07 JUN. 2021 - 11:42h IkerGazte2021 kongresua asteazkenetik ostiralera arte ospatuko da Gasteizen Ekainaren 9. eta 11. bitartean (asteazkenetik ostiralera) Gasteizeko Europa Jauregian hartuko du lekua IkerGazteren laugarren edizioak. Kongresua nazioarteko ikertzaile-komunitate euskaldunaren topagunea izango da. Gazteak 3D betaurrekoekin aurreko biltzarretako batean. (kerGazte) NAIZ Giza zientzia, zientzia zehatz, teknologia, arkitektura edota osasun alorreko hitzaldiak, mikro aurkezpenak, solasaldiak eta mahai inguruak egongo dira IkerGazte 2021 biltzarrean, aste honetan bertan. Asteazken goizean, Katy Deepwell, Middlesex Unibertsitateko (Londres) irakaslea eta Arte Garaikidearen Teorian eta Kritikan aditua den ikertzailea bertan izango da. Deepwellek ‘What is feminist research in art history?’ izenburu duen hitzaldia emango du. Ondoren, Deepwellek Arantza Diaz de Ilarrazari pasatuko dio lekukoa. Diaz de Illarraza, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakaslea eta UEUko kidea da. Honek, ‘Hizkuntza teknologiaren bilakaera: IXA taldearen esperientzia. Erabili zientzia gure gizartearen alde’ hitzaldia gidatuko du. Ostegunean koronavirusaren inguruko hausnarketek garrantzi berezia izango dute jardunaldi honetan. Hasteko, Nuria Oliverrek, Telekomunikazio ingeniaria (UPM) eta Inteligentzia Artifizialeko doktoreak hartuko du protagonismoa. Oliverrek ‘Datuen zientziak covid-19aren aurkako borrokan’ titulatutako hitzaldia emango du. Gero, arratsaldean, pandemiaren ildotik lotutako mahai inguru bat izango da: ‘K++: Koronabirus osteari buruz esandakoei atzera begirada’. Kongresuaren azken egunean, Eneko Axpek aurkeztuko du berbaldi nagusia. Axpe, Marie Curie doktore osteko ikertzaile bekaduna da Stanford University-n eta ‘Biomaterial eta material biologikoen propietate fisikoak’-en inguruan hitz egingo du. Azpimarratzekoa da harrera ekitaldian hezkuntza eta zientzia arloko hainbat arduradun eta aditu egongo direla. Hala nola Kepa Sarasola, UEUko Zuzendaria; Jokin Bildarratz, Lakuako Hezkuntza Sailburua; Lexuri Ugarte, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria; Blanca Urgell, UPV/EHUko ordezkaria; eta Olatz Arbelaitz, Kongresuko zuzendaria. Osasun krisia dela eta konferentziaren formatuak hainbat aldaketa izan ditu. Posterrak, esaterako, ez dira fisikoak izango eta lo egiteko lekua norberak kudeatu beharko du. Aforoak LABIren erabakien arabera zehaztuko dira.