28 MAY. 2021 - 16:07h Entrevista Paule Bilbao Arima taldearen abeslaria eta gitarra «Basoetako eta loreetako izakiak gara» Arima taldearen arima da. Alboan ditu bateriarekin Gontzal Bilbao –Ama Say taldeko kidea eta Pauleren aita– eta Josu Gonzalez baxuarekin. Paule Bilbaok ez daki zer den gazteen musika eta zaharrena, bera musika da, soil-soilik. Monika DEL VALLE | FOKU Izkander Fernandez Euskal eszena ez da Ipar poloa baina, hala ere, beti izan ditu esploratzaile ausartak. Arriskuaren maitaleak eta esplorazioarekiko mendekotasun puntu bat izan dutenak. Eurek egindako urratsengatik hainbat baso, bidezidor eta amildegi ezagutzen ditugu gaur egun. Antzinako eta atzerriko postaletan ikusitako lekuak badira ere, gure hitzekin eta tresnekin gutxitan zapaldu ditugun lekuak dira. Arima hirukote bizkaitarraren biriketan abenturazaleek arnasten duten oxigeno hori aurki dezakegu. Bertan, aitzindari zaharrak eta arakatzaile gazteak sormen talka batean batu dira. 90eko hamarkadan noise pop eta euskal nortasuna bateratzeko malabaristak izan ziren Ama Say-ko ameslariak. Atzerapen pixka batekin munduarekiko baina izugarrizko aurrerapenarekin gure eszenarekiko, disko bikain bi kaleratu zituen Ortuellako taldeak. 30 urteren bueltan Ama Sayren motor izandako Ibon eta Gontzal Bilbao anaiek utzitako arrastoa belaunaldi berri bat zapaltzen ari da. Paule Bilbaok, Gontzal Bilbaoren 20 urteko alabak, shoegazea, post rocka eta post punka esploratzen ausartzen den gure lehen erreferentzia musikaletako bat bideratzen du. 2018an hasi zen abentura berria. Paule hasiera batean Buenas Tardes, Comandante izeneko beste talde batean jotzen hasi zen. Hortik abiatuta, lehenengo abestiak konposatzen hasi zen. Nahiz eta helburu finkorik ez izan, abesti gehiago sortu zituen eta bere aitari bateriarekin laguntzeko eskatu zion. Handik gutxira, Josu Gonzalez sartu zen baxuarekin eta power trio formatua hartu zuten. Arimak, edo Paule Bilbaok, “Biluztasunez jantzita” argitaratu du aurten. Lan berria osatzen duten sei kantetan zehar, shoegazearen malenkonia eta post rockaren espiritu barnerakoia batzen dira gure eszenaren mapan leku berrietarako bideak zabalduz. “Biluztasunez jantzita” lana zuzenean aurkezten hasia da Arima taldea. Joan den astean Berrizko kultur etxean izan zen eta gaur, maiatzaren 29a, Tolosako Bonberenean izango da Abereh taldearekin. Ekainaren 5ean, Jimmy Jazzen, Abereh, Sofa eta Leporarekin batera, jaialdi bikainean. Eta hilaren 12an, Gernikako Astran, ROrekin batera kontzertua eskainiko dute. Duela 30 urte ezarritako koordenatu musikalak arakatzen dituen saio berria da Arima. Gazteen eta nagusien arteko borroka interesatuak bezain leloak bultzatzen diren egun hauetan, Arimak eta Paule Bilbaok musikaren garbitasunaz baino ez dute hitz egiten. Arimaren musika, gazteentzako musika bezala ikusten duzu? Galdera zaila dela esan dezaket. Berez, nire erreferentziak 90eko hamarkadakoak dira. Nire adineko jendearekin alderatuta, argi dago ez dugula musika berdina entzuten. Helduekin gehiago lotuko nuke nire musika. Baina, tira, egongo dira ni bezalako musika entzuten duten gazteak, nahiz eta agian ez horrenbeste. Zaharrentzako eta gazteentzako musika dago? Ikuspegi kontu bat dela esango nuke; entzuten duenaren ikuspegiagatik dela uste dut. Entzuten dugun musika izan dugun heziketaren ondorio bat izan daiteke. Agian ez dugu besterik ezagutu. Ez dut uste adin kontu bat denik, baizik eta jaso dugun kulturarekin zerikusia duen zerbait. Zure etxean entzundako musikarekin. Bai, noski. Nire kasuan, musika betidanik entzun dut, gurasoek betidanik musika jarri dutelako etxean. Zazpi edo zortzi urte nituenean bereziki gogoratzen dut kotxean nindoala aitarekin eta Nirvana entzuten geundela. Burua astintzen hasi nintzen pentsatzen nire aita ez zegoela begira. Ispilutik begiratzen ari zela ikusi nuenean oso urduri jarri nintzen eta mugitzeari utzi nion. Hori da nire oroitzapena. Gainera, gure etxetik beti mugitu izan dira musikariak, etxean lokal bat daukagu eta aitak eta bere taldekideek beti entseatu dute bertan. Beraz, beti izan dut oso harreman estua musikarekin, etxetik hasita. Eta bertan hasi nintzen klasikoak entzuten. Gazteen musika, komatxo artean jarrita «gazteen musika» hori, entzuten duzu? Bai, baina agian gehiago helduentzako musika. Zer uste duzu baxu, gitarra eta bateriaz egindako musika bakeroetan ibiltzen diren gizonezko nagusientzako musika baino ez dela pentsatzen dutenei buruz? Izan daitekeela. Aurretik entzundako musika bat da. Badago orain musika garaikide bat elektronikan-edo oinarritzen dena, baina ez dut uste egokia denik muga zorrotz bat ipintzea erdian aukera biak ezberdintzeko. Nire ustez, gaur egungo musika egiten dutenak aurrekoaren bilakaera bat dira eta, ondorioz, ez dut uste horrenbesteko ezberdintasunak daudenik. Zure aita, eta zure bateria, Gontzal Bilbao da, Ama Say taldeko bateria. Nola kudeatzen duzue familia eta taldea izatea? Orokorrean nahiko ondo, baina jakina, batzuetan zaila da nahitaez aita eta alaba garelako eta ondorioz erlazio hori dugulako. Distantziak mantentzen saiatzen gara eta entseatzen ari garenean aurretik egon daitezkeen gatazka familiarrak albo batera uzten ditugu. Ondorioz, orokorrean, oso gustura gaude. Nola sartzen da Josu Gonzalez baxu jotzailea aita-alaben arteko oreka horretan? Josu taldera heldu zenean aitak eta biok kanta gehienak bateriako oinarri sendo batekin osatuta genituen; beraz, oso erraza izan zen Josu gehitzea. Harreman aldetik nik uste dut hiruren artean oso ondo konpontzen garela, ondo ulertzen dugulako elkar eta, beraz, gustura gaudela esan genezake. Arima talde bat da edo Arima Paule Bilbao da? Berez, nire proiektua da. Nire taldekideei ez diet garrantzia kendu nahi oinarriaren parte direlako, baina konposizioa, letrak eta lan hori guztia nik egiten dut. Orokorrean entsegu lokalera kantak oso osatuta eramaten ditut. Bertan, hiruren artean bateriak eta baxu linea bat sartzen dugu, baina normalean melodia aldetik nik lokalera kanta bukatuta eramaten dut. Instrumentu guztiak grabatzeko gai zinateke? Musikan bateriarekin hasi nintzen. Aitak erakutsi zidan. Baina ondoren gitarrarekin hasi nintzen eta gehiago gustatu zitzaidan. Guztia grabatzeko gai izango ote nintzen? Maketa bat grabatzeko baietz uste dut. Etorkizunari begira beste talde batean bateria jotzea ez dut baztertzen. Zergatik daude musika munduan gero eta izen eta abizen gehiago? Bakarlari gehiago daude eta talde gutxiago? Taldean jotzeak sozializatze bat ekartzen du. Baita taldean lan egiteko beharra ere. Beste pertsonekin izandako harremanetatik gauza positiboak eta negatiboak jasotzen dituzu. Baina gero eta indibidualistagoak garela uste dut. Bakarrik lan egiten baduzu arazo gutxiago dituzu eta erabakiak hartzeko ardura guztiz zurea da. Bakartiagoa da, bai, baina errazagoa. Era berean, taldetik jasotzen dituzun gauza asko galtzen dituzu. Ama Sayren diskoak ezagutzen dituzu? Zer da bertatik gehien gustatzen zaizuna? Arimarentzako eragin bat izan dira? Euskaraz abestea eta euskararen eta ingelesaren arteko nahasketa hori asko gustatzen zait. Ez dakit iraultzaileak izan zirela esateko ematen duen, baina nahasketa hori oso interesgarria iruditzen zait. Hori, jorratzen zuten musika estiloarekin batera, bere garaian oso berritzailea izan zen. Agian ez da zuzenean eragin bat niretzako, baina azkenean nire eraginak nik aitagandik jaso ditut. Orain kontran gertatzen da, orain nik nire eraginak berari pasatzen dizkiot. Erreferentziak aipatuko zenituzke? Nirvana, Pixies, PJ Harvey eta Sonic Youth etxean jaso ditudanen artean. Eta nik nire kabuz aurkitutakoen artean, garrantzitsuenak: Slowdive, My Bloody Valentine, Mogway, Explosions In The Sky… horiek guztiak. Egun hauetan «Biluztasunez jantzita» zure bigarren lana mundura zabaldu duzu. Zer ezberdintasun ikusten dituzu «Metamorphosis» lehenengo diskoarekin alderatuta? Lehenengo diskoa argitaratu nuenean, diskoa guztiz borobila ez zela iruditu zitzaidan. Oraindik lana falta zela. Badakit sortzailearen gaixotasun antzeko bat ematen duela, baina bai, lehenengo diskoan gauzak falta zirela sentitu nuen. Alde horretatik, bigarren disko hau osatuago dago, gauza gehiago ditu, baina aldi berean, behar dituen gauzak dira. Nik uste dut eboluzio bat dagoela eta disko helduagoa dela. Bai letretan eta bai soinuaren aldetik. Estudiora guztia bukatuta eroan zenuen? Disko hau konfinamenduan idazten hasi nintzen. Lokalean sartu eta abestiak idazten hasi nintzen. Udan taldearekin lan egin genuen kantak borobiltzeko. Estudiora heldu ginenerako ukitu gutxi batzuk baino ez ziren falta. Nahiko borobilduta joan zen. Hala ere, estudioan Txapekin egon ginen, berak beti sartzen ditu bere ñabardurak eta nabaritu egiten da azkenengo emaitzan. Konfinamendua sormen artistikoa lantzeko une egokia izan zen? Konfinamendua pertsonalki emozioen errusiar mendi bat izan zen. Hasiera batean ondo hartu nuen, baina aurrera joan zen heinean, ezjakintasuna gailendu zen eta egoera txarrago batera igaro nintzen. Agian horregatik, ihes egiteko beharra nuelako, deskonektatzeko eta barrukoa azaleratzeko beharra nuelako, arratsaldero lokalean sartu eta konposatzen hasten nintzen. Berriro Txapekin eta berriro Bonberenean. Bonberenean etxean bezala gaude. Bi disko eta biak beraiekin grabatu ditugu. Oso erlazio ona dugu. Astebete egon ginen bertan grabatzen, goiz eta arratsalde. Eta batzuetan baita gauez ere. Esperientzia polita, intentsitate askorekin bizi izan genuena, baita urduritasun puntu batekin ere. Azkenerako ni oso nekatuta nengoen eta azkenengo egunean, ahotsak grabatu behar nituenean, amaitzeko behar handia sentitzen nuen. Ziklo bat. Ideiak, konposatzea, entseatzea, grabatzea eta zuzenean aritzea. Zein da gehien gustatzen zaizuna, eta gutxien? Gehien, konposatzeko momentu hori. Ideia batetik hasten zarenean eta oso ona dela sentitzen duzunean. Oso momentu berezia da. Jotzea ere izugarri gustatzen zait. Eta gutxien, izapideak. Bulego lana. Orokorrean, antolaketa eremu hori. Sei kanta. Neurri kuriosoa. Ez da disko bat, ez da EP bat. Zerk erakartzen zaitu neurri horretatik? 10 edo 12 abestiko disko luze bat argitaratzea inoiz ez dugu pentsatu. Niri abesti gutxiago argitaratzea gustatzen zait baina hori bai, denbora tarte laburragoetan edo tantaka. Bereziki sei izatea ez neukan pentsatuta; hasiera batean bost kanta nituen eta azkenengo momentuan seigarren bat gehitu nion zenbakia borobiltzeko. Azkenean hamabi hazbeteko binilo batean geratu da. Nondik datoz zure hitzak idazteko eraginak? Anari erreferentzia iturri bat da. Martzel Mariskal ere bai. Haren “Azken zakatzak” poesia liburua izugarri gustatzen zait eta inspirazio bat da. Eta agian Nudozurdoren hitzak ere erreferentzia bat dira niretzako. Eleberriak edo zinema ere bai? Eleberria bai. Irakurtzen dudan edozein liburu eragin bihurtu daiteke. Zinema ez horrenbeste. Edo agian ikusten dudana ez dut nire hitzetan horrenbeste islatzen. Naturatik? Diseinuetan, bideoklipetan basoa, itsasoa, agertzen dira askotan. Nahita? Bai. Bilatua da. Irudi eta diseinuak harremana dute eta basoan zentratzen dira. Nik esaten dudan moduan, basoetako eta loreetako izakiak gara. Kutsu malenkoniatsua dute, baina baita erlazioa ere naturarekin, gure sustraiak naturan daudelako eta basoak nolabaiteko kutsu misteriotsua duelako. Basoa asko gustatzen zait eta basoak gure musikarekin harreman estua dauka. Naturak ezkortasunetik ateratzen gaitu? Natura nahiko neutroa dela esango nuke. Norberak ematen dio esanahia. Orokorrean naturarekin bakean sentitzen naiz eta horregatik dauka gure musikan horrenbesteko garrantzia. Hitz guztiak zureak dira bat izan ezik; «Ametsen noranzko errealistie». Alex Uriarte izeneko Gernikako idazle baten olerkia da. Alexek egun baten Gernikako Astran egiten duen “Piztu da Piztia” izeneko irratsaio batera gonbidatu ninduen. Saio guztien amaieran, Alexek berak idatzitako poema musikatu bat errezitatzen du eta gonbidatuari eskaintzen dio. Ni joan nintzen eguneko olerkia pila bat gustatu zitzaidan eta horrela azaldu nion berari. Horrez geroztik lagunak egin ginen eta horregatik, bere poema aukeratu nuen diskoa bukatzeko. Sara Sozaya, beharrezkoa eta nonahikoa, zure diskoan ere agertzen da. Egia. “Pentsamenduen biktimak” abestian. Bere lana asko miresten dut eta lagunak izateaz aparte, egiten duen guztia pila bat gustatzen zait. Berarekin komentatu nuen eta baietza eman zidan. Oso gustura egon gara batera grabatzen eta emaitza oso polita dela uste dut. Bi ahotsen konbinazioa oso ondo geratu da. «La música que escuchamos... puede ser una consecuencia. Tal vez no hayamos conocido nada más. No creo que sea una cuestión de edad, sino algo relacionado con la cultura que hemos recibido»