03 MAY. 2021 - 10:37h Badatoz maiatzeko 'Beste Bat' saioak! Estilo ezberdinez nahasturik datozkigu maiatzeko 'Beste Bat' saioak. Julen Alonso trikitilariak, Nerea Erbiti eta Leire Etxezarreta abeslariak eta Kaserna talde bizkaitarrak osatuko dute laukotea. Beste Bat Maiza | Nerea Erbiti, Julen Alonso, Kaserna eta Leire Etxezarreta Este navegador no soporta el elemento audio. Ioar Aizpurua Hilabetero legez gogotsu datoz maiatzeko 'Beste Bat' saioetako gidariak. Hilabete honetako bazkalosteetan Naiz Irratian izango dira, Julen Alonso, Nerea Erbiti, Kaserna eta Leire Etxezarreta. Astelehenetik-ostegunera bitarte 15:00retatik 16:00retarako tartean, hainen kantu kuttunen berri izango dugu. Astelehenetako txandari dagokionez, Julen Alonso oriotarra izango da asteko lehen saioaren gidari. Apirilean ezin izan zituen bere txandak burutu eta hilabete honetan indarberrituta etorriko zaigu euskal kantuak eta trikiti kutsua duten lanez gure arratsalde hasierak alaitu ahal izateko. Euskal Herriko zenbait txapelketa irabazi ostean, bere bakarkako ibilbidean 'Sutan Dantzan' izeneko lana aurkezten entzun izan dugu, baina baita kaleratutako beste single batzuekin ere. Astearteak Nerea Erbitiren esku geratuko dira. Abeslaria izateaz gain, irakaslea ere bada eta seguru gaude bere ahots gozoarekin ondo baino hobeto erakarriko gaituela. 'Lurpekariak' proiektuan abeslari lanetan aritu izan da, Jazz estilo zenbait kantu ezagutarazi zizkiguten, baina batek daki zer nolako kantuak entzuteko aukera izango dugun bere saioetan... Gehiago jakin nahi baduzu, asteartean izango duzu bere lehena. Asteazkenera salto eginik berriz, 2020an Bizkaian sortutako Kaserna taldeko lagunak entzuteko aukera izango dugu. Errezeta borobila prestatu dute gurerako. Taldekide guztien partehartzearekin, proiektuan eragina izan duten erreferenteak, kaleratu berri duten 'Gelditu Da Denbora' lanean agertzen diren aipamenak, gomendatu nahi dizkiguten lanak edota bidelagun dituzten beste artista batzuen lanak aurkeztuko dituzte. Asteko azkena izateak, ez du kaxkarrena dela esan nahi. Leire Etxezarreta artistaren abilezia bertatik-bertara ezagutzeko aukera izango baitugu arratsaldeko 16:00rak bitarte Naiz irratiaren uhinetan. 'Sarrabete' taldean entzun izan dugu behin baino gehiagotan, bere ahotsarekin nahi duen modura jolasteko abilezia izurgarria duelarik, baina baita beste zenbaitetan ere. Kantu-zerrenda bikainak osatuko dizkigun inolako zalantzarik ez dugu, ilusioa eta gogoa ez dituelako faltan. Saio denak Naiz Irratiko webgunean izango dituzue entzungai eta baita podcast plataformetan ere.