29 JUL. 2021 - 18:00h Hiesa duten gaixoen tratamendua 20 urtean apenas aldatu dela salatu dute Urtebete eskasean covid-19aren kontrako «txerto eraginkorrak» garatu eta merkaturatu diren bitartean, hiesaz gaixotutako pertsonek hartzen duten tratamendu antirretrobirala hogei urte baino gehiagotan ia ez dela aldatu ohartarazi du Harribeltza elkarteak. Joseba Errekalde, Gotzon Retegi –larunbateko kontzertuan parte hartuko du– eta Elias Arizmendi, hiesaren aurkako Harribeltza elkartearen agerraldian. (Jon URBE/FOKU) Miren Mujika Hiesak 40 urte betetzen dituen honetan, urtero antolatzen duen elkartasun kontzertuaren berri eman du gaitz horren aurkako Harribeltza elkarteak. Kontzertu horren 25. edizioa izango da larunbat honetan, 19.30etik aurrera Oiartzunen egingo dutena. ‘Muski & Uzi eta lagunak’ talde gonbidatuak parte hartuko du bertan. Ekimen hau aurkezteaz gain, hiesaren urteurren «borobil» hori baliatu nahi izan dute hainbat datu eta hausnarketa plazaratzeko. Harribeltza elkartearen sortzaile eta presidenteak, Joseba Errekaldek, gogoratu du 1981ean identifikatu zutela hiesa eragiten duen birusa eta dagoeneko 23 urte pasa direla gaixoak antirretrobiralekin medikatzen hasi zirela. Gaineratu duenez, urte asko pasa dira baina ez da aurrerapen handirik egin gaitzaren aurkako borrokan. Egun, 6.033 dira EAEn hiesa eragiten duen birusarekin diagnostikatuta dauden herritarrak, eta kasu honetan, covid-19arekin ez bezala, ez da izan gaixotasunari aurre egiteko nazioarteko «sinergia» eta nazioarteko kolaboraziorik edota industria farmazeutikoaren aldetik halako esfortzurik. «Urtebetean txerto eraginkorrak atera dira [covid-19aren kontra]», eta hiesa dutenek, berriz, «XX. mendean bezala» medikatzen jarraitu behar dutela salatu du Errekaldek. «Zer pentsatua ematen digu birus baten irtenbidea urtebetean abian jarri eta beste birus batena, aldiz, oraindik iritsi ez izanak», esan du Errekaldek. Egungo pandemiak «erakutsi digu, nahi denean eta interesatzen zaigunean, ateak ireki egiten direla», baina ez hiesa duten gaixoentzat, haientzat ez baitago txertorik aurreikusita, «kroniko bihurtu gaituztelako eta botiketan kontsumitzen eta gastatzen duten nolabaiteko bizi-kalitatea duten gaixoak garelako». 105 kutsatu berri Harribeltza elkarteko kide Elias Arizmendik azaldu duenez, 105 lagun kutsatu ziren 2020an, aurreko urteekin alderatuta nabarmen gutxiago. Ohartarazi dute, baina, hori ez dela inondik inora lasai hartzeko datu bat. Izan ere, covid-19a dela eta, harreman kopurua asko murriztu da, eta hori kontuan hartuta, kezkatzeko zifra bat dela esan du: «Zenbaki hori ikusita poztu egin beharko ginatekeela dirudi, baina alderantziz: kontuan hartu behar dugu denbora asko pasa dugula gure etxeetan eta gutxiago harremandu garela ingurukoekin, beraz, oso zenbaki altua dela iruditzen zaigu». Arizmendik gaineratu nahi izan du, bestalde, egungo osasun egoerak baldintzatuta, moteldu egin direla hiesaren diagnostikoak, eta adierazi du, hain zuzen, horrek lehenbailehen medikatzeko aukera galtzea ekarri duela berarekin.