05 MAY. 2021 - 15:57h Amsterdametik Kantaurira: Bizkaiko Golkoa ostertzean Thalssa da grezieraz itsasoaren izena, eta greziarrena da, halaber, Atlas, ozeanoetan bigarren handienari izena ematen dion titana. «Thalassa» da gure ametsak garraiatu zituen belaontzi ederra. Itsasoaz harago itsasoa; Amsterdametik, Atlantikoan zehar, haren kume kuttunera: Kantauri itsasoa. Portura iristen. Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos Amsterdam, Sodoma zibilizatu eta abegitsu honetan, bekatu ordenatu eta bizio etxekotuaren hirian, zeinaren perbertsioak abailan doazen bi gurpilen gainean, lasaigarria da halako taberna bat aurkitzea: garagardo onak ateratzea, beste asmorik ez duen taberna bat. Paristik ekarri gintuen autobusetik jaitsi eta gure trepetxuak ontziko kamarotean utzi ostean, iman batek bultzatuta bezala zuzendu ziren gure urratsak taberna lainobera horretara, gure egarriak eta asaldurak lasaitzeko amorru bizian. Portuko taberna zulo hura, iraganean ainguratua eta erdialdeko edaritegien distirarekin eta diseinuarekin inongo zerikusirik gabea, leku bikaina zen gure itxaropen eta ilusioei buruz hitz egiten hasteko, joandako bizipenak partekatzeko, barrez eta bitsez sinatzeko kresalaren irrika. Izan ere, itsas zeharkaldi bati ekiteko zorian geunden, nondik eta itsasoa bizitza izan zuten hainbeste kortsario eta merkatari jaiotzen ikusi zituen lurralde horretatik abiatuta. Guretzat, gainera, konpasaren eta astrolabioaren zale izanik ere, Amstel-aren hirian ontziratzeak lilura bizkorgarria zekarkion asmoari. Gure malenkonia literarioan hainbat izenen oihartzunak iritsi zitzaizkigun: Jakob Willekens, Pieter van des Does, Johanes van Walbeck, Piet Heyn, Guillermo de la Marck, Jan Janszoon, Cornelius Jol “Houtebeen”, Patapalo... eta beste makina bat halako, merkatari izandakoak, itsaslapur izandakoak, edo bata zein beste izandakoak Herbehereen patentearen pean edo VOC Ekialdeko Indien Nederlandar Konpainia ahalguztidunaren gerizpean. «Tximinoenean» tragoxka Pare bat ordu falta zitzaizkigun itsasoratzeko, nahikoa eta sobera hirian, kanal artean, hastialei eta historiari buruzko printzak zurrutadaz zurrutada dastatzeko. Pasiera luze batek Nieuwe Zijde eta Grachtengordel barrena eraman gintuen, Oude Zijde eta Auzo Gorrian barrena, eta azken tragoxkarekin, nola ez, Zeedjik kalean gora egin, azken kala iheskor horretara iristeraino: In’t Aepjen. Beste taberna bat; taberna hau, baina. Saihetsezina. Duela zenbait urte hiriari buruz egindako bidaia-gida batean aitortzen nuen niretzat brown cafe hauxe zela kuttunena, «haraxe jotzen baitzuten urrezko aroko nabigatzaileek sosak xahutzera. Ordurako zabalik zegoen jada egurrezko etxe horretan bertan. Izen bitxi hori, ‘tximinoenean’ esan nahi baitu, hara nondik datorren: marinelak, soinean zekarten urre guztia xahutu ondoren, honaxe etortzen ziren itsasoaz bestaldetik ekarritako tximinoekin, bai saltzeko, bai tximinokeriak eginaraziz txanpon batzuk eskatzeko ostatua, prostituta edo hurrengo tragoxka ordaintzeko». Gizaldi artegagarriak ziren ordukoak, dena ezbaian, dena koloka. Itsasoan barneratzean ziurtasun bakarra, arriskuz josia zen haren zabalera neurrigabea. Guretzat ontziratzea lasaiagoa da. Hein txikiagoan bada ere honek ere badu, ordea, abentura kutsurik; izan ere, haizeari eta olatuei ezin inoiz atzea eman, beti komeni erne egotea. Arratsaldea ondo aurreratuta zegoen itsasontzia zain genuen moilara itzuli ginenerako. Duela bi egun Bilbon hasia zen gure zeharkaldia, lehenik errepidez, eta jada parez pare genuen ‘Thalassa’, abiatzeko prest. Geldirik zegoen IJ badiako uretan, holandar hiriburuak itsasorako atea aurkitzen duen babeslekuan; bere gilaren esperientzian konfiantza betearekin –ez baitzuen alferrik hainbeste aldiz ebakia uraren azala, atseden gozoan, guk oinak bere bizkarrean noiz jarriko zain. Behin lagun denak barruan bilduta, amarrak askatu eta presarik gabe mendebalderantz bideratu zuen branka, Ipar Itsasoko kanala zeharkatzeko asmoz. Belaontzi dotorea Thalassa arrantza-ontzi zahar bat da, tall ship bihurtua; hau da, marinelen nazioarteko argotean horrela izendatzen dituzte taxuera klasikoa duten belaontzi dotoreak. Hiru mastako goleta-brigantin gisara itxuratutako masteria dauka: lauki erako belak trinketan (aurrealdeko masta) eta masta nagusian eta mesanan (atzekoan) hiruki erakoak, bai latindarrak, bai tapikuak. 47 metroko luzerarekin eta 8 metroko zabalerarekin, masta nagusiak gora egiten du, oso gora, zeruarekin nahasteraino, 35 metro luze baita. Bere fisionomia deigarria da, inondik ere, arrasteroaren eta belaontziaren arteko nahasketa moduko hori: bataren branka biribilduxea, karel goratu eta ondulatua, zubia eta kamainak erditik txopara; eta bestearen masteria zorabiagarri, dotore eta ahaltsua. Motorra abante jarrita irten gara. Argazkilarien ordu urdinak IJmuideneko esklusak zeharkatuz harrapatu gaitu; berehala Atlantikoa daukagu buruz buru, britainiar uharteen lerroa ezkutatzen duen ostertz zabalari begira. Berg kapitainak eta Antje bere bigarrenak guardiako txandak antolatu dituzte: goizaldeko lauretatik seietarako bi orduak egokitu zaizkigu, eta zubitik ikusiko dugu egunsentia, gure atzean istriborrera sortzen. Itsasoa bare badago eta haizeak nekerik ematen ez badu, itsaso zabalean gauak distiratsuak dira, kulunka lasaigarria. Bakardade eta isiltasun horrek, haizeak txikot artean sigi-saga egiten duen firfira arinak baino urratzen ez duela, iluntasunaz harago begiratzera gonbidatzen du eta norberaren golkorako zera esatera, agian baietz, badela askatasunik. Hain da erraza inolako loturarik gabeko bizitza baten uberak eraman gaitzan uztea, betiereko bilatzaile eta sekula ez aurkitzaile denaren bizimodu horrek, Alberti poetak esan zuenaren ildotik, ametsetan itsaskiak bihotzetik tenk egiten baitizu, eraman egin nahiko lukeela dirudi. Kanal eta golko artean Egunsentiak Doverreko amildegien parean harrapatu gaitu ezustean. Kostaren lerroa zuri-zuria da, duela 165 milioi urte han gelditutako algen fosilengatik, eta beste mundu batetik banantzen gaituen harresi garaiezina dirudi, aizto batez moztuta balego bezalako horma zutuna. Eta beharbada halaxe izango da, Albionek, zitalak edo adeitsuak, bere burua beti hartu baitu kontinente orotatik apartekotzat. Mantxako Kanalean barruratu gara eta Normandiako itsasertza ababorretik lerratuz doa. Orduak aurrera doaz eta bitakorak eguzki eta urdin dirdaitsuko egunak erakusten dizkigu, baita ere izarrez eta kokapen-argien printza gorri, berdez beterikoak, beren ñirñir lotsatiarekin itzalak apainduz doazenak bakar-bakarrik ez gaudela aditzera eman nahian. Korapiloz korapilo itsas pasabidea zabalduz doa eta bistaratzen hasi zaizkigu bretainiar Finisterreko itsasargiak, beren izpi zorrotzak Kornuallesko lurmuturretara zuzenduta. An Mhuir Cheilteach, zelten itsasoa, erreparorik gabeko itsaso zabalerako atea, eta aurrerantzean, datozen egunotan, lehorraren zantzurik txikiena ere ez dugu sumatuko. Bretainiako kantoia inguratzean, Bilbo eta Portsmouth lotzen dituen ferryarekin egin dugu topo. Bizkaiko golkoak hegoalderantz bideratzen gaitu. Hemen, itsaso zabalean, olatuak branka muturrean lehertzen direnean eta masprezak jaurti egin nahi gaituenean alegiazko bezain erakargarri den infiniturantz, brankako irudia, gure belaontziaren bidea urratzen duen lamina ilehoria, bafada artean bere ahaide guztien kantu ahantzietan arnasberritzen da. Hara non hasi den Eolo berriro ere ufaka, eta pare bat dozena gizon eta emakume lanerako prestatu gara, driza honi ten eta beste hura askatu... Tripulazioaren agindu zehatzei zuzen jarraituz, oihalak zabaldu ditugu, gure ontzia haizearekin dantzatzeko egokiro jantzi arte. Belaontzi bat, bistakoa da, haizearen bultzadarekin nabigatzeko egina dago, eta benetan zoragarria da oihal guztiak hedaturik dituela ikustea, masteria betebeterik ipar-mendebaldeko haizeak bidaltzen digun hats izpirik txikienari ere etekina ateratzeko: foke eta kontrafokeak, tapikua eta trinketako gabiatxoa, zurgaikoa eta tapikugaina goi-goitik, masta guztietako oihalak adoretsu puztuta, behar izanez gero, gu plus ultra jaurtitzeko. Eta zirrara beteko une hori klimaxera iritsi da haizea aldatu eta hegotik hastean, kontrara harrapatu baikaitu, ontzia bolinara nabigatzera behartuta. Sinetsi ezinekoa da nola eskoratzen den, kareletik kanpora erori gabe ontzi barruan orekan egotea utopia bihurtzeraino. Une horretan lema hartzea, horixe bai esperientzia paregabea. Milia gutxi batzuk baino ez zaizkigu falta euskal kostalderako. Hura bistaratu aurretik, dozenaka izurde, arruntak nahiz marradunak, batu zaizkigu bidean, elkarren artean gogotsu lehiatuz gure itsasontziaren hegaletan jauzika. Hegaztiak ere agertu dira; zangak, gabaiak eta paseriforme txikiak, neka-neka eginda barandetan pausatuta ikusi ditugunean igarri dugu «lurra!» oihukatzeko zorian gaudela. Azaldu da azkenean. Ikuspegi bitxia da ohituta ez dagoenarentzat, eta jolas zorabiagarria bihurtzen da saiatzea hain ezagunak ditugun lekuen izenak, baina beti lehorretik, beti mendietatik ikusi ditugunak, zehazki non kokatu asmatzea orain, itsaso barrutik begiratuta. Behingoz sartu gara Santanderreko badian. Egunak eman ditugu nabigatuz, zazpi egun elkarrekin biziz, ahaleginak eginez, urdinik sakonenean murgilduz, adiskidantza eta bakardade egunak. Porturatzea beti da pozgarria, baina kresalak zainetan utzitako arrastoak ez digu atsedenik emango, eta berriro ere zirikatuko gaitu urruntasun artez, bihurri eta zorrotzen peskizan jarraitzeko.