18 FEB. 2021 - 11:55h 'Kurosawa': trap doinu berriak Iruñetik Hasi besterik egin ez den 2021 honetan musika arloan indartsu dabil Iruñerria eta Igotz Mendez ere igo da olatura 'Kurosawa' trap kantuarekin. Akira Kurosawa zine zuzendari japoniarrari keinu bat da Mendezen azken lana. Maite Bidarte Chill Mafiari segika dator Hofe, Igotz Mendez eta 'Kurosawa' bere kantua. Gazteleraz eta trap erritmoan, Akira Kurosawa zine zuzendari japoniarrari keinu bat da Mendezen kantua. Oinarri elektroniko biziaren gainean, autotunea topera darabilen ahotsa eta kantatzeko modua dira protagonista abesti honetan. Kantuan aipamen berezia egiten diote Rashômoneko zuzendariari, «y mi sangre en blanco y negro como Akira Kurosawa» dio kantuak. Bideokliparen estetikak ere bat egiten du Kurosawaren eskolarekin. Txuri beltzean, bi polizia, gabardina eta txanoarekin noski, emakume baten hilketa ikertzen. 4:40 ekoiztetxeak egin du 'Kurosawa' bideoklipa eta bertan Ainhoa Ordoñez, Miguel Sampedro eta Igotz Mendezek hartzen dute parte. Adrian Gonzalezek eta Liam Mcdonnellek zuzendu dute eta argazki zuzendaritzan Juan Labad eta Adrian Gonzalez aritu dira. Arteaz eta jantziez Paloma Arias arduratu da. 2017tik eszenan 4 Urte pasa dira Igotz ‘Hofe’ bideoak sarean zintzilikatzen hasi zenetik, 18 urte zituen garaian. Orain arteko kanturik arrakastatsuena ‘No lo sé’ izenekoa da, baldin eta sareko erreprodukzio kopuruari begiratzen badiogu. Baina benetako arrakasta, zuzenekoetan nabaritu izan du Hofek: «Publikoak nire abestiak kantatzen zituen eta horrek negargura eman zidan», aipatu zuen Stereozona aldizkariari emandako elkarrizketa batean. Oraindik mixtape edota albumik ez duen arren, plataforma digitaletan entzun daiteke bere musika.