GAIAK

Euskal partzuergo batek hidrogeno berdea kostu baxuan sortzeko teknologia garatuko du

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «hidrogeno berdea ekoizteko teknologiak eta soluzioak garatzea eta hobetzea» du helburu proiektuak, halako hidrogenoa «era lehiakorragoan» lortzeko, energia berriztagarriak erabiltzen laguntzeko, eta eskala handian fabrikatzea lortzeko kostuak murrizteko.

Tecnaliaren laborategian hartutako irudia. (VK)

Tubacex Innovación, Cidetec, CIC Energigune, Euskal Herriko Unibertsitatea, Tekniker, Petronor Innovación eta Energia Klusterrak osatutako partzuergoa, Tecnalia buru duela, EAEn hidrogeno berdea sortzeko teknologiak garatzen ari da.

«Hidrogenoak ekonomia deskarbonizatzen laguntzeko ahalmen handia duenez, funtsezkoa izango da trantsizio energetikoan; bereziki, elektrifikatzeko zailak diren sektoreetan eta prozesuetan», adierazi dute ohar baten bidez. Adierazi dutenez, aurreikuspenen arabera, «lehengai gisa erabiliko da hainbat alorretan: industria kimikoa, sektore industrialen deskarbonizazioa, mugikortasuna, bizitegi-sektorea, hirugarren sektorea, energiaren garraio masiboa eta energiaren epe luzeko metaketa».

Asteazken honetan aurkeztu duten proiektuak «irismen globala» dauka, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «hidrogeno berdea ekoizteko teknologiak eta soluzioak garatzea eta hobetzea» du helburu, halako hidrogenoa «era lehiakorragoan» lortzeko, energia berriztagarriak erabiltzen laguntzeko, eta eskala handian fabrikatzea lortzeko kostuak murrizteko. Nabarmendu dutenez, modu honetan, EAEko «enpresen ekoizpen-ahalmena eta lehiakortasun industriala hobetuko da».

Hiru prototipo

Proiektu honetan, hidrogeno-mota hori sortzeko hiru prototipo garatuko dira, teknologia hauetan oinarrituak: anioi-trukeko mintz-elektrolizatzaileak, protoi-trukeko mintz elektrolizatzaileak eta ziklo termokimikoak.

«Elektrolizatzaile batekin, prozesu kimiko baten bidez (elektrolisia) ekoitz daiteke hidrogenoa, non ura, elektrizitatea erabiliz, osagai dituen hidrogeno- eta oxigeno-molekuletan bereizten baita. Prozesu horretan erabilitako elektrizitatea iturri berriztagarrietatik datorrenean lortzen da hidrogeno berdea», azaldu dute.

Hidrogenoa ekoizteko prozesuaren kostuak murrizteko, material kritiko gutxiago erabiltzeko eta errendimendua gaur egunekoa baino hobea izatea lortzeko, osagai berriak garatzea du proiektuak helburu, hala nola mintzak eta katalizatzaileak.

Hidrogeno berdea sortzeko teknologiak prozesu industrialetan nola integratu ere ikertuko da proiektuan, baita teknologia horiek ezartzeko erabilera industrial egokienak zein diren definituko ere.