GAIAK

Euskal Encounter topaketa teknologikoaren 29. edizioa abiatu da Barakaldoko BECen

Euskal Encounter topaketa teknologikoaren 29. edizioa hasi da ostegun honetan Barakaldoko BECen. Covid-19a dela eta partaidetza nabarmen gutxitu da, aurreko urteetakoen %10era (540 pertsona).

29. edizioa du Euskal Encounter topaketak. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ostegun honetan hasi da Euskal Encounter topaketa teknologikoaren 29. edizioa Barakaldoko BECen (Bizkaia). Espainiar Estatuan gauzatuko den gisa honetako lehen bilkura da, pandemiaren ondorioz horrelako ekitaldiak eten egin behar izan baitira.

Segurtasuna bermatzea izango da bilkuraren lehentasuna, eta koronabirusaren aurkako protokolo zorrotza izango da horretarako: pabiloien tamaina handiak, aireztapenak eta edukiera murriztuak. Hain zuzen, partaidetza nabarmen gutxitu da, aurreko urteetakoen %10era, distantziak mantendu ahal izateko. 540 parte hartzaile izango dira aurten.

Topaketa segurtasun neurrietara egokitu behar izan bada ere, antolatzaileek egitarau «interesgarri eta zabala» prestatu dute. Denera, 90 jarduera izango dira, ohiko arloetan: sormen digitala, hardwarea, programazioa eta bideo jokoak.

BECen eguerdian egin den inaugurazio ekitaldian, Lakuako Gobernuko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari Leyre Madariagak adierazi du pozik dagoela ekitaldia formatu presentzialean egin ahal izanagatik, eta ekimen honen filosofia Lakuak «eraldaketa digitalaren alde egindako apustuarekin bat datorrela» ere nabarmendu du.

Bestalde, Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak egungo egoeran aurrez aurreko hitzordua antolatzeak dakartzan zailtasunak aipatu ditu, eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko konexio abiadura goraipatu du. Izan ere, edukiera murriztua dela eta, bertaratutakoek «erabilpen esperientzia bikaina» izango dutela adierazi du. Gainera, «egun hauetan gozatzera, ikastera eta ezagutzak partekatzera» gonbidatu ditu parte hartzaileak.

Halaber, Sabino San Vicente Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaileak 540 parte hartzaileen lankidetza eskatu du ekitaldia eredugarria izan dadin eta datozen hiletarako aurreikusitako gainerako Encounter topaketek ere formatu presentziala berreskura dezaten.

Gainera, eskerrak eman dizkie izena eman duten guztiei beren konfiantzagatik, eta aurrez aurreko formatura bueltatu izanaren garrantzia azpimarratu du.