GAIAK

Bularreko minbizia sendatzeko kimioterapiarik ez erabiltzea posible eginen du tratamendu batek

Bularreko minbizia duten pazienteen zati handi batek kimioterapiarik egin behar ez izatea lortuko da tratamendu berri bati esker. RxPONDER izeneko nazioarteko ikerketaren emaitza da. Donostia Ospitaleak eta Onkologikoak bertan parte hartzen dute.

Bularreko minbiziaren aurkako lasterketa, 2015ean, Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Bularreko minbizia duten emakumeen zati handi batek ez ditu kimioterapiaren ondorio negatiboak jasan behar izanen nazioarteko ikerketa baten emaitzei esker. RxPONDER izena du proiektuak eta Donostia Ospitalea eta Onkologikoa ditu partaide, besteak beste.

Geicam bularreko minbiziaren ikerketa taldeak ohar batean jakinarazi duenez, postmenopausian dauden eta hormona hartzaile positiboak (RH+) eta HER2 negatiboa (maizen diagnostikatzen den bularreko minbiziaren azpimota) dituzten pazienteen onurarako izanen da tratamendua. Hauek hormona bidezko terapia eta kimioterapia jasotzen dituzte gaur egun, baina ikerketa honi esker, hormona bidez soilik tratatu ahal izanen dira, eraginkortasun eta pronostiko berarekin, Geicamek baieztatu duenez.

Nazioarteko entsegu kliniko hau SWOG Cancer Research Network kooperatiba-taldeak bultzatu du, AEBetako National Cancer Instituteren (NCI) laguntzarekin. Geicamek ere parte hartu du bertan.

5.083 paziente aztertu dituzte. Horietako gehienak (%67) postmenopausian daude eta gainerakoak, premenopausian.

«25en pareko Recurrence Score-a edo txikiagoa zuten paziente batzuei kimioterapia eta hormona bidezko terapia uztartzen dituen ohiko tratamendua eman zieten eta besteei, hormona bidezkoa soilik, bi taldeak ausaz aukeratuta, eta bost urtez egin zieten jarraipena», azaldu du Emilio Alba Estatu espainiarreko ikerlari nagusiak, Geicameko batzorde zientifikoko kide eta Malagako Unibertsitate Ospitaleko Onkologiako buru denak.

Estatu espainiarrean, urtero 5.300 kasu lirateke

Albaren arabera, emaitzek diotenez tumore hori duten, gongoil bat eta hiru artean ukituak dituzten eta postmenopausian dauden emakumeei kimioterapia ken dakieke pronostikoa kaltetu gabe. Estatu espainiarrean urtero 5.300 kasu lirateke, zehaztu duenez.

Ikerketan parte hartu duten Donostia Ospitaleko 54 paziente eta Onkologikoko 16 postmenopausian zeuden, Isabel Alvarez Donostia Ospitaleko medikuak eta Geicameko zuzendaritzako kideak jakinarazi duenez.

Oncotype DX izeneko testa erabiltzea ohikoa da dagoeneko Osakidetzaren sarean, azpimota horretako bularreko minbizia duten eta gongoil negatiboak dituzten pazienteen artean, tratamendu egokiena zein den erabakitzeko. «Aldiz, gongoil bat eta hiru artean kaltetuak dituzten pazienteekin ez genuen ebidentzia zientifiko nahikorik kimioterapiarik ez ematea erabakitzeko», azaldu du aditu honek.