10 JUN. 2021 - 17:01h Procida, aspaldiko esentzia Mediterraneoan Napolesko ahutzen eta Capriko kitch glamourraren artean, irla baketsu bat dago: Procida. Itsasoak eta zeruak giza eskalako arkitektura osatzen dute, eta oraindik ere baratzea eta arrantza dira biztanleen diru-iturri nagusietako bi. Itsasoak eta zeruak giza eskalako arkitektura osatzen dute Procidan. Juanma Costoya Napoles-Ischia ibilbidea egiten duen itsasontziak, berrogeita bost minutuz nabigatu ondoren, Procidan hartzen du portua. Jende gutxi lehorreratzen da Marina Grande portuan. Bidaiari gehienak, mugikorra eskuan, diseinuzko kapela buruan, marra urdineko jantzi zuriak soinean, markako osagarriak eskumuturretan, hurrengo uharterantz abiatzen dira: Ischiara. Marina Grandek eskaintzen duen ikuspegia aurrerapen modukoa da bisitariarentzat; ikustera doanaren iragarpen. Bi pisukoak dira etxeak, leiho biribilekoak, eta hori argiz, urdinez, zuriz edo arrosez daude margotuta. Eraikin batzuen behealdean, kafetegi eta jatetxe lasaiak daude, eta osotasunak transmititzen duen baretasuna are gehiago estimatzen da, Napolesko iskanbila zaratatsuarekin alderatuta. Ferryen bidelagun izaten diren kaioak ere Procidan gelditzen dira. Hain zuzen ere, hegazti horien dei karrankariak ditu soinu-banda lau kilometro karratu inguruko eta hamar mila bat biztanleko irla honek. Mediterraneoan egonda, historia luze aberatsa du uharteak; ezin mokadu bakarrean dena beretu. Horren erakusgarri dira irlan zehar dauden hamar elizak: 1026koa da zaharrena, San Michele Arcangelo; XVIII. mendekoa modernoena, San Giuseppe. Palazzoak eta jauretxeak ere ez dira gutxi; horma luzeen atzean gordeta daude, pikondoek eta limoiz betetako adarrek inguratuta. Eta ezertxo ere falta ez dadin, espetxe bat ere badago, jada abandonatuta dagoena. Karlos V.aren aginduz eraiki zuten jauregi batean dago, Procidako labar altuenaren gainean. Auskalo iraganean zein irizpideren arabera banatuko zituzten ziegak, baina preso batzuek harrizko patio arrunt bat ikustearekin konformatu beharko zuten, eta beste batzuek, aldiz, itsaso berde urdinxkararen ikuspegia izango zuten, hondoan Napolesko badia eta eskuinaldean Vesuvioren irudia zutela. Garaiak eta erabilerak aldatuz doazenez, espetxearen ondoan burdinazko balaustrada bat dago orain, terraza bat inguratzen, zeru-urdinaren eta itsasurdinaren ñabardura guztien ikuspegia eskaintzen duena; behean, berriz, itsasoaren eraginez higatutako harkaitzen gainean, kaioak ibiltzen dira, zirkuluak marrazten. Akuarelisten txoko kutunetako bat ere bada leku hori, irlari darion magia harrapatzeko eta paperean islatzeko ahaleginetan dabiltzanena. Erdi ezkutatuta dagoen eremu horretan, liturgia propioa duen erlijio laiko batez gozatzen dute askok: bermutaz. Zinezko irla Ezin da ukatu turismoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela Procidan, baina biztanle askorentzat bizibide dira, oraindik, bizimodu tradizionala, arrantza, nekazaritza, ardogintza eta limoncello likore ezaguna. Ondoko Ischia eta Capri irla ospetsuek ez bezala, Procidak eutsi egiten dio landa-giro lasai eta bareari. Souvenir-dendarik ez dago ia. Caprin nonahi ikusten diren limusina deskapotableak eta luxuzko belaontziak ere, gutxi. Lasaitasuna transmititzen dute uharteko biztanleek ere; txankletak, elastiko zabalak eta hiru eguneko bizarra daramatzate askok, udako uniformea huraxe balute bezala. Procidako errepideak estu-estuak direnez, eta horma luzeak daudenez jabetzak mugatuz, motoz edo ibilgailu txikiz baino ezin da ibili hango bideetan. Eta ibilgailu guztiek marratuta dituzte ertzak. Irlako Marina Grande, Corricela eta Chiaiolella portuak lotzen dituen autobus txikiak bi arrazoirengatik egin dezake bere bidea: batetik, errepideak noranzko bakarrekoak direlako, eta, bestetik, gidariek sekulako trebezia dutelako maniobrak egiteko orduan, azken zentimetroa ere kontuan izaten dutela. Azken urteotan, Procidak harreman handia izan du zinemarekin. Italiako eta atzerriko pelikula asko filmatu dituzte bere kale, hondartza eta txokoetan, agertoki natural moduan. Pelikula berri samarretan ezagunena ‘Postaria eta Pablo Neruda’ izango da segur aski, Skármetaren eleberri batean oinarritua. ‘Il Postino’ren etxea jatetxe bat da egun; orain dela gutxi arte arrantzale-auzoa izandako Corricelan dago. Corricela portuan paseoan ibiltzean, arrantza-sare multzoen artetik, katuez, kanpo-eskailera ikusgarriko etxe tradizionalez, erdi puntuko arku airosez eta pasteltonuez inguratuta, urmargo batean sartu den irudipena izan dezake bisitariak. Hala ere, uhartearen beste aldean dagoen Marina Grandera joateko igo beharreko eskailerek laster arterako dute irudipen hartatik. Patricia Highsmithek sortutako Tom Ripley pertsonaia ere irlan barna ibili zen bere azpikeriak prestatzen; ‘Eguzki galdatan’ edo ‘Ripley jaunaren talentua’ filmetan, besteak beste. Sofia Loren Italiako zinemaren diva handiak ere hemen grabatu zituen ‘Francesca e Nunciata’ filmaren eszenak. Itsaskiak eta ardo zuria Txikia da Procida irla, baina txoko bereziz eta hondartzaz betea dago. Marina Chiaiolella portutxoan dauden jatetxeak, mendebaldeko muturrean, lehen kategorian sartzen dira. Arrakasta handia daukate arrainek, itsaskiek eta bertako ardo zuriak. Handik oso gertu, Ciraciello hareatza dago, Procidako lido delakoa, hondartzarik handiena eta olatu bizienak dituena. Iparraldeko kostaldean, Pozzo Vecchio hondartza dago, errekarriz betetako hondartza bildua, atzealdean irlako hilerria duela. Sarreran, postariz jantzitako maniki batek gogorarazten digu ‘Il Postino’ filmaren eszenak grabatu zituztela hemen. Itsasoa lasaiago iristen da hegoaldeko isurialdera, portu-babesek baretu egiten baitute. Sumendi-jatorriko hondar beltza duen Chiaia hondartza babestua neurririk gabeko atsedena hartzeko toki paregabea izan daiteke, eskuetan Márkarisen liburu bat hartuta, eta itsasoaren islez eta arrastirian enarek hegan egiten dituzten ezinezko geometriez inguratuta. Procida, Napolesko golkoko irlen hain antzekoa eta aldi berean hain desberdina dena, Mediterraneoko DNA peto-petoren jabe da. Aspaldiko esentziari eusten dio, olibak, ardoa, eguzkia eta kresala uztartuz, itsasertzak eta zibilizazioak batuz. Eta, bere eguneroko xehetasunetan, miretsita uzten du irlan nora ezean dabilen bisitaria. Ezkontza askotan, adibidez, ezkongaiak eta gonbidatuak autoz igarotzen dira errepide estuetan zehar, argiak, bozina, musika, oihuak eta algarak lagun. Halako egoerak ikustean, bisitariak senti dezake aurrez izan delako antzeko ospakizunen lekuko, oso bestelako latitudeetan. Eta, oroitzapenetan arakatuz, beharbada Salonikako edo Bibloseko kaleak etorriko zaizkio gogora. Procida lurreko paradisu apal bat izan zitekeen, baina badirudi egunotan leku bakar bat ere ez dagoela krisi ekonomikoaren eta segurtasun ezaren atzaparretatik libre. Irlan ez dira mehatxu horiek nabari, baina atentzioa ematen du etxe askotan leihoetako batetik maindire zuri bat zintzilik ikusteak. Haien kolore margula eta zikinkeria ikusita, erraz ondoriozta dezakegu denbora asko daramatela hor. Kontu guztien berri daukaten etxean argituko zaigu misterioa: portuko tabernan, nola ez. Batera eta bestera dabiltzan orriek eta paretetan itsatsitako paskinek iragartzen dutenez, baliabide gutxi dauzkatela eta, uharteko osasun-zentro bakarrean ohe kopurua murriztekotan dabiltza. Alde guztietan, autobusinian, tabernetan nahiz faroletan, aldarrikapen bat egiten du herriak: «Defenda dezagun gure osasun-eskubidea». Procida hain da bertakoa eta errepikaezina, hain da mediterranearra eta mundu osokoa, non Prousten gogoeta egiazko bihurtzen den: «Galdutako paradisuak baizik ez dira geratzen».