GAIAK

EHUren ikerketa baten arabera, bi proteinen inhibizioak gibeleko minbizitik babesten du

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) ikerketa batek frogatu duenez, gibelean bi proteina inhibitzeak babestu egiten du obesitateari lotutako gibel gantzatsu ez-alkoholikotik eta harekin lotutako minbizitik.

EHUko ‘Lipids&Liver’ ikerketa-taldea. (@upvehu)

EHUko ‘Lipids&Liver’ ikerketa-taldea buru duen nazioarteko ikerketa batean, zeina ‘Cancer Research’ aldizkari entzutetsuan argitaratu duten, frogatu dute gibelean E2F1 edo E2F2 proteinak inhibitzean babestu egiten dela obesitateari lotutako gibel gantzatsu ez-alkoholikoa garatzetik eta minbizi bihurtzetik.

EHUk ohar batean azaldu duenez, gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren gaixotasunak edo gibeleko esteatosi metabolikoak paziente gizenen %80ri eragiten die gutxi gorabehera, eta, azken hamarkadan, minbizia izateko arrisku-faktore garrantzitsu bihurtu da, baita kartzinoma hepatozelularra (mundu osoan gibeleko minbizi primario arruntena) izateko arrisku-faktore ere.

Ez dago berariazko tratamendu farmakologikorik gibel gantzatsu ez-alkoholikoarentzat, eta kartzinoma hepatozelularrerako aukera terapeutikoak oso mugatuak dira oraindik.

EHUko ikerketa-taldeak bi proteina berri identifikatu ditu, E2F1 eta E2F2 transkripzio-faktoreak, obesitatearekin lotutako gibel gantzatsu ez-alkoholikoa garatzeko eta kartzinoma hepatelular bihurtzeraino aurrera egiteko giltzarri gisa.

Zentzu horretan, ikerketak erakutsi duenez, gibel gantzatsu ez-alkoholikoa duten paziente obesitatedunen edo kartzinoma hepatozelularra duten pazienteen gibelean handiagoak dira E2F1 eta E2F2 faktoreen mailak gibel osasuntsuetan baino, eta kontrol metabolikoa eragiten dute.

Ikerketan animalia-ereduak erabiliz eta zelula-ereduen laguntzarekin frogatu dute «E2F1 edo E2F2 ez izateak erresistentzia handia ematen diola, ia erabatekoa, gantz askoko elikadurarekin lotutako gibel gantzatsu ez-alkoholikoa garatzeari eta kartzinoma hepatozelular bihurtzeraino gaitzak aurrera egiteari», dio Patricia Aspichueta doktoreak eta ikerketaren buruak.

«Aurkikuntza horrek garrantzi handia du; izan ere, gibel gantzatsu ez-alkoholikoak eta kartzinoma hepatozelularrak ez dute tratamendu espezifiko eraginkorrik», erantsi du.

Gainera, gibel gantzatsu ez-alkoholikoak, zeina kartzinoma hepatozelularra garatzeko arrisku-faktore baiten, «gero eta prebalentzia handiagoa du, paziente obesoen %70-80k baitute gaitza», esan du doktoreak.