15 ABR. 2021 - 14:06h ‘Mezobarri’ kantuaren bideoklipa aurkeztu du Korrontzik Naturan oinarritutako abestia da ‘Mezobarri’, Korrontzik Xabier Amurizarekin batera osatu duen ’Koplariak’ diskoan aurkeztu zuena. Bideokliperako Oinkari dantza taldearen eta Eneko Gil koreografoaren partaidetza izan dute. NAIZ Xabier Amurizarekin elkarlanean osatuta ‘Koplariak’ diskoko kantua da ‘Mezobarri’, Agus Barandiaran taldekideak naturan oinarrituta konposatu zuen abestia. Eredu bera jarraitu dute kantuaren bideoklipa osatzerako orduan ere eta, hala, Eneko Gilek egin duen koreografian argien eta itzalen arteko jokoan dantzatzen ageri dira Oinkari dantza taldeko dantzariak. Bideoklipa, azaldu dutenez, 2021eko martxoan grabatu zuten Nafarroan. Diskoa aurkeztu zutenean NAIZi eskainitako elkarrizketa batean Agus Barandiaranek azaldu zuenez, berak eta Xabier Amurizak hiruzpalau urtez egindako lanaren fruitua da ‘Koplariak’ disko-liburua, publikoari koplen tradiziora gerturatzeko bidea eman nahi diona. Taldearen hamargarren lan hau «gainditu gabeko irakasgaia» kitatzeko azterketara aurkeztea izan dela ere esan zuen Barandiaranek. «Inoiz ez diegu eman orain arte letrei duten garrantzia; izan ere, Korrontziren kanturik gehienak instrumentalak ziren. Xabier Amuriza ezagututa, pentsatu genuen: ‘Oraintxe da aukera ezin hobea gure doinuak berriz ere, edo behingoz, letrekin hornitu eta doinu berriak kaleratzeko’. Beraz, nolabait gainditu gabe genuen asignatura horri heltzea, edo azterketa horretara joatea». Hala, letrekin eta ahotsekin jolastu nahi izan zuten eta Barandiaran eskertua agertu zen Amurizak egindako ekarpenarekin. «Guretzat egin duen lana ezin hobea da. Alde batetik, kopla berriak sortu ditu, eta, beste alde batetik, tradiziozko letrak edo orain arte argitaratu gabekoak ere bildu ditu, eta guk musika jarri eta disko-liburu batera eraman ditugu».