Urmuga: Garobeletik Auñamendira, tontorrez tontor, abentura musikatua 13 JUL. 2021 - 07:43h Naiz Mendietan eta bere inguruetan musika zabaltzea da Urmuga jaialdiaren izpiritua; geldialdi musikatuak eginez Euskal Herria alderik alde, mendiz-mendi, zeharkatzen duen hitzorduaren helburua. Ibilaldi berezia, zalantzarik gabe. Aurten, uztailaren 13tik 31ra bitartean izango da. «Denbora-pasa. Jendea ezagutzea. Euskara. Soinuak deskubritzea. Haizea aurpegian. Amets egitea. Herrigintza. Ez-muga… Geuk nahi duguna. Izan ere, mendiak batu egiten gaitu. Musikak batu egiten gaitu. Eta, batez ere, Urmugak, tantaz tanta, batzen gaitu». Horiek dira jaialdia aurkezteko antolatzaileek erabilitako hitzak. Izan ere, Urmuga jaialdiak euskal geografia musikaz beteko du. Mendi gailur eta magaletan kontzertu berezien bitartez musika sortuko du. Guztiok ulertzen dugun hizkuntza. Udan, egun batzuez, mendirik mendi, Euskal Herriko ez-muga hori zeharkatuz, kulturaz eta mendiaz gozatzeko modu bat da Urmuga. Esperientzia horrek, baina, berez dakar herrigintza, saretzen da euskal kultura, sortzen ditu harreman sozialak, kulturalak, politikoak… hor ba! ekimen poetiko-politiko bat sortzen da naturaren kapritxo batetik! Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatuko du Urmuga mendi ibilbide musikatuak eta, geldialdi bakoitzean, kontzertu bat izango da.«Lehen edizioan lortu genuen publikoa kultur eredu ez-masibo eta deszentralizatu batera erakartzea. Hiri eta populazio gune nagusietatik atera, eta mendia eta musika konbinatuz, kalitatezko kultur proposamena Euskal Herriko landa eremuetara eramatea. 2021an berriz ere, kulturaz gozatzeko beste mota bateko ereduak posible direla baieztatu nahi dugu». Asmo sendo horiekin, eta euren helburuak bete daitezkeenaren ziurtasunarekin, abiatuko da Urmuga, natura eta kultura batzen dituen jaialdia. Iazko edizioaren arrakastarekin indarberrituta, eta mendi ibilaldi musikatuen formatuari lotuta, proposamen sorta berria dakarte antolatzaileek. Uztailaren 13an hasi eta 31n amaituta, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzera gonbidatzen dituzte mendizale zein musikazaleak, natura eta gizartearen arteko harremanetan sakondu eta hartu-eman horren onurez, eta beharraz, jabetzeko. «Garobel Mendilerrotik Auñamendietako Hiru Erregeen Mahairaino, Urmugak Euskal Herria josten du. Gailurrik gailur, errekaz erreka, zuhaitzez zuhaitz, Urmuga jostura luze bat da gure geografian eta gure herri izaeran», nabarmendu dute, eta bigarren edizio honetan ertz luzearen oinezko zeharraldia 19 egunetarako antolatu dute: «Angulo portutik Hiru Erregeen Mahairaino, espedizioan mendizaleak eta musikariak bat eginik. Bertako gailur, leku eta herri esanguratsuenetara musika eraman eta Urmugaren inguruko pertsonak eta herriak elkarrekin harremanetan jarriko ditugu». Tologorri, Gorbeia, Anboto, Aketegi, Lindus, Saioa, Okabe, Orhi eta Auñamendi zeharkatuko dituzte ibilbidean zehar eta, egunaren arabera, 5 eta 11 ordu bitarteko mendi ibilbidea dute zehaztua. Proposamen horietan, norberak topa dezake bere neurriko txangoa. Hamahiru kontzertu Urmuga jaialdiaren hemeretzi egunetan zehar formatu handiko bederatzi kontzertu eta formatu ttipiko beste lau antolatuko dituzte mendi ibilaldiaren bidea segituz. «Estilo, belaunaldi eta kantaera desberdinak bilduko ditugu, eta gainera formatu eta espazio ezohiko batean. Naturan eta orkestra batez lagundurik», azaldu dute. Musika proposamen oparoa uztailaren 13an hasiko da, Tologorrin (Araba) Donostiako Orfeoiak, Mixel Etxekoparrek, Noemi Viana dantzariak eta Françoise Rossek eskaini emanaldiarekin. Etapa guztiei buruzko gogoetak Euskal Herriko lau idazlek eginen dituzte. Azken bost egunez Itxaro Borda arduratuko da. Informazioa atzemateko, mendi ibilaldietan izena-emateko eta kontzertuetako sartzeak erosteko Urmugaren web atarira jo daiteke.