ur esportazioak dira. Negozio arrakastatsua, hori bai, Ameriketako Estatu Batuetako enpresa pribatu baten esku dago.

Aurpegia eta gorputza margotzeko ohitura

Fijiarren beste kultur ezaugarri bereizgarri bat aurpegia eta gorputza margotzeko ohitura dutela da. Dantza tribalen garrantzia ere ezin aipatu gabe utzi. Herrialdeko dantza tradizionala meke deitzen da, eta garrantzi bereziko hitzorduetan egin ohi dute, adibidez jaiotzak, heriotzak, gerrarako deiak, ezkontzak edo jabetza trukaketak. Dantzon oinarrian, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ahozko tradizioak daude, eta musikak ere garrantzi berezia du. Hain zuzen ere, ukeleleekin, banbu tutuekin eta lali izeneko egurrezko danborrekin laguntzen dituzte dantzok. Gizonek mugimendu indartsuekin dantza egiten duten bitartean, emakumeek mugimendu sentsualagoak egiten dituzte.

Likulikura bidean, Cloud 9 ur gaineko jatetxea ikusi ahal izango dugu. Bi solairu ditu jatetxeak, eta erlaxatzeko txoko ugari eskaintzen ditu. Italiako pasta gozoa aurkituko dugu bertan, baita koktel freskagarriak eta DJak ere. Bihotz forma duen Tavarua uhartea ere ikusiko dugu; bertan etxe bat du Kelly Slater surflari ezagunak.

Mamanuca uharteak

Fijiko erakargarri nagusietako bat Mamanuca uharteak dira. Bertan dago kokatuta Likuliku Lagoon Resort luxuzko hotela, herrialdean itsaso gainean eraikitako bakarra. Mololo uhartean dago eta helduentzat bakarrik dago zabalik: ez dute haurrik onartzen. Herrialdeko resort enblematikoenetakoa da, baita Fijin bure ur gaineko etxe tradizionalak eskaini zituen lehendabizikoa ere. Polinesia Frantsesean askoz ohikoagoak diren ur gaineko logelok eskaintzen dituen Fijiko hotel bakarra da oraindik ere. Hotelaren izenak, Likuliku, «ur lasaiak» esan nahi du, eta, bai, horrela da: naturaren  benetako paradisu batean dago kokatuta, itsas aintzira bare-bare ezin ederragoan.

Hotelera ontziz edo airez hel daiteke, hidrohegazkinez edo helikopteroz, resortak heliportu bat eta guzti baitu. Hoteleko eraikinetan egurrezko egiturak eta Fijiko arkitektura tradizionala dira nagusi: txoko guztiguztietan bake eta lasaitasun giroa nagusi da, eta helmuga aparta da ezkonberrientzat edo leku esklusibo bakarti bat bilatzen dutenentzat.

Logelaren prezioan otordu guztiak sartzen dira. Shane Watson chefak egunero-egunero aldatzen ditu hotelak eskaintzen dituen dastatzeko menuak, eta bezeroek erabakitzen dute jantokian edota hondartzaren ondoan kokatutako terraza txiki intimoetan jan nahi duten. Haurrekin bidaiatzen dutenen kasuan, aukerarik onena Malolo Island Resort hotela da. Hotelari izena ematen dion Malolo irlan dago kokatuta, hau da, Mamanuca uharteetako handienean, Denarau-Nadi portutik ordubete baino gutxiagora. Estilo tradizionaleko hotela da, Fijiko ilunabar paregabeez gozatzeko aukera ematen duen hondartza pribatu baten alboan kokatua.

Hotelak aire libreko bi igerileku ditu, baita haurrentzako beste txikiago bat ere. Familiei bideratutako establezimendua den arren, Ozeano Bareko bakeaz gozatzeko aukera ere eskaintzen die helduei. Mediterraneoa gogorarazten duten etxolak eskaintzen ditu hotelak, zuri-zuriak eta leihate handidunak. Etxolok bi eta zazpi pertsona artean erosotasun osoz hartzeko prestatuta daude. Hotelak berak naturarekin lotutako ekimen bat ere abian du: desagertzeko arrisku bizian den Fijiko Brachylophus vitiensis iguanen haztegi bat. Fijiko espezie endemikoa da eta haztegian iguanok hazi eta naturan askatzen dituzte. Hotelak Solevu eta Yaro komunitareskatatuko zuen esperantzan.