28 AGO. 2021 - 00:00h Lekeitioko marierrota, itsasoko urarekin mugitutako harriak Euskal Herrian oso ezagunak dira ibai errotak, baina itsasoko urak ere mugitu izan ditu historian zehar errota bat baino gehiago. Gaur desagertuta daude ia gehienak, eta euskal kostaldean Urdaibai eta Lea itsasadarretan bakarrik aurki ditzakegu. Marierrota dugu adibidea. Euskal Herrian oso ezagunak dira ibai errotak. NAIZ Lea ibaia itsasoratu baino metro batzuk lehenago sortzen den paduran kokatua dago Marierrota, Lekeitiotik gertu baina Mendexako aldean. Dokumentu historikoek diotenez, 1555. urtean eraiki zuten, ibai errotak geldiarazita zituen lehorte larri batean, eta XX. mendera arte egon zen zutik, 1980. urtean eraitsia izan baitzen. Ura biltzeko horma bakarrik geratu zen zutik, eta mende honen hasieran, Lea-Artibai Mankomunitateak eta Lekeitioko zein Mendexako udalek eraikuntza berreskuratzea erabaki zuten, eskualdeko turismo eskaintza zabaltzeko asmoz. Gaur egun, gainera, Ingurumen Interpretazio Zentroa dago bertan. Baina zein da marea errota baten bereizgarri nagusia? Izatez, beste erroten antzekoa da, baina, erreken ura erabili beharrean, itsasoko ura erabiltzen du, itsasaldiak aprobetxatuz. Horretarako, ur biltegi handi bat zeukaten, itsasgorarekin betetzen zena. Itsasbehera zenean, berriz, errotariak uhatea irekitzen zuen, eta pilatutako ura indartsu irteten zen gurpilen gainean, horien mugimendua ehotzeko harrietara transmititzen zelarik. Marea errotek eragozpen handi bat zuten: ibaiaren goraldi handiekin edo itsasoko denboraleekin, depositua lokatzez eta hondarrez betetzen zen, eta, hori dela eta, ahalegin handiak egin behar ziren –eta ez gastu gutxi– garbitu eta berriro martxan jartzeko. Esan bezala, Marierrota orain hamar urte berriztatu zen erabat, eta alea ehotzeko makineria guztia jarri. Funtzionamendu osoa ikusteko, gainera, beirazko zorua jarri dote. Horrez gain, maketak eta ikus-entzunezko didaktiko bat ere baditu, errotaren historia hobeto ezagutzeko. Eraikinean bertan dago Ingurumen Interpretazio Zentroa, Lea ibarreko padurak eskaintzen duen biodibertsitateaz gehiago jakiteko: martin arrantzalea, lertxuna, bisoia… eta hainbat landare mota desberdin. Marierrota zabalik egon da bisitarientzat uztaileko eta abuztuko asteburuetan, eta bihar eta etzi izango da ikusteko azken aukera, 10etatik 14etara. Horretarako, interesa duenak Lekeitioko turismo bulegora deitu beharko du (94 684 40 17) erreserba egiteko. Ontziola tradizionalak Errotarekin batera, Lea ibaiaren azken metroetan bost ontziola tradizional ere izan ziren, non ibaiertzeko arotzek arrantza ontziak eta beste hainbat ontzi txiki eraiki eta konpontzen zituzten. Gaur egun, bakarra geratzen da zutik, errotaren inguruan, eta 1990eko hamarkadaz geroztik hondamenditik salbatzeko esku hartze baten zain dago. Ontziola zein errota Lea ibaiak itsasoratu baino lehen sortzen duen paduran daude kokatuak, leku pribilegiatu batean. Izan ere, Lea ibaia Bizkaiko garbienetakoa da. 24 kilometroko ibilbidean, biztanleria dentsitate txikiko eta edertasun natural handiko lekuetatik igarotzen da. Lekeitio eta Mendexa artean itsasoratu aurretik, honako herri hauetatik igarotzen da: Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Ispaster. Azpimarratzekoa da ia herri guztietan daudela ibaiak mugitutako errotak eta burdinolak. Ikusgarrienak, Bengolea, Angiz, Lariz eta Erezako multzoak dira. Bere lehen zatian, Lea ibaiak Oiz izena hartzen du, eta ez du bere behin betiko izena jasoko Aulestiren parean Nabarriz ibaiaren urak jaso arte. Lea ibaiaren ibilbidea ez da batere uniformea. Lehen kilometroetan, Oiz menditik igarotzean, oso aldapatsua da eta haranaren barreneraino iristen da; beraz, oso tarte laburrean 800 metroko desnibela jaisten du. Hortik aurrera, ibaiaren zati handi bat haran zabal batetik hedatzen da, baina berriz ere ibilgua estutzen da. Kilometro batzuen ondoren, Lekeitioko bokalera hurbildu ahala, berriro zabaldu egiten da. Hondartzako txiringitoak Hondartza askotan daude txiringitoak, beroak gogor jotzen duenean itzal bila joan eta freskagarri bat hartzeko. Baina zenbait tokitan, funtzio hori betetzeaz gain, lehen mailako eskaintza gastronomikoa ere daukaten txiringitoak aurkitu ditzakegu. Lekeition, esaterako, bi hondartza daude eta bietan daude txiringitoak: Malekoia Isuntzan (Lekeitioko aldean) eta Laperri Karraspion (Mendexako aldean). Eta bietan aurkitu dezakegu itsasoko produktuen eskaintza gastronomiko zabala, bertan bazkari edo afari eder bat egiteko. Laperri (lapa herria baita Mendexa) txiringitoko arduradunak Joserra eta Gorka dira, eta sei urte daramatzate euren negozioarekin. Bertan, mota guztietako kazolak eta errazioak eskaintzen dituzte: entsaladak, frijituak, bokatak, pizzak... Baina berezitasuna olagarroa da, «hemen bertan harrapatutakoa». Aurtengo uda arraro hau nola doan galdetzerakoan, beste urtetan bezala ari direla lanean dio Joserrak. «Hori bai, bertako jendea dabil gehienbat, ze oso turista gutxi ikusten da aurten hemen. Alemaniarrak oso gutxi eta frantsesak bat edo beste». Datozen egunetan Lekeitioko sanantolinak ospatzekoak ziren, baina ez dakite zenbat jende ibiliko den egun horietan. Izan ere, txiringitoen arrakasta eguraldiak markatzen du beste ezerk baino gehiago. Hori bai, gauza bat daukate argi: gaueko afariak ezin izango dituzte asko luzatu, hamabietarako itxi egin behar dute eta.