31 MAY. 2021 - 08:39h La Encartada fabrika museoko makinak, berriz ere martxan Ehun urte baino gehiago pasa diren arren, La Encartada Museoko zenbait makina martxan ikus daitezke berriz ere, berreskuratze mekaniko eta erabilgarriaren programari esker. Europa osoan ez dago horrelakorik. Makina bat, martxan. NAIZ La Encartada Museoaren berreskuratze mekaniko eta erabilgarriaren programari esker, fabrikako makinak berreskuratzen eta martxan jartzen ari dira berriz. Makinak berreskuratzeko eta prest jartzeko prozesua fabrika martxan egon zen bitartean erabilitako konponketa-teknikekin egiten ari da, eta horrek balio handiagoa ematen dio prozesu horri guztiari. Hasteko, seriean konektatutako bost makina erakutsi dituzte, bata bestearen atzetik eta kargan, azken batean, La Encartadako makineriaren zati bat lanean: batan txikia (mazoa), jantzi txikiekin egindako batanak, zentrifugagailua, dinamo Edison eta «Deabrua» izenez ezagutzen den makina. Hau da ekoizpen-prozesuko lehen makina, garbitutako artilezko ilea xehatu eta txikitzeaz arduratzen dena, eta Europan jardunean egon daitekeen antzinatasun horretako (1892) bakarra. Ale bitxi eta aparta 1892ko fabrika zaharra, ekoizpen jardun luze baten ondoren, 1992ra arte negozio bezala iritsi zen. Fabrika honek duen bilduma teknologikoak funtsezko hiru ezaugarri ditu: bilduma osatzen duten piezen antzinatasuna eta sinkronia; irudikatutako ekoizpen-prozesuaren osotasuna eta kontserbazio-egoera bikaina. Hiru faktore horiek erakusten dute Bizkaiak industria-iraultzaren lehen etapetako faktoria baten ehungintza-adibiderik onena eta osoena duela. Museo bihurtzeko egindako ahaleginak bere balioa areagotu du: Bizkaian bakarrik bisita daiteke ehun urteko fabrika bat, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean enpresa eratu zeneko hornidura teknologiko oso bera gordeko duena, leku berean eta egoera onean. Museoak publiko guztiari ezagutarazi eta haiekin partekatu nahi du erronka berri hau. Horretarako, «etorri, ikusi eta azalduko dizugu» ekimena proposatzen du. Bisitariek zaharberritzailearen lana zuzenean ezagutu eta ikusi ahal izango dute eta hori museoak eskaintzen duen erakusketa iraunkorraren parte izango da.