22 SET. 2021 - 16:35h Ahots kordak Bi aste daramatzagu Garaten sartuta honezkero, eta higadura nabaria den arren, aurrera egiteko motibazioa soberan daukagu. Lide Hernandoren txanda iristean, diskoa ia bukatutzat eman dute Liher taldekoek. (LIHER) LIHER taldea Higadura diogu, eta ia-ia fisikoa da, gainera: lehenbiziko grabaketa-astearen amaieran Italiara joan ginen Suns Europe jaialdian pare bat kontzertu jotzera, gero bueltan berriz ere grabaketari ekiteko, eta Lidek sekulako katarroa harrapatu du horren ondorioz. Gitarrak grabatu bitartean ahotsekin hasteko asmoa zuen Kakik, baina abeslariaren egoera ikusita, ezinezkoa izan da orain arte. Orain bai, ordea; orain ez dago aitzakiarik. Azken astea gelditzen zaigu; eta jada forma hartzen doan margolan honetan margo beltza hartu eta bertako objektuak definitzen hasteko unea da. Ahotsa eta letra jartzekoa, alegia; tematu gara pinturaren metaforarekin! Hainbatek galdetu diguzue ea disko honek aurrekoaren kutsu kontzeptuala mantenduko duen. Badu horretatik zerbait; baina ez da horren agerikoa. Istorio baten ordez, bidaia emozional bat kontatuko du. Norabide bakarrekoa ez den bidaia bat; aurrerakoa, barrurakoa, kanporakoa edota zirkularra izan daitekeena. Letren esanahiaz gehiago jakiteko, dena den, diskoa ateratzera itxaron beharko duzue. Orain arteko diskoetatik musika beltzaren erreferentzia gutxien dituen lana da hau, eta hori Lidek nabari du. Ez da bere konfort-zona, baina gustu handiz hartu ohi ditu erronkak, eta hauxe da beste bat; bere jarduna eremu berrietara eramango duena. Hemen herensugeak daude diskoa lau musikarion artean grabatu ostean, disko honetan kolaborazio baten batekin kontatzeko gogoa sartu zitzaigun. Ez bat, ez bi… azkenean lau izan dira Andoaingo baserritik igaro direnak. Lauak zein baina zein talentudun, paregabe eta jatorragoak. Sekulako ohorea izan da guretzat haien baiezkoa jaso eta eurekin ordutxo batzuk igarotzea. Sare sozialetan jarraitzen gaituztenok badakite nortzuk diren… utz iezaguzue hemen intriga apur bat mantentzen! Amaitu ditugu ahotsak, kolaborazioak eta koruak. Badirudi diskoa amaituta dagoela… baina ez!! Azken atala gelditzen da, eta garrantzitsuena. Egon hor eta jakingo duzue!