GAIAK
Entrevista
Endika Pikabea
Anteros taldeko gitarrista eta ahotsa

«Taldeoi min handia egiten digu pandemiak sortutako ezjakintasunak»

Endika Pikabea usurbildarra orain dela sei urte Bartzelonara bizitzera joan zen. Bertan zegoela, Toundran egondako Victor Garcia-Tapiarekin kontaktatu zuen eta, beste kide batzuekin batera, Anteros martxan ipini zuen. Orain ‘…Y en paz la oscuridad’ diskoa argitaratu dute.

Ánteros taldeko kideak. (NAIZ)

Endika Pikabea Krilin eta Erroma bezalako taldeetan ezagutu genuen Euskal Herrian. Orain dela hainbat urtetatik, Anterosen gitarra, abeslaria eta konpositorea da. Anteros post-rocketik abiatutako proiektu interesgarria da. Bertan, hainbat taldetako kideek batzen dituzte indarrak. Anterosen musika eskaintza horren adibide garbia da. Estilo ugariren batuketa da talde hau. Indarra eta emozioa dituzte aktibo nagusi, baina beste hainbat alderdi arakatzeko kapaz ere badira. ‘… Y en paz la oscuridad’ iazko urtearen amaieran argitaratu zen eta maiatzean Euskal Herrian aurkeztuko dutela iragarri berri dute.

Nolakoa izan zen ‘…Y en paz la oscuridad’ diskoaren grabaketa? Beste talde batzuekin hitz egin eta gero, sekulako odiseak kontatzen dituzte.
Grabaketa martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran egin behar genuen. Konfinamenduarekin hasi ginenez, grabatzeko data maiatzera eta ekainera mugitu behar izan genuen. Hala ere, bateriak uztailean grabatu genituen. Konfinamenduarekin guztia atzeratu egin zen.

Konfinamendua garai ona da konposatzeko?
Niri ondo etorri zitzaidan. Lanetik aparte, konposatu ahal izateko denbora edukitzea garrantzitsua da. Gainera, Bartzelonako bizitza nahiko estresantea da eta etxean, sortzen, lasai egoteko denbora edukitzea ez dago txarto. Konfinamenduaren esperientziak inspirazioa indartu zidan.

Bartzelonako bizitza nahiko estresantea da eta etxean, sortzen, lasai egoteko denbora izatea ez dago txarto. Konfinamenduaren esperientziak inspirazioa indartu zidan

Eta talde gisa?
‘… Y en paz la oscuridad’ diskorako konposizio prozesua desberdina izan da, zeren bakoitzak bere etxetik egin du. Hasteko egitura batzuk landuta geneuzkan eta hortik abiatuta, eta Garage Band-i esker, bakoitzak bere etxetik landu du. Saio ezberdinak sortu genituen eta bertan bakoitzak bere etxetik bere instrumentua grabatu zuen.

Zure kasuan zer nahiago duzu, diskoak, zuzenekoak edo bien arteko oreka?
Konposatzea ez zait batere gustatzen baina, hala ere, presioarekin lan egiteko gai naiz. Gero, grabatzerakoan ez dut horrenbeste sufritzen. Grabatzea gustatzen zait. Baina, batez ere, zuzenekoekin disfrutatzen dut. Furgoneta eta errepide orduek sakrifizioa eskatzen dizute, baina niri gustatzen zait.

Disko batek izan duen harrera neur daiteke zuzenean aritu gabe?
Oraingoz disko honek izan duen harrera nahiko ona izan dela esango nuke. Prentsatik heldu zaizkigun kritikak nahiko onak izan dira orain arte. Foroetan ere iruzkin positiboak egon dira. Kontzertu bat egin dugu eta bertan jasotako erantzuna ere oso ona izan zen.

Zuzenean aritzeko gogoz egongo zarete.
Bai. Nik aurten kontzertu batzuk emango ditugula uste dut.

Zein ezberdintasun dago oraingo eta pandemia aurreko munduen artean?
Ezberdintasun handiena ezjakintasuna da. Taldeoi pandemiak sortutako ezjakintasunak min handia egiten digu. Planak egiteko ahalmena oso murritza da, gero planak ezin direlako bete. Eta planak betetzea edo ez betetzea ez dago norberaren esku.

Eta entseatzeko?
Gaur egun entseatzeko ez dugu arazo handirik, baina egon dira momentuak non oso zaila suertatu izan zaigun entseatzeko guztiak batzea.

Nola begiratzen diozue etorkizunari?
Oraingoz etorkizuna ilun dago. Kontzertu batzuk lotuta ditugu. Baten bat, maiatz inguruan, Euskal Herrian. Gure esperantza da pixkanaka-pixkanaka egoerak hobera egitea. Aurreko diskoarekin Europan zehar bira egin genuen eta festibal batzuetan jo genuen. Aurten ez da festibalik egingo, baina noizbehinka alde batera edo bestera mugitzen bagara, asko eskertuko dugu.