12 FEB. 2021 - 12:59h ‘Barre ala negar’ Don Inorrez taldearen kantu aurrerapena Otsailaren 25ean argitaratuko du Don Inorrez taldeak disko berria, beren hirugarrena: ‘Esku Hutsik’ eta dagoeneko, entzungai dago albuma irekitzen duen kantua: ‘Barre ala negar’. Garazi Lasa Otsailaren 25ean argitaratuko du Don Inorrez taldeak ‘Esku Hutsik’ izeneko diskoa, Tolosaldeko taldearen hirugarrena. Jada badago 'Barre ala negar' lehen aurrerapen kantua sarean entzuteko aukera eta hemen ere eman dizuegu horretarako aukera.10 kantuz osatutako lana da ‘Esku Hutsik’ eta azken album honekin, power-pop ildora itzuli da Imanol Ubeda. Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatu dituzte kantu berriak, El Puerto de Santa Marian (Cadiz, Espainia), eta musikari talde bera izan du alboan Ubedak: Karlos Aranzegi (bateria eta perkusioa), Jacob Reguilon (baxua eta teklatuak) eta Paco Loco (gitarra, teklatuak eta hotsak). Esan bezala, azken honek egin du ekoizpen artistikoa ere. «Arruntegia top-zerrendan sartzeko, zaharregia gaztetxeetan jotzeko» bezalako esaldiak aurkituko ditugu aurrerapen kantu honetan, baina egilearen hitzek gehiago dute ironiatik desesperaziotik baino. 2016an Bide Ertzean taldeak mugagabeko atsedenaldia hartzea erabaki zuenetik Imanol Ubedak bakarkako ibilbidean ateratako hirugarren lana izango da ‘Esku Hutsik’. Dena dela, nahiz bakarkako ibilbidea izan, zenbait laguntzaile izan ditu hasieratik proiektua aurrera ateratzeko. Gauzak horrela, lehendabiziko lana 2018an kaleratutako ‘Mugiro bila’ izan zen, 10 abestiz osatutako diskoa, eta ordutik hasi zuen Paco Loco ekoizlearekin gaurdaino duen harremana. Izan ere bigarren argitalpena, ‘Dardara hura’, bi abestiz osatutako 7 hazbeteko binilo singlea, berriz ere El Puerto de Santa Mariako Paco Loco Studiosen grabatzeko hautua egin zuen. Lehenengo lanean ez bezala, binilo honetan entzun ditzakegun abestiak estilo amerikar batera jotzen dute. Hirugarrena, ordea, esan dugun moduan, power popez beteta dator eta lehen kantu honek kutsu britainiar nabarmena du. Bi aste barru jakingo dugu gainerako abestiak zer nolakoak diren.