GAIAK

Emakumeek zientzian badutela zer esana aldarrikatuko dute otsailean zehar

Emakume eta Neska Zientzilarien Nazioarteko Eguna ospatzeko (ostegunean) hilabete osoan zehar egingo diren ekitaldiak prestatu dituzte erakunde zientifikoek. Helburua geroz eta emakume gehiago zientzian aritzen direla erakustea da.

Emakumeak Zientzian 2021 ekimenaren aurkezpena. (ELHUYAR)

Donostia International Physics Center (DIPC), CIC nanoGUNE ikerketa zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, BioDonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, POLYMAT, Elhuyar, EHUko Informatika Fakultatea eta Eureka! Zientzia Museoak zientzia programazio bateratua aurkeztu dute, otsailaren 11n mundu osoan ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren karira.

Egun horretatik aurrera eta Donostian, hilabete osoan zehar egingo dira Emakumeak Zientzian 2021 ekimenaren ekintzak: tailerrak, hitzaldi publikoak, esperimentuak familian, bisita birtualak… ekintza horietako asko birtualki egingo dira osasun larrialdia dela eta. Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Emakumeak Zientzian 2021 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntza du.

Egitaraua

Otsailaren 8an hasiko da programazioa, Elhuyarren ‘Emakumeak zientzialari’ erakusketa irekiko baita Eureka! Zientzia Museoan. Ostegunean, otsailaren 11n, ‘Contagio’ filmaren (Steven Soderbergh, 2011) emanaldi berezia izango da, Itziar Perez Donostialdeko Osakidetzako kudeatzaileak aurkeztuta, DIPCk, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan. Errealismo handiz, filma hamar urteren buruan aurreratzen da, eta gure mundu hiperkonektatu eta globalizatuak munduko pandemia batean izan ditzakeen fase guztiak aztertzen ditu. Otsailaren 13an, larunbata, saioa Bilboko Arte Ederren Museoan ere egingo da.

Ostiralean, otsailaren 12an, 18.00etan, ‘Emakume zientzialariak atzo eta gaur’ zientzia-ekitaldia egingo da Eureka! Zientzia Museoan. Donostiako hainbat zentrotan lan egiten duten bost emakumezko zientzialari Eureka! museoko agertokira igoko dira murgilduta dauden ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen kontakizunaren bidez. Hitzaldiak jende guztiarentzat izango dira (leku kopuru mugatua) eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Emakumeak hauek dira: Fatima Villa (Tecnun) eta Neri Oxmam, Ester Verde (CFM) eta Carmen Mijangos, Naiara Aginako Bengoa (Informatika Fakultatea, EHU) eta Hedy Lamarr, Ane Ruiz de Angulo (CIC biomaGUNE) eta Gertruelion de Belle eta Elisa Jimenez (EHU, DIPC, Ikerbasque) eta Rachel Carson. Aurten, gainera, Ane Leux musikari donostiarrak eta Tineke van Der Berg zientzialari holandarrak zuzeneko musika eskainiko dute.

Asteburuan, otsailaren 20an eta 21ean, familien txanda izango da. Zientziaren izarrak jardueran, Elhuyarrek prestatutako emakumezko zientzialarien hamabi kontakizunetatik abiatuta, zientzia-esperimentuak egingo dira familian Eureka! Zientzia Museoan emakume zientzialari edo zientziaren izar horien omenez.

Hezkuntza-jarduerak

Programazioan badira hezkuntza-jarduerak ere —online zein aurrez aurrekoak— zientziaren mundua haur eta gazteei hurbiltzeko eta emakume zientzialarien eginkizuna ikusarazteko. Otsailaren 17an, BioDonostia Osasun Ikerketarako Institutuak covid 19-a nola diagnostikatzen den ikasteko tailerra eskainiko du, DBHko ikasleek bertatik bertara ezagut ditzaten covid-19a detektatzeko laborategiko teknika nagusiak. Otsailaren 19an Tecnun eta Ceit-en egingo den ‘Ingeniari izatera jolasten’ tailerrean DBHko 4. mailako neska-mutilek hartuko dute parte. Tailer honen helburua da ingeniaritza gazteei modu praktikoan hurbiltzea eta neskengan STEM ikasketekiko interesa piztea. Otsailaren 22an eta 25ean, EHUko Informatika Fakultateak ‘Informatika ipuin eta magia bidez’ antolatuko du, lehenengo hezkuntzako ikasleekin kodigo bitarra eta algoritmoa landuko dituen tailer dibertigarria. Otsailaren 25ean, biomaGUNEk tailer praktiko bat antolatuko du bokazio zientifiko berriak motibatzeko.

DIPC, CFM eta CIC biomaGUNE ikerketa zentroak bertatik bertara ezagutzeko bisita birtualak ere antolatu dira. Bisita horietan, ikertzaileen eguneroko bizitza hurbiletik ikusi ahal izango da. Zentroetako ikertzaileek hainbat jarduera eta erakustaldi egingo dituzte, emakumeek zientzian duten zeregina nabarmentzeko. Topaketa birtual horiei esker, parte-hartzaileek zientzialariekin solasteko aukera izango dute.

Azkenik, Emakumeak Zientzian 2021 ekimenaren baitan, zenbait nerabek zientzialari izateko aukera izan dute egun batez, CIC nanoGUNE eta Polymateko ikertzaileek gidatuta. Horien guztien laguntzarekin eta Zientzia bada nesken kontua izenburupean, nanozientziarekin, nanoteknologiarekin eta polimeroekin lotutako hainbat esperimentu erakargarri prestatu ditugu. Ildo beretik, aspalditik ari gara emakume helduek kulturaren transmisioanduten zeregina balioesten. Espiritu horrekin eta Esperientziaren boterea izenburuarekin, zenbait esperimentu labur eta erraz helaraziko ditugu, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan ibil dadin.

Aurrez aurreko jarduera guztiak behar diren osasun neurriekin egingo dira. Zenbait jardueratarako —aurrez aurrekoak zein onlinekoak—, izena eman behar da, eta Emakumeak Zientzian 2021 webgunean eman daiteke izena gaurtik aurrera: www.emakumeakzientzian.eus