01 OCT. 2021 - 09:02h Hargibele, Zuberoa eta Bearno arteko hagina Hargibele erpinean bukatzen da Euskal Herria. Puntatik ekialdera Baretos bailara dago, Bearnoko lurrak. Mendebaldera, Montori, Maidalena, Arbaila, eta,haien magalean, Maule eta Donapaleuko belaze etzanak. Hegora, noski, Pirinio handiak: Sudou, Izarbe, San Martingo Harriko harkaitzak, Orhi... Euskal Herria Hargibele erpinean bukatzen da. Andoni Urbistondo Urtarrileko «frantzipar» hotzak eragindako lantzurdak besarkatu ditu goi mendiak, eta kolore zuriz mozorrotu. Lafatigue lepotik igoera laburra du Hargibele haitzak, ordubete eskas. Ez da bide erosoa, mendi samurra. Ezpela eta sasia dira nagusi arroka heze artean, eta besoak erabili behar dira sarri gora egiteko. Begiak ere beti adi, bide zuzena ez galtzeko. Puntan, baina, pasatako komeria guztiak ahazten dira aitaren batean. Hauxe memorian iltzatuta geratzen den gailurra da, zaila da Euskal Herrian harekin alderatu daitekeen halako beste erpin zorrotzik topatzea. Maidalena izango da, ziur aski, Zuberoan mendizale gehien igotzen den mendia. Maule eta Atharratze gune populatuenetatik esku-eskura dagoelako, eta historia handiko mendia delako. Han goian dagoen ermitatik Orhi mendiak ematen du arreta, erraldoi, baina baita garaiera bera daukan erpin berezi-berezi batek ere. Eta erpin hori Hargibele da. Hagin itxurako triangelu perfektua. Maidalena bezala, 795 metroko mendia. Apala, garaieraz, alboan dituen menditzarrak aintzat hartuz. Ezaugarri fisikoez gain, Hargibelek badu beste pizgarri interesgarri bat. Euskal Herriko ekialdeko mugaldean dago. Handik ekialdera Bearnoko lurrak dira, Baretos edo Baretetze bailara, (Baretous frantsesez). Eretatik datorren bidea Barlanes auzoan barrena sartzen da Euskal Herrian, eta Izarbe mendikate handiko ipar aurpegian gora, Suscousse eta Soudet mendateetara daraman errepide gaiztoa bezain bihurgunetsua marrazten du pagadien artean. Soudet lepotik gertu San Martingo Harria eta Euskal Herriko Pirinioetako gailur garaienak daude. Euskal Herritik atera gabe irits daiteke Lafatigue lepora, Montoritik Hauzera daraman errepide estuan ekialdera egiten duen bidegurutzea hartuta. Hargibele eskalada eskola ezaguna da. Lafatigue lepoan komun bat eta guzti atondu dute, eta dozena erdi auto uzteko lekua ere bai. Eskalada praktikatzeko sei gune ditu hego aurpegian, 250 bide baino gehiago, 20 eta 40 metroko luzera laburrekoak, eta batzuk 8b+ zailtasunekoak. Hormatzar tenteak, beraz. Hargibele zorrotza da bere isuri guztietatik, ez dauka igoera errazik, eta gailurrera heltzeko ahalegin fisiko serioa egin behar da. Azken ordu erdian, behin ezpel eta pagadi itxian sartuta, besoak erabili behar dira, dela zuhaitz edo adarrei ondo heltzeko, dela harri tarteetan makulu sendoren bat bilatzeko. Tarteka, kabitu ezinik, motxila kendu behar da, eta hanka non jarri adi-adi ibili beharra dago. Bi ataka eta seinale gorriak Lafatigue lepotik iparrera egin behar da (540 metro), ur aska baten paretik, langa bat gaindituz. Gailurra gure ipar-ekialdera ikusiko dugu lehen 10 minutuetan. Belazean sigi-saga pare bat egin eta gero, lehen seinale bat ikusten da, gezi hori batekin. Hor, sigi-sagak egiten jarraitu ordez, mendi magal erditik jarraitu behar da, ekialderantz. Gure azpian geratuko da etxalde bat, 200 bat metrora, eta distantzia berera, Hargibeleko horma tentea. Berehala, eta hala moduz, ataka bi zeharkatuko dugu. Lehenengoa pasata, basoan sartuko gara. Bigarrena zeharkatu ostean halako pintura gorri-laranjak ikusiko ditugu, bai harrietan, baita zuhaitzetan ere. Horiek jarraitu behar dira, oso-oso garbia ez den bidezidor batean barrena. Bidezidorrak irtengunea bilatzen du horma eta belazearen artean, pasabide erraz bat. Mendizalea berehala jabetuko da belar eta hosto zorua atzean utzi eta harri eta ezpel-pago anabasan sartu dela. Bertan progresioa nekosoa da. Geldialdi asko egin behar direlako bide zuzena ez galtzeko. Pintura gorriak bukatuta, zuhaitzetatik zintzilikatuta dauden zintak jarraitu behar dira. Kuriosoa da, baina zintak ez dira Ipar Euskal Herrikoak, “Udaltzaingoa” leloa baitaramate. Zinta bat edo beste izan, eskerrak mendizaleren batek bidea seinaleztatzeko ardura eta pazientzia hartu duen. Zintak, dena den, motzak dira, eta tarteka urriak. Adi-adi egin behar da bidea gorantz, erreferentziarik ez galtzeko. Arnasa hartu, edo zinta arrastoren bat ikusteko hartzen den tarteren batean zorteko izango zara, agian, eta Baretosko bailara berde dotorea azalduko da magalean: Barlanes herrixka, Sudou eta Iridoi mendiek zainduta, eta Izarbe handia Nafarroa Garaira bidea ixten. Eta halako batean, ezpel zuhaitz eta adarrak baztertzen nekatzen hasia zarenean, hanka zuztarrak kargatzen hasten direnean, begetazioa desagertu eta Hargibele gailurrera iristen zara. Mendi tentea, gailur deserosoa, noski. Lasai eserita egoteko tokiak urri, baina sabeleko orroak apaldu eta goitik dauden bista zoragarriekin gozatzeko aitzakiarik ez. Ipar-ekialdera Ereta eta Oloroe daude, Pirinioetako ateak. Iparrera Erretzü eta Maidalena, Mauleren gainean. Mendebaldera Montori eta Beguze tontorra, lehen planoan, eta urrunago, Arbaila. Eta hegora Harsüdürra (Eskaleak) eta Orhi, Izarbe eta San Martingo Harriko tontor zuri-zuriak. Eta horien magalean han segitzen dute Barlanes herrixkako etxe eta etxaldeek. Baita Lafatigue mendi lepoak ere. Autoa 250 metro beherago dago, baina desnibelak askoz handiagoa dirudi gailurretik. Oso aereoa da, eta kontuz ibiltzea komeni, sustoak saihesteko. Sustoak susto, presente edukiko duzu luzerako Hargibele. Eskuak osin arrastoz beteta itzuliko zara zibilizaziora, eta esku larruak zergatik ez dituzun jantzi, galdetu, zeure buruari. Biharamunean, besoak kargakarga eginda dituzunean, Hargibeleko pago eta ezpel zuhaitzetan zertan ibili ote zinen hausnartuko duzu. Oinazeak oinaze, tontor eta txoko berezi eta bakarra ezagutu izana geratuko da zure oroitzapenean.