GAIAK

Bularreko minbizia da munduan tumore ohikoena, OMEren arabera

Bularreko minbizia da munduan tumore ohikoena, lehendabiziko aldiz biriketakoari aurrea hartuta, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakinarazi duenez. Azken bi hamarkadetan minbizia diagnostikatu dieten pertsona kopurua ia bikoiztu egin da.

Bularreko minbiziaren egunean puxikak askatu zituzten Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Gaur Minbiziaren Aurkako Eguna dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) hainbat datu plazaratu ditu. Hala, ohartarazi du bularreko minbizia dela munduan gaixotasun onkologiko ohikoena. Lehenengo aldiz, biriketako minbizia baino zabalduago dago bularreko tumorea. 2020ko abenduan Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentziaren (IARC) estatistikak hartu ditu oinarri datu horien berri emateko.

Horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak ekimen berria jarriko du abian mundu mailan aurten, bularreko minbiziak eragiten dituen heriotzak gutxitzeko, diagnostiko goiztiarra hobetzeko eta mundu guztiak kalitatezko osasun zerbitzuak izan ditzala bermatzeko.

IARC agentziaren arabera, azken bi hamarkadetan ia bikoiztu egin da minbizia diagnostikatu dieten pertsona kopurua; 2000. urtean hamar milioi gaixo izatetik 2020an 19,3 milioi izatera igaro da. Gaur egun, mundu osoan bost pertsonatik batek minbizia garatuko du bere bitzitzan zehar eta aurreikuspenen arabera datozen urteetan diagnostikoek gora egingo dute. 2040rako intzidentzia bikoiztea espero da.

Minbiziaren ondorioz hil den pertsona kopurua ere hazi egin da eta 2000. urtean 6,2 milioi izatetik 2020an 10 milioi izatera pasa da. Kalkuluen arabera, sei heriotzatik bat minbiziagatik da. Bizitzeko moduan izan diren aldaketak, dieta ez osasuntsuak, sedentarismoak eta tabako eta alkolholaren kontsumoak minbizi kasu gehiago izatea eragin dute, baina horrekin batera bizitzaren luzatzeak ere gaixotasun hori garatzeko arriskuan ere laguntzen du.

OMEren arabera, horren agerian uzten du minbiziaren prebentzioan nahiz tratamenduan inbertsioa handitu behar dela, batez ere bularreko minbizian, umetoki-lepoko minbizian eta haurren minbizian.

Bestalde, covid-19aren pandemiak herrialde txiroenetan minbizia diagnostikatzeko arazoak areagotu egin dituela esan du OMEk, baita tratamentua jasotzeko aukerak ere. Horretaz gain, minbizia dutenek covid-19agatik gaixotasun larri bat garatzeko edo hiltzeko arrisku handiagoa dutela oharatarazi du.

Azkenik, Osasunaren Mundu Erakundeak gogora ekarri du minbizia dela haur eta nerabeen artean heriotza kausa nagusia. Urtero 400.000 haur ingururi diagnostikatzen diete minbizia.