GAIAK

Emporda Garaia: natura eta historia Katalunia zaharraren bihotzean

Pirinioek behatuta eta Mediterraneoko itsasertzean kokatuta, Costa Bravako hondartzek eta Dali Museoak ospetsu egin duten arren, bestelako altxor ugari gordetzen ditu Emporda Garaiak, natura eta historiarekin loturikoak. Hona hemen, Erdi Arotik igaroz, historiaurretik II. Errepublikara doan bidea.

Sant Pere de Rodes.

Pirinioetako ekialdeko muturra dugu Emporda Garaia (Alt Empordá katalanez), feniziarrek, grekoek, erromatarrek eta beste hainbestek Penintsulan sartzeko erabilitako atea. Ez dira gutxi, beraz, iraganeko zibilizazioek utzitako aztarnak; horien artean nabarmentzekoak dira Foceako kolonoek K.a. 575ean sortutako Empúries hirikoak (Rosesetik gertu).

Eskualde hau da, iparraldean dituen Vallespir eta Rossello eskualdeekin batera, besteak beste, Erdi Aroan (IX. mendean) eta Karlomagnoren babespean, Katalunia zaharraren bihotza eta sorlekua. Garai haien ikur esanguratsuak ditugu Sant Quirze de Colera eta Sant Pere de Rodes monasterio erromanikoak, aro hartako populazioa egituratzerakoan garrantzi handikoak izan zirenak. Biak daude Pirinioetako magaletan, hurrenez hurren, L’Albera paraje naturalean, eta haren luzapena den Rodes mendilerroan (itsasoan sartuz Creuseko lurmuturra, egun parke naturala, sortzen duena). Paraje horietan barneratuko gara.
Sant Pere de Rodes: erromaniko katalana

Bidaiaren abiapuntu izango dugu Roses, Emporda Garaiko gune turistiko garrantzitsuenetako bat. Izena ematen dion golkoko iparraldeko muturrean, 8 kilometrora, daude Cap de Creus natur parkea, Rodes mendilerroa eta Sant Pere de Rodes monasterio ikusgarria. Roses-etik Sant Pere de Rodesera joateko, Creus lurmuturrean zehar doan bihurgunez beteriko Vilajuigako errepidea daukagu Hori hartu aurretik Castelló de Empùries herria bisita dezakegu. Udalerri honetan, Empuriabrava urbanizazio erraldoia ez ezik, Empordàko paduretako natur parkea eta Erdi Aroko hiri zaharra ere aurkituko ditugu; bertako XI. mendeko Santa Maria eliza gotikoak bisitatxoa merezi du.

Sant Pere de Rodes beneditarrek, XI. eta XII. mendeetan, Verdera mendian eraikitako monasterio erromanikoa da hori. Erdi Aroko Santa Creu de Rodes herrixka, bertako Santa Helena eliza eta Sant Salvador gazteluko aztarnak handik oso gertu daude, bistan. Monasteriotik Creus lurmuturreko badien gaineko paregabeko bistak izango ditugu, Port de la Selva eta Llançakoak, bereziki. Neurri handiko monasterio hau, latindar gurutze formako oinplanoa duen hiru nabeko (erdikoa, 16 metrokoa) elizak, klaustroak eta horien ondoan altxatutako hainbat eraikinek osatzen dute, dena mendiko desnibela saihesteko terrazetan antolatuta. San Pedroren erlikiak gordetzeko eraikia dela esaten du kondairak eta, horrela, pelegrinazio elizari dagokionez, deanbulatorioa edota girola dauka hiru absideko bere buruan.

Banyolesko San Esteban monasteriopeko baseliza baino ez zen Sant Pere, Tassi izeneko jauntxo bati esker independentzia lortu eta Sant Pere de Rodes monasterio beneditarra bihurtu arte. Izan ere, aurreneko abadea, Hildesin, jauntxo haren semea zen. Harrezkero, hazten hasi zen monasterioa, Vatikanoaren esanei men eginez eta Empúriesko kondearen sostenguz, botere feudal eta pelegrinazio gune bihurtuta. Monasterioren gainbehera 1345eko izurritearekin batera hasi eta bere amaiera ondorengo urte zein mendeetan etorri zen, pirateriaren, bidelapurreten eta gerren eskutik. 1935ean, Generalitateak aginduta hasi ziren guneari eusteko lanak.

Kataluniako beste eskualdeetan erromaniko lonbardiarra erabat nagusitu zenez, Sant Pere Kataluniako Erdi Aro osoko eraikin bakanetako bat da, joera autoktonokoa, geroxeago Empordàko eta Rosselloko zenbait eraikuntzatan atzemango zena.

L’Albera: Sant Quirze de Colera eta Espolla

Lehen esan dugun bezala, Rodes mendilerroa eta Creus lurmuturra L’Alberako itsasorainoko luzapena baino ez da. L’Albera Pertús gainetik Costa Vermella eta Costa Bravako iparralderaino eta Empordá, Ros sello eta Vallespir eskualdeetan zehar zabaltzen den mendilerroa da, 1659ko Pirinioetako itunak frantziar eta espainiar estatuen arteko muga bihurtu zuena. Bertan daude, beraz, 1939an faxismotik ihes egiteko gerra galdu zutenek erabilitako bideak, urte batzuk geroago Francori aurre egiteko makiek erabiliko zituzten berberak. Hegoaldean, ondo bereizitako alde bi ditu: Espolla eta Jonquera, mendebaldean, eta Sant Quirze de Colera (Rabós), ekialdean, erdian Banyulsko gaina dagoela.

Sant Quirze de Colera, monasterioa eta gotorlekua, paraje ederrean, mendiek gordetako haranean, dago kokatuta. Sant Pere de Rodesetik hara heltzeko, Vilajuïgara bueltatuko gara Garriguella herrira joateko, eta bertan Sant Quirzeraino doan 7 kilometroko errepidea hartuko dugu. Sant Pererako bidea bezala, hau ere autoz ez ezik, oinez edota bizikletaz ere lasai-lasai egin daiteke.

Hainbat aztarna eta hilobik VIII. mendean eremitorio txiki bat zegoela adierazten diguten arren, Sant Pere monasterioarekin gertatzen den legez, IX. mendean eraiki zen monasterio-gotorlekua, hau ere Empúriesko kondearen sostengua izan zuena. Kataluniaren sorreran gaude. Hurrengo 200 urteetan eginiko zabalkuntza lanetatik sortuko zen gaur egun ikus dezakegun eraikin multzoa: hemen ere eliza da eraikin garrantzitsuena: hiru nabeko basilika plantakoa da eta buruan arkutxo lonbardiarrez hornitutako hiru abside ditu. San Pere de Rodesek baino neurri txikiagoak ditu eta estilo aldetik hura baino ortodoxoagoa da, han estilo nagusia lonbardiar erromanikoa izanik. Ondoan, klaustroko arku bikoitzen galeria bat, abadeetxea eta ospitalea daude; horiek guztiek osatzen dute gotorlekua. Izan ere, Sant Quirze Jaume I.aren semea Aragoiko Pedro III. eta Mallorcako Jaume II.aren arteko guduen lekuko izan zen. Monasterioaren gainbehera XIV. mendean hasi zen.

Metro gutxira dago XII. mendeko Santa Maria eliza, monasterioaren babesean jaio zen herriko parrokia izan zena, bai eta otordua egiteko, zerbait edateko edota egunsentiaz gozatzeko taberna ederra ere. Sant Quirze de Colerara iristeko egindako bide bera baliatuz bueltatuko gara Garriguellara eta handik, Maniscle herritik pasatuz, Espollarantz abiatuko gara.

Historia, ardoa eta bertsogintza

Laurehun biztanle besterik ez dauka sorpresaz beteriko Espollak. Udalerri honetan bertan daude (edo handik gertu), besteak beste, Panissars, Pertús eta Banyuls gainak, errepublikazaleek eta gerrillariek erabilitako haiek, historiaurrean ere ezagunak zirenak. Esandakoaren isla dira Espollako megalitoen zirkuitua (trikuharriak, menhirrak), Les Cluses gotorlekua eta hilerriak gordetzen dituen Celedonio Garcia eta Enrique Martinezen hilobiak. Txapelokerrek, 1949ko abuztuaren 26an, muga zeharkatzen zebiltzala hildako bi maki ziren. Ezkutuan lurperatuta, 50 urte beranduago Espollako herri ekimenak haien oroimenezko ekitaldia gauzatu zuen; unerik hunkigarriena hilobietan plaka bana ipini zietenekoa izan zen.

Nekazaritza da Espollako bizilagunen zeregin nagusia. Olioak eta ardoak dute arlo horretan protagonismo osoa. Herriak eskualdeko upategi zaharrenetako bat dauka: 1931n sortutako Celler Cooperatiu d’Espolla. Eraikina, Tarragonako ardoaren katedralak gogoan, Pelai Martinez arkitektoak diseinatu zuen. Upategiak 1906an eratu zen Sindicat Agrícola d ́Espollan du jatorria. Bertako olioa eta ardoa erosteaz gain beste zerbait nahi duenarentzat, upategiak bisita gidatuak eskaintzen ditu.

Bada, baina, Espolla nazio mailan ospetsu egin duen ekitaldia: Trobada de Cantadors. Horixe da, 2003az geroztik, Kataluniako glosador-en (bertsolari modukoak) urteko hitzordu nagusi eta zaharrena. Izan ere, garrantzi handia izan du Espollak glosa (bertsogintza) berreskuratzekoan. Aurtengo Trobada uztailean egin zen.

Txangoaren abiapuntu Rosesera bueltatzeko Jonqueratik irten eta Figueresetik doan N-II errepidea hartu baino ez dugu egin behar. Arestian esan bezala, mundu mailako sona duen Dali Museoa dago Emporda Garaiko hiriburu Figueresen. Ezinbesteko bisita hori ere.