Europako Mendiak, kareharriaren erresuma 22 FEB. 2021 - 13:42h Andoni Urbistondo Desnibel ikaragarriko mendi harritsuak dira Europako Mendiak, 2.200-2.300 metroko zuloa, gizaldiz gizaldi mendigune hau zizelkatu duten ibai bizietatik hasi eta gailur garaietaraino. Picos-ek, baina, bere zailtasunean, badu zer ikusi eta ezagutzeko moduko paraje erosorik. Euskal Herritik mendebaldera bada mendikate berezi bat: Picos de Europa (Europako Mendiak). Kantauriar Mendikateko eremuan goititzen den mendi gune berezia da. Inguruko mendiak baino garaiagoa, malkartsuagoa, basatiagoa, eta zergatik ukatu, ikusgarriagoa ere bai. Oso eremu txikian, 550 kilometro koadro eskasean, 2.000 metroko langa gainditzen duten 250 mendi daude; tontor horietatik 40, 2.500 metrotik goiti. Kantauri itsasotik oso gertu daude, gainera, mendi puska horiek, 15-20 kilometrora baino ez lerro zuzenean. Desnibel ikaragarriko mendi harritsuak dira, 2.200-2.300 metroko zuloa, baina bere zailtasunean, badu zer ikusi eta ezagutzeko moduko paraje erosorik, edonork egiteko modukoak.Geologia gustuko izan baina ikasi ez duenarentzat bada zita polit bat ‘Shawshank Redemption’ film ezagunean (espainieraz ‘Cadena Perpetua’ izenburua jarri zioten): «Geologia presioaren eta denboraren ikasketa da, eta hori da kartzelan sobera daukazuna, ihes egiten saiatzeko: denbora eta presioa». Picos de Europako mendiguneko ibaiek ere denbora eta presioa erabili dute itsasoraino heltzeko, egunez egun, etenik gabe, kareharrizko presondegitik ihes egiteko, eta presio horren ondorio dira Deva, Cares eta Duje ibaiek Picos mendigunean sortu duten paisaia basatia. Erreportaje honek hiru txango eroso ditu ardatz, mendian ibiltzeko ohitura duen ororentzat aproposak, eta zailtasun handirik gabekoak. Hiruretan ezagunena, noski, Caresko bidea. Caresko bidea (24 kilometro, 6 ordu)Asturiasko Poncebos eta Leongo Cain de Valdeon herriak lotzen ditu bide honek, Cares ibaiak marraztutako zintzur ikusgarrian barrena. Oso oso ezaguna da, eta komenigarria da ekain, uztail eta abuztuan ez joatea, jendez mukuru egoten delako. Bisitarien portzentaje handi bat, gainera, mendian ibiltzeko ohiturarik ez daukan udako turista soila da. 12 kilometro ditu joanekoak, baina 24 joan-etorriak. Bost edo sei ordu artean behar dira, eta itzulera, bide beretik. Astun samarra izan daiteke itzulera, baina nekatzen hasterako bidea bukatu egiten da.Bidea erraza da, metro pare bateko zabalera daukana ia une oro, Cainera iritsi aurreko zatian izan ezik. Han estutu egiten da, eta hainbat tunel eta zubi metaliko zeharkatu behar dira. Cares ibaiak egin duen zintzur ikusgarriak egiten du berezi bidea. Hegora Urriellu edo Naranjo de Bulnes du, 2.519 metroko haitz famatua, eta iparrera, Peña Santa de Castilla gailur mitikoa (2.596 metro). Bi zaindari horiek baino 2.300 metro beherago hautsi du mendia Cares ibaiak, eta, jakina, amildegiak benetan ikusgarriak dira. Bertigoa daukanak, agian, bideari uko egin beharko lioke, sarri hormatzarren azpitik baitoa, sakonean 200-300 metroko zulo handia dagoela. Cain de Valdeon herrira iritsi aurreko tartea da politena. Pasarela Martinez delakoa pasatu behar da, istorio bitxia daukan egurrezko pasabidea. 2012an 1.000 tonako harria mendian behera jausi eta pasarela zaharra eraman zuen ibairaino. Eskalatzaile profesionalek konpondu behar izan zuten mendiaren haserrea, helikoptero eta guzti. Hiruzpalau tunel pasatzen dira, baina buruko argia ez da beharrezkoa egun argitan. Mendi zintzurra bukatuta, Cain herrixka agertzen da, eta bere gainean, 2.000 metrotik gorako gailur zirku benetan ikusgarria. Sabeleko orroak apaldu eta bueltako bidea egitea baino ez da falta. Baldin eta ez baduzu autoa Cainen utzi, eta Poncebosera autoan bueltatu, ibilbide hasieran han utzi duzun autoraino iristeko. Oinez 12 kilometroko distantzia 108 kilometrokoa da errepidean, eta bi ordu eta erdi behar dira. Alegia, oinez autoan edo motorrean baino azkarrago irits zaitezke.Peña Vieja (2.619 metro, desnibel positiboa 1.000 m, 7 ordu) Europako Mendietako tontorrek zailtasuna dute ezaugarri. Eskalatzaileen paradisua da kareharrizko erresuma hori, eta gailur gehienetan besoak erabili behar dira, lehen eta bigarren graduko eskalada tarteak ez badira. Desnibel handiak ere ez du sobera laguntzen mendizaletasuna sustatzen, baina mendikate guztietan bezala, hemen ere bada irteera erosoetarako zirrikiturik. Kantabriako tontor garaiena, adibidez, Picoseko gailur garai errazenetakoa: Peña Vieja (2.619 m.). Potes, Arenas de Cabrales edota Cangas de Onis, eskualdeko hiru herri biztanletsuenak baino 2.300 metro gorago. Herri horietatik abiatu behar izanez gero, inor ez litzateke abiatuko. Ordu askoko martxa, nekea. Baina bidezidorrik bada. Aldeko edo kontrako izango zara, baina ezin ukatu Fuente De-ko teleferikoak txangoak asko errazten dituela. Bizpahiru minutuan 1.850 metrora eramaten zaitu, ia-ia 1.000 metroko koska jan bailarari. Handik gauzak samurrago ikusten dira, bi-sitariak aurrez aurre harri, haitz eta arroka festa latza ikusita ere. Teleferikotik Peña Vieja mendira hiru orduko bidea dago. Erraza hasieran, malkartu egiten dena pixkanaka. Horcados Rojos eta Cabaña Veronica aterperantz joan behar da, eta Peña Olvidada haitzaren bizkarretik la Vueltona lepora igo. Justu, Horcados Rojos-era daraman kontrako norabidean. Ez dauka galbiderik.Handik Vueltona lepora (2.400 metro), eta Peña Viejara, bide ona dago, sigi-sagen bitartez malda handiak saihesten dituena. Baina mendia eta natura gizakiok baino egoskorragoak dira, zorionez. Eta eskerrak hala den. Abuztu bukaera izanagatik, 2.500 metrotik gorako parajeak beti dira basatiak. Udazkenak muturra sartu du mendi handi hauetan, eta elurte handi samarrarekin zipriztindu, harri lehor eta grisak. Eta elurrarekin hotza. Eta hotzarekin izotza. Eta izotzarekin, kito. Zorua irristakor dago, arriskutsu, eta kranpoi eta pioletik gabe, hobe beherako bidea hartzea. Alivako belazeetara, hain zuzen ere. 1.600 metrora dagoen paraje berde lasaira. Han Liebana bailarako lapikoa dastatu, eta ordubetean oinez iritsiko gara teleferikora. Lur orotako ibilgailuan ere egin daiteke bidea, oso nekatuta bazaude. Txango hau gogorragoa da fisikoki, sei-zazpi bat ordu eskatzen ditu. Urdon-Tresviso (6 kilometro, desnibel positiboa 800 metro) Caresko bidea egin ondoren, akaso antzekoa egingo zaio bide hau askori, baina merezi du. Askoz jende gutxiago dabil, eta aspaldi, bertakoek bidea mendi ertzean nola demontre marraztu zuten sinestea kostaegingo zaizu. Baina egin zuten, Tresviso herri inguruan zeuden meatzeetako materiala bailarara jaisteko. Egun ez dago meatzerik, noski, baina haietara zeramaten tunelen aurretik pasatzen da mendizalea. Bideak 500 metro lau ditu hasieran, eta gero, akabo. Malda, malda eta malda, eta bihurgune itxiak, mendi eskian egiten diren Maria buelta norabide aldaketen antzekoak. 34 daude, denera, eta bakoitza eman ondoren paisaia ikusgarriak agertuko dira begi bistan, eta hankazpian.Malkartsua da bidea hasieran, baina motza distantzian, eta pazientziarekin aise gainditzen da La Bargona parajea, aurrena, eta Pilatosen Balkoia, ondoren. Handik tente agertzen dira, mendebalderantz, Picos de Europako ekialdeko Andara mendiguneko haitzak, Morra de Lechugales eta Cortes, besteak beste. Pilatos Balkoitik, ordea, bidearen etengabeko 180 graduko bihurguneek ematen dute atentzioa. Nola ibiliko ote ziren hemen gure aurrekoak materiala hara eta hona garraiatzen, 100 urte atzera? Nekatzen hasterako Tresviso herrixka agertuko da aurrean, errepidez Sotresen barrena, Asturiastik bakarrik irits daitekeen Kantabriako herria. Han, bertako queso picon delakoa, edota borono izena ematen dieten odolkiak dastatzea onena, La Hermidako haitzartera bueltatu aurretik.Hiru txango hauek gehitxo badira, beti izango da aukera erosoren bat. Potes-en kalez kale ibiltzea, Poncebos-etik Sotresera daraman bide estu eta gaiztoan sufritu, Bulnes herrira daraman funikularra erabili, edota Piedrasluengas mendatera igo, Palentziara bidean, handik Picos de Europa mendigune osoa bere handitasunean ikusteko.