20 OCT. 2021 - 16:40h Umeentzako disko berria kaleratu dute Jabier Muruguzak eta Iñigo Astizek elkarlanean, ‘Dodoa’ 10 kantuz osatutako disko berri honen berritasun nagusia Iñigo Astizen partaidetza izan da. Muguruzak konposatu du musika eta Astiz arduratu da letrak idazteaz. ‘Dodoa’ diskoaren aurkezpen ekitaldiko talde argazkia. (Gorka RUBIO/FOKU) Iraide Ibarrondo Asteazken honetan Donostian aurkeztu du Jabier Muguruzak joan den ostiralean argitaratutako ‘Dodoa’ diskoa. 10 kantuz osatutako lana Muguruzak umeei zuzenduta egindako bosgarren kantu-bilduma da. Musikaren ardura Muguruzak izan duen bitartean, Iñigo Astiz kazetariak izan du oraingoan letrak idazteko erantzukizuna. Muguruza «oso pozik» eta «kontent» agertu da lanaren azken emaitzarekin. Astizi, aldiz, «pasada bat» iruditzen zaio ‘Dodoa’, aurreko diskoaren –‘Oker txakurra da’ lanaren– jarraipena dena. Instrumentazio aldetik proiektu berri honetan «aldaketak» daudela nabarmendu du Muguruzak. Esaterako, akordeoiaren erabilera, Rhodes pianoaren ordez organoaren aldeko apustua egitea eta perkusioan, beste estilo bat landuz, bateriari protagonismoa ematea. Aldaketa hauekin beste «paisaia sonoro bat» lortu dutela aipatu du Muguruzak. Paisaia sonoro berri horri erreferentzia eginez, Astizek azaldu du batzuetan umeentzat egindako diskoek estigma puntu bat dutela eta nahiz eta letrak etxeko txikienentzat pentsatuta egon, ‘Dodoa’ musikalki oso diska oparoa dela: «Musika ez da bigarren mailako elementua, musikalki oso disko aberatsa da. Umeentzako musika dela esaten denean badirudi ez dela hain musika, baina, 10. segundurako jada edozein belarri asetzeko elementuak agertzen dira». Musikariei dagokienez aurreko diskoko lantalde ia bera mantendu du Muguruzak: Nieves Arilla, ahotsa; Mikel Azpiroz, teklatua; Jean Marie Ekai, gitarra; eta Karlos Aranzegi, perkusioa. Musika taldeko kide berri bakarra Aranzegi izan da. Muguruzak Arillaren lana nabarmendu du. Izan ere, Arilla zaragozarra da eta, oraingoz, «euskara maite» baina mintzatzeko gai ez den arren, hainbat disko bere osotasunean euskaraz grabatzeko gai izan da: «Xelebrea da ze ondo ahoskatu eta abesten duen». Horri gehituz, Arillak umeei zuzenduta abesteko duen goxotasuna «primerakoa» dela esanez goratu du abeslaria Muguruzak. Lan prozesuari dagokionez, iragan den ekainean izan da grabaketa. Lehenik eta behin Astizek letrak idatzi zituen, jarraian Muguruzari bidali eta, gero, letra horien «muina bilatu» eta gero musikalki «egokia zen giro bat bilatzen» saiatu zela azaldu Muguruzak. «Nire ustez, Iñigok umearen unibertsoarekin bat egiten asmatu du. Zeren eta iruditzen zait hori zaila dela eta askotan ez dugula jakin nahi izaten haurraren barne errealitatea zein den», ondorioztatu du Muguruzak. Jolasa ardatz Letren izaera dela eta, hauek «jostariak» direla nabarmendu du Astizek: «Animalia asko daude. Uste dut nire barne faunan dauden piztiak azaldu direla letretara eta entzule bakoitzak ere piztia horietako bat topatuko duela bere barne faunan ere». Adibide moduan, babua ez den babuinoa, itxaroteaz nazkatu eta trenera igotzen den behia edo dudak dituen dodoa aipatu ditu kazetariak. Piztien presentziaz gain, onomatopeiak ere ez dira falta. Hala, onomatopeiak «dibertigarriak direla» eta letrek muinean «jolasa» dutela iruditzen zaio Astizi:«Letren espiritu nagusia jolasa da eta ez dira [letra] hotzanak. Dira pizti batzuk direnak torpeak, zalantzatiak...umore beltz puntu bat ere badute letra askok». Izan ere, letrek badituzte irakasgaiak txertatuta, «xehe-xehe» emanda ez dauden arren. «Umeak oso irakurle zorrotzak dira; beraien berezitasunekin. Ez dira bitrina batean sartu behar, ez dut sentitzen dena matxakatuta emateko beharra», horrela iradokipenen aldeko hautua egin du letretan Astizek. Duda du dodoak Bira edo kontzertu emanaldiak opatzea aurreikusten ote duten galdetuta, Muguruzak azaldu du printzipioz ‘Dodoa’ argitaratzea izan dela asmo bakarra. Hala ere, etorkizuna ez dauka oso argi: «Oraintxe bertan ez nago oso seguru. Duda egiten dut, adibidez, ‘Harriaren hiztegia’-n emanaldi batzuk eman genituen. Ez dakit nola planteatu edo nola egin genezaken». Hori horrela, Muguruzak diskoko dodoaren zalantzekin egiten du bat, «dodoak duda du, duda du dodoak».